Bi arima kide, etorkizunari begira
Aritza Loroño Martinez (Micolet) eta José María (Txema) del Moral Alvarez (Colectivia) industria ingeniari teknikoak-industria elektronika (05eko promozioa) eta industria antolaketako ingeniariak (07ko promozioa) dira, Deusto Alumniko kideak eta aipatutako bi enpresa horien sortzaileak. SER irrati kateko Azul Tejerinaren laguntzaz, 100 Alumni baino gehiagoren aurrean azaldu dute nola ezagutu zuten elkar eta nolakoa izan den beren ekintzailetza abentura.
Tokia: Deustuko Unibertsitatearen Bilboko campusa (Paraninfoko klaustroa)
Eguna: 2019ko otsailaren 7a, osteguna
Ordua: 19:00etatik 21:00etara
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Deustuko Unibertsitateko Alumni hauek: Ezozi Aizpitarte eta Olatz Campos, Bizkaiko Foru Aldundiko Gaztesaregileak; Jesus Riaño, Deusto Alumniren zuzendaria; Asier Perallos, Ingeniaritza Fakultateko dekanoa; Cristina Diago, Deustuko Unibertsitateko Pertsonen Kudeaketako zuzendaria; eta José Luis del Val Román, FORUM Deustoren zuzendaria.
Ekitaldia Javier Cuñadok aurkeztu du, Deusto Alumnikoak, eta hitza eman dio Ingeniaritza Fakultateko dekanoari. Sarreraren ondoren, Azul Tejerinaren gidaritza bikainarekin, hizlariek lasai hitz egin dute Deustuko Unibertsitatean igaro zituzten urteen, ekintzailetzako gaitasunen garapenaren eta bi enpresa horien sorreraren inguruan. Anekdotak kontatu dizkigute, arrisku egoerak, porrotak eta arrakastak… Eta bi proiektuen gaur egungo egoera eta etorkizuneko ikuspegia aurkeztu digute.
Elkarrizketaren hasieran, Azulek hauxe esan zuen: “Ez dut ulertzen nola oraindik ez den libururik idatzi bi arima kide hauei buruz”. Aritzak eta Txemak nerabezaroaz geroztik ezagutzen dute elkar, Unibertsitatean elkarrekin ikasi zuten, Mexikon izan ziren, eta beren lan ibilbideak batu zituzten, Colectivia eta Micolet sortzerakoan.
Enpresa horien hazkundea ordenagailu kopuruaren eta ordenagailu horiek erabiltzen dituzten pertsonen kopuruaren arabera neurtzen dute: “64 ordenagailu oraingoz, baina asmoa dugu aurten 100 ordenagailutara iristeko”. Aurreikusitako sarrerei dagokienez, “aurten, 8 edo 9 milioi euro; datorren urteko helburua da 10 milioiko salmentak lortzea”.
Hasierako urratsak nekagarriak eta zailak izan ziren. Hauxe kontatu digute:
“Lagun batek lokal txiki bat utzi zigun eta bertan elkarrizketatzen genituen gurekin lan egin nahi zuten pertsonak… Baina lokala korridore luze baten amaieran zegoen, eskailera batzuk igo ondoren. Sarrerako zatia pub antzeko bat zen, barra amerikarra ere bazuen. Eta jende guztiak pasatu behar zuen pubetik, gure bulegoa izan zitekeen hartara iristeko… Batzuetan elkarrizketak kalearen beste aldeko kafetegian egiten genituen..”
Mehatxu batzuk gero aukera bikainak bihurtu ziren: “Emakumeentzako bigarren eskuko arropa saltzen dugu, baina egoera onean dagoena. Etiketak baldin badituzte, are hobeto… Dena oso ongi zihoan, baina egun batean Inditexen burofax bat iritsi zitzaigun…, baita beste marka handiren batena ere. Gure publizitatean beren izenak azaltzea galarazten ziguten… Ezin genituen aipatu ezta hashtagetan ere… Gero beste burofax batzuk iritsi zitzaizkigun. Azkenean, denen artean ikuskaritza zorrotza egin ziguten… Izugarri ikasi genuen!
Gainera, beste alde batetik, “iraunkortasuna onuragarria gertatzen zaigu. Kotoizko blusa berri bat egiteko 2000 ur litro erabiltzen dira..”
“Arriskua gustuko dugu, baina erantzukizunez jokatzen dugu. Biren ondoren hirugarrena ere egongo ote den galdetuta, haztea nahiago dugula esan behar dugu. Gure ereduak egonkorrak dira, arrisku handirik gabekoak”.
Amaitu aurretik, entzuleei eman zaie hitza. Ezozi Aizpitartek, Gaztesaregileak, azpimarratzen du gazte askok hemen gelditu nahi dutela bizitzen baina beldur handia diotela ekiteari. Zer esango zeniekete, mundu horretan sar daitezen?
Txemak erantzuten du “gaztea zarenean, ezer gutxi duzula galtzeko. Jende asko, beharbada, beldur izango da karrera bat egin ez duelako, enpresa itxi delako… baina enpresa berri bat sortzea oso kontuan hartzen da lan munduan: ekimena duen pertsona zara, master bat egitea bezala da. Ez du esan nahi besteren kontura lan egiten aritzean baino esperientzia gutxiago duzunik.”
Aritzaren iritziz, “kontrako bidea egitea da; unibertsitatetik ateratzen zarenean, esperientzia pixka bat hartu eta, ondoren, bide hori utzi. Jarraitzen baduzu, ardura gehiago emango dizkizute eta ezkondu egingo zara, etxebizitza erosiko duzu, seme-alabak izango dituzu… eta, orduan, zailagoa da horrelako erabaki bat hartzea. Hala ere, ausartzea da. Ekitea errazagoa da eta urte baten ondoren emaitzak txarrak baldin badira, enpresek kontratatzen jarraituko zaituzte”.
Jose Antoniok beste galdera bat du: hamar urte barru, zuen burua ikusten al duzue azaldu berri duzuen erritmoan lanean? Eta, marketina hain beharrezkoa al da?
Txema: “lehenengo bi urteetan izugarri egin genuen lan, dena guk egiten genuelako. Nekagarria izan zen, zalantzarik gabe… Orain, beste erritmo bat dugu… eta hau eramangarria da…”
Aritza: “guretzat, marketina garrantzitsua da, kanal asko daude eta dirua gastatzen dugu haietan. Oraintxe bertan, esate baterako, orri bat egiten duzu zinemako sarrerak euro batean eskainiz, eta publizitaterik egiten ez baduzu, inork ez du orri hori ikusiko hemendik ez dakit zenbat denbora igarotzen den arte… Eta ikustera iristen badira…”
Carlosek galdetzen du: urte hauetan guztietan ikasi duzuenetik, zerekin gelditzen zarete? Eta aholkuren bat komertzial ona izateko.
“Egunez eguneko lanean asko ikasi dugu, baita eskarmentu handiko jendeaz ere. Komertzialik onenak seniorrak dira, lan asko egin behar izan dute eta atez ate joan dira entziklopediak saltzen. Urtero gauza berriak ikasten dituzu, iaz SEO (Search Engine Optimization) arloan murgildu ginen… Eta, batez ere, giza harremanak eta taldea… hor ikasi dugu gehien: talde egokia osatzeko begi ona edukitzea”.
Azul Tejerinak, amaitu aurretik, eskerrak eman dizkie Deusto Alumniri eta Deustuko Unibertsitateari, hainbeste irakaspen eskaini dituen hitzaldi hau antolatzeagatik.
Javier Cuñadok, gonbidatuei eta moderatzaileari eskerrak eman ondoren, argi adierazten du: “Izugarri gustatu zait! El Club de la Comedian egotea bezala izan da, baina ekintzailetzaren esparruan. Zuek gabe, ez luke zentzurik izango!”. Jarraian, gainerako Alumniekin batera, zerbait hartzera gonbidatzen gaitu: ardo beltza, txakolina, garagardoa, freskagarriak eta pintxo batzuk, DJ Lorea Argarate Alumniren musikaz lagunduta, oraingoan Eva Gutierrezekin batera (biak Tea Party taldeko kide ohiak eta proiektu berritzaileen bultzatzaileak).