Bigarren urtez jarraian, 3R Gaztea programa abian jarri da, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak finantzatuta. Programaren helburua da gazteei lan merkatuan sartzeko orientazio, aktibazio eta bitartekaritza ekintzak eskaintzea. Horretarako, Bizkaiko Lurralde Historikoan kokatuta dauden unibertsitateak eta Lanbide Heziketako ikastetxeetako elkarteak arduratuko dira prestakuntza, bitartekaritza eta laneratzeko ekimenak emateaz eta eratzeaz.
Deusto Alumnik abian jarritako doako programa Deustuko Unibertsitateko graduko eta graduondoko 62 tituludunentzat da. Baldintza hauek bete beharko dituzte: 30 urtetik behera izan, Lanbiden izena emanda egon, Bizkaian erroldatuta eta Alumnin alta emanda egon.
Programa horretan, laneko orientazioa jorratuko da, batetik: banakako diagnostikoa egingo da, bakoitzaren profil akademiko eta profesionala prestatuko da, enplegurako ibilbideak diseinatuko dira eta bakoitzari curriculuma eta lanbideko profila definitzen lagunduko zaio.
Bestetik, lanerako aktibazioa egingo da, enplegua aktiboki bilatzeko taldeko tailerren bidez: curriculuma prestatuko da; lanbideko helburua, marka pertsonala, ospe digitala eta gizarte sareetako kokapena definituko da; lan kontratuei, eskubide eta betebeharrei buruzko oinarrizko nozioak emango dira, eta laneko elkarrizketari aurre egiteko komunikazio eraginkorreko tekniketako prestakuntza ere eskainiko da.
Azkenik, Deusto Alumnik lagundu egingo die parte hartzaileei laneratzeko ibilbidean, enpresekin topaketak (Deustuko Enplegu eta Ekintzailetza Foroa) eta hautaketa prozesuetan parte hartzeko aukerak eskainiz . Era berean, enpresek eta/edo erakundeek egin ditzaketen enplegu-eskaintzak eta langile-beharrak aztertzeko eta identifikatzeko jarduerak egingo ditu, programan parte hartzen duten pertsonen lanbide-profilekin bat datozen lanpostuak bilatuz eta gutxienez % 20 kontratatuak izateko konpromisoa hartuz.
2021-2022 ikasturteko edizioan parte hartu nahi dutenek 2021eko azaroaren 2tik abenduaren 12ra edo dagoen gehienezko plaza kopurua bete arte izango dute zabalik izena emateko epea. Argibide gehiago eta izena ematea: 3R Gaztea programa- Deustu.
Maite Astoreka Bastegieta, Deustuko Unibertsitateko Hizkuntza Modernoak eta Kudeaketako graduduna (prom.: 19), 2020-2021 ikasturtean antolatutako programaren lehenengo edizioan parte hartu zuenetako bat izan zen.
Zer dela eta hartu zenuen parte 3R Gaztea programan? Zein egoeratan zeunden 2019an gradua lortu ondoren?
Deustuko Unibertsitateko Hizkuntza Modernoak eta Kudeaketako Gradua amaitu ondoren, Marketin Digitaleko Master Duala egin nuen Mondragon Unibertsitatean (2019-2020). Baina lan merkatuak COVID-19aren pandemia zela eta bizi zuen egoera zailagatik, ikasten jarraitzea erabaki nuen, urrutiko modalitatean. Une horretan 3R programa ezagutu nuen Unibertsitateak LinkedInen egin zuen argitalpen bati esker. Izena ematea erabaki nuen, baldintzak betetzen nituelako eta lan merkatuan sartzeko lan-bitartekotza eskaintzen zuelako.
Zure ustez, hori izan da programan zehar izan duzun esperientziarik garrantzitsuena?
Lan-bitartekaritzaz gain, programak lan-aktibazioa eskaintzen du, zure CVa prestatzeko edo elkarrizketa bati aurre egiteko materialekin eta tailerrekin. Azken hori simulatzaile interaktibo baten bidez egiten da, adimen artifizialean oinarritutako egoeretan praktikatu ahal izateko. Horrekin esan nahi dut 3R programak kontratu bat izateko aukera ez ezik, etorkizuneko hautaketa prozesuetarako ere prestatzen zaituela.
Zer aldaketa nabaritu zenituen programa egin aurretik eta ondorengo egoerara, halakorik egon bazen?
Programaren barruan egin nuen tailerretako bat autoezagutzarena izan zen. Interesgarria izan zen nire alde ahulak identifikatzea, zuzendu ahal izateko, baita nire indarguneak ere, sendotu ahal izateko.
Zein neurritan erraztu du zure laneratzea 3R programan parte hartzeak?
3R programak norberaren lanbide-profilarekin lotutako hautaketa-prozesuetan sartzeko aukera eskaintzen du, eta, aukeratzen bazaituzte, gutxienez 6 hilabeteko kontratua duzu.
Nire kasuan, Kuvutik 6 hilabeteko hasierako kontratua egin zidaten, eta duela gutxi egin didate lehen luzapena.
Azaleko eta goiburuko argazkia: Photo by Windows on Unsplash