Joan den apirilaren 26an egun ahaztezina bizi ahal izan genuen Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko geletatik pasatu diren ikasle ohientzako I. NOW Topaketan. Inguru paregabean antolatu zen ekitaldia, Donostiako Aquarium-ean, eta luxuzko aitabitxia izan zuen: Emilio Duró. Enpresaburu eta hizlari ezagunak berehala liluratu zituen auditorioa goraino bete zutenak, indarrez gainezka eman zuen mezu bizi-biziaz. “No vale rendirse” (Ez du balio amore emateak) izeneko hitzaldian, bizitzan benetan garrantzizko zer gauza diren galdetu eta bizitzan eta lanbidean benetako arrakastaren sekretuak aletu zituen.
Mende bateko bizitza
Hitzaldi iradokitzaileak are eta alaiago bihurtzen zuen bozkarioz beteko umorea lagun zuela, Durók gizakiaren bizi itxaropena luzatzea hartu zuen abiapuntu, sekula ezagutu gabeko egoera ekarri digun egoera. Orain arte, ez da inoiz izan gorputza zaintzeagatiko hainbesteko kezka. Genetikak “prestatua zuen 25 urtera arte indarra izatea, berrogeira heltzean hemen egon ez gintezen”. Hala, beheraldi fisikoa bizi beharrari egin behar diote aurre egungo belaunaldiko gizakiek lehenengo-lehenengo. “18 urterekin galanta zara, sasoi betean zaude, eta gorputzak dena jasaten du. Orain croissant erdi jan eta 8 kilo hartzen dituzu”, zioen katalanak txantxetan.
Norbanakoaren bizitza 100 urteraino luzatzen da, eta horrek erronka berriak sortzen ditu: gauza berean lan egiten zelan jarraitu, bikotekide berarekin edo gizarte inguru berean zelan jarraitu galdetuta, Durók erantzun zuen, duela gutxira arte, aitak denda bat ondare uzten bazizun, “bizimodua konponduta zenuela”. Baina, gaur egun, “egiten duzuna gogoko ez baduzu, egiten duzunaz gozatzen ez baduzu eta bihotz guztia jartzen ez baduzu, lehentxoago edo gerotxoago porrot egingo duzu”.
Hortaz, egunero jaikitzeko ilusioa, proiektuak, planak eta arrazoiak izatea da bizimodu arrakastatsua izateko behar dugun “bizigaia”. Izan ere, gaur egun dugun arazorik nagusiena, “grina horren falta” dela esan zuen. Horregatik, Emilio Duróren ustez, “bizitzarekin txoraturik ez daudenak, lanarekin txoraturik ez daudenak, bizitzeko beste egun bat izateagatik eskerrak emanez jaikitzen ez direnak, hilzorian daude”. Horri guztiari egungo gizartearen fatalismo endemikoa erantsi behar diogu, zeren eta “kezkatzen gaituen guztiaren % 99 gertatu ez dena edo gertatuko ez dena” baita.
Jarrera ezagutzen gainetik
Hizlariak kopuru esanguratsuak ematen jarraitu zuen: “Jende alai eta baikorrak jende arruntak baino % 65 – % 100 gehiagoko errendimendua du”. Alaitasuna, gogo bizia, lana… jarrerak dira, ez ezaupideak eta, hala ere, ikastaldian ez dugu halako jarreren inguruko prestakuntzarik jasotzen. Eta, ondorioz, gaur egun “unibertsitateko bost karrera izan baina inork irentsi ezin duen” jendea aurkituko dugu.
Zuzendaritza arloko eta enpresen aholkulari gisa duen esperientzia zabala gogoan harturik, Durók ohartarazi zuen hezkuntza emozional eta jarrera arlokorik ez izatearen ondorioz, “baliorik handieneko gaitasun” bihurtu dela jarrera pertsonalak izatea egungo erakundeetan, eta “baikortasun koefizientea” bezalako adierazleak hartzen direla kontuan. Hortaz, seme-alabak hezten baditugu, “hezi ditzagun ilusioa, bizi poza izan dezaten”. Aholku hori eman zuen.
Bizitza arrakastatsuaren lau zutabeak
Durók, amaitzeko, zorionerako aholku batzuk eman zizkien, lau arlotan banatuta:
Fisikoa zaintzea; izan ere, “20 urtera arte hazi egiten da, 20tik 40ra jaitsi egiten da, eta 40tik aurrera gain behera etortzen da”. Egunean ordubetez kirol egiteko aholkua eman zien bilduei.
Ariketa intelektuala egitea, 12 urterako “ezagutzen % 98″ jasoa baitugu eta hortik aurrera “12.000 neurona hiltzen baitira egunean”. Hizlariak idazteko eta irakurtzeko gomendioa eman zien, “alzheimerra geldotzeko dugun bakarra baita”.
Hirugarrenik, sistema linbikoa aktibatu beharraren garrantzia azpimarratu zuen. “Kantatu, salto egin, besarkatu, ukitu eta irten”. Hori egitera animatu zituen bertaratu zirenak.
Azkenik, bihotzak dioskunari jarraitzeko aholkua eman zuen, zentzuak bestelakoa esan arren, lehenak ez baitu “inoiz traizionatzen”.