Skip to main content

Iker Vélez de Mendizábal

MBA ikasita ulertu nuen enpresa baten arlo guztiak direla konplexuak, arloetako edozeinetan sakontzen badugu. Ikuspegi orokorra izateak, ostera, batzuk eta besteak zelan kateatzen diren ulertzeko modua ematen dizu eta bakoitza zergatik den garrantzitsua enpresak arrakasta izateko.

Informatikako Ingeniaritza 2002an amaitu zenuen. Zortzi urte geroago, Deustuko Unibertsitatera itzultzea erabaki zenuen, Executive MBA (EMBA) egiteko. Zure ustez, zortzi urteko esperientziaren ondoren, zelan osatu du masterrak zure aurretiko prestakuntza eta esperientzia?

Gauza bakarra esan beharko banu, masterrak beldurrak kentzeko balio izan zidala eta burua zabaltzeko balio izan zidala esango nuke. Laneko lehenengo etapan, arlo batzuetan inolako harremanik izan gabe nengoen; esaterako, finantza, marketin edo estrategiarekin. MBA ikasita ulertu nuen enpresa baten arlo guztiak direla konplexuak, arloetako edozeinetan sakontzen badugu. Ikuspegi orokorra izateak, ostera, batzuk eta besteak zelan kateatzen diren ulertzeko modua ematen dizu eta bakoitza zergatik den garrantzitsua enpresak arrakasta izateko. Enpresa baten funtzionamendu osoaren ikuspegia izateak asko hobetzen ditu eguneroko alderdi asko; adibidez, erabakiak hartzea, zereginak lehenestea edo pertsonen kudeaketa, batzuk aipatzearren.

Zure ibilbidean, hamabost urte eskaini dizkiozu Aholkularitza enpresen munduan lan egiteari, prozesuen optimizazioan eta digitalizazioan, eta plataformen garapenean Big Data erabiliz. Duela hiru, adimen artifizialean oinarritutako soluzioen produkziora eman zenuen jauzia. Kontatuko zeniguke non zauden erosoago eta zeintzuk diren desberdintasunik eta antzekotasunik handienak bi mundu horien artean?

Erraz-erraz esateko, bi lanetan (eta lanik gehienetan), eskura dituzun bitartekoak eta aurrekontua aztertu behar dituzu, zenbat denbora duzun ikusi eta proiektua zehaztasunez exekutatu. Desberdintasuna esperientziak ematen digu, adimentsuago egiten gaitu eta lehenesteko gaitasuna, taldea motibatzekoa, arazoei aurrea hartzekoa ematen dizkigu. Bestela esanda, oso antzerakoak dira bi lanak, baina nik aholkularitzako etaparen eta egun Sherpa.ai-ko etaparen artean ikusten dudan aldea askatasuna da. Sherpa.ai-n askatasun handiagoz definitu dezakegu lana, norekin lan egin nahi dugun erabaki, berritu eta produktuaren roadmap batean lan egin. Hartara, adimen artifizialaren esparruan esperimentatu eta gauza berriak ikus ditzakegu. Edozein negoziotan bezala, beti daude agintzen duten bezeroak, baina badugu aukera gure bidea definitzeko eta horri balio handia ematen diot; izan ere, enpresa guztiek ez dute horretarako betarik izaten.

2017tik, COO-a zara Sherpa.ai-n. Azken urtean gure bizitzen telematizazioan eman den iraultza sendotu egingo dela uste duzu, bai etxeetan eta bai enpresetan?

Inork ez du eztabaidatzen mundua eraldatzeko palankarik garrantzizkoena teknologia denik eta, seguru asko, gehien eraldatzen ari den esparrua komunikatzeko modua da, bai lanean eta bai etxekoekin eta lagunekin.

Komunikatzeko erak bilakatzen jarraitu du Jende gazteari erokeria irudituko zaio, baina gogoan dut duela hogei urtetik gora telefono kabina batera ateratzen ginela dei egitera. Gaur egun, bideo-deia egin dezakegu hainbat pertsonarekin, munduko edozein tokitan eta doan!. Urte batzuk barru ikusiko dugu teknologiak erraztasun handiagoak emango dizkigula edozein tokitatik komunikatzeko, hainbat gailutatik, hologramen bidez, agian uhin zerebralen bidez… Mugak pribatutasun politikek eta guk geuk jarriko ditugu.

Zer gomendatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumniei master bat egiteari dagokionez, zuk egin zenuen bezala EMBA bat egiteari dagokionez, lan merkatuan urte batzuk eman ondoren?

Pertsonei adinaren arabera emango nizkieke gomendioak: 12-15 urte bitartekoei, teknologia, programazio eta hizkuntzetan interesa izateko; 15etik hasi eta unibertsitateko ikasketak amaitu bitartean daudenei, atzerrian ikasturte bat behintzat egiteko; eta lanean urte batzuk daramatzatenei eta egunero egiten dutenarekin konforme ez daudenei, prestatzeko, eta prestatzeko era bikain bat EMBA bat egitea da. Niri aukera eman zidan, alde batetik, ikasketak eta lana bateratzeko (ezin izan nion lan egiteari utzi); eta, bestetik, enpresen kudeaketako beste arlo batzuetako ezagutzaz aberasteko eta jende zoragarria ezagutzeko.

Gainera, urte batzuetan lan egin eta gero prestatzea oso aberasgarria da, irakasten dizkizuten gauza asko argiago ikusten dituzulako egunerokoan eta zure enpresaren testuinguruan zentzua dutelako eta praktikoagoa delako, batez ere unibertsitateko garaiaz konparatuta (garai hartan dena zen abstraktuagoa).

Laguntzagatik eskerrak eman, eta lortu dituzun bi titulazioak non atera dituzun kontuan izanda, kontatuko zeniguke zer oroitzapen dituzun Deustuko Unibertsitatean emandako urteez?

Ingeniaritza Fakultateko urteak txeraz gogoratzen ditut. Egia esan, ez nintzen klasera asko joatekoa eta azterketak gain-gainean zeudenean ikasten zuen horietakoa nintzen. Bigarren etapan, EMBA ikastean, klasean gozatzen ikasi nuen, lehen esan dudan bezala, errazago ulertzen dugu gauza bakoitza zer den eta zentzua zein den. Formatua ere oso erosoa da, kasuetan oso oinarrituta dagoena eta, bereziki, parte hartzera eta eztabaidatzera dago bideratuta. Ikaskide guztien oroitzapen bikaina dut eta klasean gozatu nuela gogoratzen dut. EMBAn zehar konturatu nintzen prestakuntza ez dela inposizioa, gozatzeko dela.