Etengabe berritzen, egokitzen eta ikasten aritu behar dugu. Ezin gara konformatu dakigunarekin. Adi egon behar dugu aldaketa guztietara, ingurura etengabe egokitzen jakiteko.
Komunikazioaren eta entretenimenduaren munduan zabaldu da digitalizazioa batik bat, bereziki gazteen artean. Zelan ikusten duzu irratiaren etorkizuna eredu digital berri horretan?, Aldaketa garaian gaude ala garai aldaketan?
Irratiaren etorkizuna ziurtatuta dago, hedabiderik malguena, berritzaileena eta digitalizazioaren ondoriozko aldaketetara adien dagoena garela frogatu baitugu. Beste kontu bat da negozio ereduaren aldaketa gertatu izana, beste sektore askotan gertatu den bezala; eta arlo horretan adi egon behar dugu gertatzen diren aldaketa guztietan.
Digitalizazioak zabaldu egin dizkigu entzuleekin komunikatzeko ditugun bideak; askoz aukera gehiago eskaintzen dizkiegu, entzule asko heltzen dira gure programaziora weben bidez, app-en bidez, nahierako irratiaren bidez, eta entzule askok podcast-etan aurkitzen dute irratira edo audiora hurbiltzeko bidea, Podiumpodcast plataformaren bidez, esaterako. SER katean entzulerik gazteenen artean arrakasta handia duten programak ere emititzen ditugu: “NADIE SABE NADA”, Andreu Buenafuente eta Berto Romeroren saioa; “LA VIDA MODERNA”, David Broncano, Ignatius eta Quequé-k egiten dutena (antenan eta gizarte sareetan arrakasta handia du); edo LOS 40n, Dani Mateok zuzentzen duen programa: “YU NO TE PIERDAS NADA”.
Irratia kontsumitzen duena prest dago teknologiak ekarriko dizkigun nobedade guztietarako?
Bai, jakina. Oinarri batetik abiatu behar dugu: etengabe ikasi behar dugu. Teknologia da ezagutza horretarako bidea eta konektatzen gaituzten tresna berri horien erabilerarako bidea, adibidez, irrati berrirakoa, nahierako irratirakoa, edozein momentutan entzun nahi dugun irratirakoa, eta ez beti emititzen den orduan. Baina hori ez da hedabideetan soilik gertatzen; beste esparru batzuetan ere etengabe berritzen, egokitzen eta ikasten aritu behar dugu. Ezin gara konformatu dakigunarekin. Adi egon behar dugu aldaketa guztietara, ingurura etengabe egokitzen jakiteko.
Berria ez bada ere, post-egia eta bere bertsiorik oraintsukoena den “fake news” delakoa eguneroko ogi bihurtu dira. Zelan ikusten du kazetari batek fenomeno hori? Gaindituko du kazetaritzarik zehatzenak eta zorrotzenak “gezur”, “gertaera alternatibo” edo “albiste faltsuen” kutsadurak ekarri duen krisia?
Berriro ere baietz borobila eman behar dut. Jakina, kazetaritzak gaindituko du kutsadura hori; gainditzen ari dela esango nuke. Gizarteak, gure entzuleek ondo baino hobeto dakite albiste kontrastatuak eta kontrastatu gabeak, kazetaritzako arauak betetzen dituztenak eta betetzen ez dituztenak bereizten. Izatez, kazetaritza berez da zorrotza; beraz, ez du kalifikazio hori behar. Zorrotza ez bada, ez da kazetaritza, ez diezaiogun izen hori eman. Sareetan ageri den guztia ez da kazetaritza eta hala ikusten ari gara azken aldian. Hiritar kazetaritza izena eman diotena ere ez da beti halakoa. Lanbide honetako arau erraz baina zorrotz batzuk bete behar ditu.
Beti prestakuntzaz kezkatuta egon zara eta, ez bakarrik zeure lanari dagokionean. Gainera, beti egiten duzu unibertsitatearen ikuspegitik. Zer ekarpen egiten dizu eguneroko lanari erantsitako ahalegin horrek?
Lehenengo eta behin, prestakuntza ematen dit, egunean egotea, esparru askotan ikasten jarraitzea, gaztaroko ohiko prestakuntzan ezinezkoa izango zitzaidana. Eta ilusioa ematen dit, eguneroko bizitzarako motor ezin hobea. Hazten, aurrera egiten jarraitzeko ilusioa eta motibazioa ematen dizkit. Ezin diogu prestatzeari utzi, lanbidean helburu batzuetara edo adin jakin batera heldu garela-eta. Bizitza luzeegia da, kasurik onenean, 30 urte bete arte ikasi genuenarekin geratzeko. Neurekoikeria pertsonalez egiten dut, gozatu egiten dudalako ikasten, eta nire lanpostuan ardura bat izanik, munduari etengabe begiak zabalik begiratu behar diogulako.
Unibertsitateko lehenengo garai hartara eta Historiako zure lizentziaturara begiratuta, zer gogoratzen duzu gozotasunez unibertsitateko esperientziaz eta, zure ustez, zer gauza berezi eman zizun, gaurko eguneko ikuspegitik begiratuta?
Lehenik esan behar dut maitasun handiz gogoratzen dudala garai hura. Lizentziatura horretara bokazioz sartu nintzen, gustuko nuelako, eta orain ere oso gogoko dut historia. Baina, batez ere, gehienok unibertsitateko ibilbidea gogoratzen dugu irakasleengatik, benetan bikainak izan zirelako eta karrera horretako ibilbidea markatu zidatelako. Lehenengo garaitik, Geografia eta Historiako lizentziaturatik, Milagros Esteban eta Elena Barrena irakasleak gogoratu nahi ditut, ikasteko eta prestakuntza jasotzeko moduan eta arduraz jokatzeko senean eragin zidatelako. Haien klasean egotea erronka handia zen. Zorionez, berriro aurkitu nituen Bilboko campusean, ikasketa plan berrira egokitzean, Historiako lizentziaturan. Milagros Estebanek zuzenduta eta egin nuen lan akademikoki gidatua. Berebiziko ikaskuntza izan zen niretzat. Eta azken aldian, Mª Jesús Cava eta Begoña Cava azpimarratu nahi nituzke. Bikainak iruditu zitzaizkidan beti haien klaseak. Oso gustura itzuliko nintzateke, uneren batean, Historiako geletara. Gainera, uste dut historiara hurbiltzeak, gure historiara hurbiltzeak, bizi garen mundua hobeto ulertzen eta interpretatzen laguntzen digula.
Zerk erakartzen zaitu gehien irratian, kontuan izanik laneko bizitza eskaini diozula? Zuzendaritzatik ere jarraitzen duzu kazetaritza eta hedabideen mundu zoragarri horretaz gozatzen?
Irratian esatari eta programen zuzendaritzan hasi nintzen, “irratia egiten, guk esan ohi dugunez”; eta hori ezin duzu munduan izateko duzun eratik inoiz bereizi. Kazetari izatea eguneroko zeregina dut. Inguruan ikusten dudan guztia berehala itzultzen dut: eta hau irratirako zelan izango litzateke?
Irratiaren indarrak erakartzen nau, tokikoa eta globala komunikatzeko duen ahalmenak, berehala gertatzen denaren berri ematekoak eta egunerokoa aztertzekoak. Irrati zale porrokatua naiz, gogoko dut irratia, eta garai berrietara egokitzeko duen gaitasun ikaragarria dut gustuko. Izan ere, irrati izanik, ezin gara emititzera mugatu; entzun ere egin behar dugu, interpretatzen jakin behar dugu gure entzuleek une bakoitzean zer nahi duten.
Eta zuzendaritzako erantzukizuna izanik, hedabideen kudeaketako erantzukizuna dugunok urte korapilatsuak pasatu baditugu ere, egia da jakin dugula bide estuko erreitik irteten, gure entzule eta bezeroentzako erantzunetan malguak izaten, sustrai sakonak izan eta zerbitzatzen dugun gizartearekin konprometitzen. Horrek guztiak, gainera, Euskadiko irrati lider bihurtu gaitu entzule kopuruan. Eta entzuleen artean lider izate hori sekulako erantzukizuna da; kudeatzen jakin behar dugu, ez geuretzat soilik, baizik eta etorkizuneko belaunaldietako kazetarientzat eta SER katera heltzen diren beste esparru batzuetako profesionalentzat.
Zein da zure zuzendaritza estiloa? Zelan definituko zenuke? Zer erronka planteatzen ditu ardura horrek?
Ez naiz pertsonarik egokiena nire zuzendaritza estiloa zelakoa den definitzeko, baina funtsezko hiru puntu aipatuko ditut enpresa bat zuzentzeko, berdin dio komunikaziokoa den edo beste sektore batekoa den. Lehenengo, profesionalen talde sendoa behar da, ez norbanako bikainak soilik; norbanako horiek helburu bat izanik lanean diharduen taldearen zerbitzura egon behar dute, eta hori ez da hain erraza. Taldea da, nire ustez, gure eguneroko eginkizunaren zimentarri. Bigarren, gure lanean etengabeko exijentzia izatea. Oso zorrotzak izan behar dugu gure egunerokoan, ondo, oso ondo lan egiteko konpromisoa dugu, edozerk ez du balio. Hori ere zaila izaten da, beti neurri bateko tentsioan eragiten duelako eta horrek, jakina, nekatu egiten gaituelako denok. Bikaintasunaren Radio Bilbao sarietan hau esaten dugu, Aristotelesen hitzak aipatuz: “Egunero egiten duguna gara; beraz, bikaintasuna ez da ekintza soil bat, ohitura bat baino”. Bestela esanda, eguneroko eskakizuna bikaintasunaren zerbitzura jartzen dugu. Eta hirugarren, berrikuntza eta sormena behar ditugu irratia sendotzen jarraitzeko, lehiakorrago izan dadin eta gure lidergoa mantentzeko gai izan gaitezen, horixe baita gure ondasunik preziatuena. Irratia aldatu egin da, errotik eta abiada bizian aldatzen jarraitzen du; eta gai izan behar dugu gure sormena eta berrikuntza egiten dugunaren zerbitzura jartzeko.
Eta hiru zutabe horiek izan behar ditugun erronketan ere moldatzen ditugu: taldean gero eta gehiago eta hobeto lan egin, aurrerapausoak ematen jarraitzeko; bikaintasuna helmuga izanik lan egin, hori baita gure lana egiteko modu bakarra; eta berrikuntza eta sormena aplikatu gure jardunaren arlo guztietan.
Martxoaren 8a oraindik hurbil dugunez, galdetu nahi nizuke ea irratiaren eta hedabideen munduan genero berdintasun osorako bide luzea egin beharra dagoen.
Lehenengo esan nahi nuke martxoaren 8a mugarri izan dela, zorionez denok ikusi ahal izan dugunez. Emakumeok (eta ni horien artean nago) legezko berdintasunerako eskubidea aldarrikatzen ari gara, hitzen bidez, posten bidez, iritzizko artikulu, hitzaldi edo solasaldien bidez. Hori guztia ederto dago; baina Martxoaren 8ko Adierazpenak erakutsi digu hori guztia ez dela nahikoa. Kalera irten behar genuen, elkarrekin bidea egin, adin, ideologia eta jatorri guztietako emakumeak elkarturik, eta adierazi ez gaudela prest beste 250 urte itxaroteko benetako berdintasuna lortu arte. Oraina idazten ari gara eta aurtengo Martxoaren 8a etorriko denaren atarikoa baino ez da.
Egia da, halaber, ezin dela orokor bihurtu, berdintasun kontuez hitz egiten ari bagara ere. Hedabideetan zeregin handia dago, beste sektore askotan bezala, ez gehiago eta ez gutxiago. Gizarte osoak, erakunde, enpresa eta hedabideok batera egin behar dugu bidea, sendo egin ere, falta zaigun horretara, hau da, berdintasun errealera iristeko. Legezkoa lortua dugu, baina badakigu ahaztua ere badugula.
Gure kasuan, Euskadiko SER katean, langile guztietatik, % 52 emakumezkoak dira eta % 48, gizonezkoak. Euskadiko populazioaren errealitatearen oso antzerakoa da. Eta ardurazko lanpostuetan, emakumeoi iristea falta zaigun tokietan (nahiz eta nire kasuan ezin dudan ezer esan), erredakzioen eta eguneroko zereginetan ardura handiko programen buru ditugu emakumeak. Isabel Cobo, Eva Monente, Eva Domaika, Azul Tejerina, Aloña Velasco eta Delia Tobías azpimarratu nahi nituzke, besteak beste, profesional bikainak, gure antenen bidez zer esango den egunik egun markatzen dutenak. Nik neuk, 28 urte daramatzat hedabideetako ardurazko postuetan. Beraz, uste dut nire enpresak beti izan nauela kontuan halako postuak betetzeko. Konpromiso handia hartua dugu Euskadin hedabide gisa, arlo guztietako emakumeek merezi duten ikusgarritasuna izan dezaten; izan ere, emakumeok ere adituak gara eta, errealitate horretatik abiatuta, hedabideetan ere gizartean eta enpresetan dugun tokia izan behar dugu.
Eta, hori gutxi balitz, Espainiako irrati munduan lider den programa, “Hoy por hoy”, herrialdeko kazetaririk onenetarikoak zuzentzen du, Pepa Buenok, eta guztiz konprometituta dago emakumeen aldeko gaiekin. Eta irratian, gauez, Ángels Barceló dugu, bera ere liderra Euskadiko irrati munduan. Lan handia egiten ari da desberdintasuna eta horren adierazpenik ikaragarriena, indarkeria matxista, errotik erausi eta gure gizartetik desagerrarazteko.