Skip to main content

Juan Carlos Duque Ametxazurra

Umetan, nire jaioterrian, San Josen, beltxargak beltzak eta moko gorridunak ziren. Eskola aurrean zegoen japoniar parkean, etxetik ez oso urruti, halakoak ziren denak. A zer sorpresa hartu nuen Europara heldu eta hemen beltxargak zuriak zirela ikustean.

Nassim Nicholas Taleb libanoar ekonomialari eta e estatubatuar nazionalizatuak, beltxarga beltzaren teoria formulatu zuen 2007an. Honetan oinarritu zen: lehenengo ingeles kolonoak Australiara XVII. mendean heldu arte, Europan pentsatzen zen beltxarga guztiak zuriak zirela. Gertakari hori, nekez gertatu zitekeela uste zuten hori, gertatu egin zen eta ornitologo guztiek hegazti horien inguruan zuten pertzepzioa aldatu zuen.

Talebek Ilustrazioko aurkikuntza hura lanaren hasieran erabilita, zera baieztatzen du (nahiz eta ez etorri bat harekin animalia eder eta lirain horen geroko apreziazioan).

Gertakari horrek gure ikaskuntzaren muga larri bat erakusten du eta gure jakintzaren alde ahula, behaketa edo esperientziatik abiatuta. Behaketa bakar batek baieztapen orokortu bat baliogabetu dezake, milioika beltxarga zuriren milaka urtetako ikuspenetik sortua. Behar den gauza bakarra hegazti beltz (eta, esaten dutenaren arabera) itsusi bat da.

(…) Beltxarga Beltza (letra larriz) esaten duguna gertakari bat da, ondoren ageri diren hiru ezaugarri dituena.

Lehenengo, bitxikeria bat da, igurikimen normalen erreinutik kanpo bizi baita, iraganeko ezer ez baitu adierazten sinesgarritasunez halakorik posible denik. Bigarren, izugarrizko zirrara eragiten du. Hirugarren, arraroa izanagatik, giza naturak eragiten du existentziari buruzko azalpenak asmatzea, gertatua gertatu ondoren. Hortaz, esplikagarri eta aurresangarri egiten du. (Taleb, 2010).

Lehenengo Mundu Gerra, New Yorkeko burtsaren 1929ko porrota, 1987ko urriaren 19ko astelehen beltza, 2001eko irailaren 11ko Estatu Batuetako atentatuak, Lehman Brothers-ek lurra jotzea, 2008ko ondorengo finantzetako krisi globala, Internet, Google, Facebook agertzea, Brexita,Trumpek hauteskundeak irabaztea dira, besteak beste, Beltxarga Beltz gertakarien adibideak.

Ustekabeak, sekulako eragina dutenak eta a posteriori azalduak.

2019ko abenduaren 31tik hona, mundu mailan beste halako bati aurre egiten ari gara: COVID-19ari.

Hiru hilabete baino gutxiagoan, gizateriaren historian aurrekaririk ez duten egoerak bertatik bertara bizitzen eta horien lekuko izateko modua ematen digu: planeta mailako alarma globalak eta munduko ekonomia gelditzeak. Hasiera batean, txinatar jatorria edo ekialdeko aurpegiera zuen populazioaren kontrako xenofobia berraktibatzea eta, mugak itxita, milioika pertsona berrogeialdian konfinatzea, burtsen erorketa, ekoizpena gelditzea eta mundu mailako kontsumoa erortzea eta lehengaien merkatu globaletako banaketa geratzea (eta ondorioz, herrialde askotako ekoizpena gelditzea), helmuga turistikoetako erreserbak, hegaldiak eta itsas joan-etorriak, eta kirol jarduerak bertan behera uztea ekarri du.  (Duque Ametxazurra, 2020).

Hala ere, aldi berean, gerra, errefuxiatuen bazterketa, beste epidemia orain ahaztuen gaixoak, gosetea bizi dutenak, lanpostuak galtzen dituztenak, migratzaileak, etxegabeak eta beste asko ere hor daude, COVID-19a sufritzen, gu gure etxeetan goxo konfinatzen garen bitartean, jaki-tokia beterik dugula, edateko ura eta ur beroa ditugula, telebista eta Internet falta gabe. Pertsona horiek ez dute nora joan.. Ezta non seguru egon ere… Eta gu kexatu egiten gara etxetik irten ezinik gaudelako!

Francesca Morelli psikologo, psikoterapeuta eta EMDR terapeutaren eta Alfredo Vela Zancada Social Media Managerraren hausnarketak biral bihurtu dira azken asteetan.

Hala dio Morellik:

Uste dut unibertsoak baduela gauzei oreka itzultzeko modua, bere legeen arabera, lege horiek hausten badira (…)

Gertatzen ari diren hondamendi naturalen ondorioz klima aldaketa maila kezkagarrira heldu den garaian, Txinari lehenik eta beste herrialde askori ondoren, blokeoa ezartzen zaie, ekonomiak porrot egiten du, baina kutsadura nabarmen jaisten da (…)

Politika eta ideologia diskriminatzaile jakin batzuk mundu osoan berriro sortzen ari diren honetan, iragan lotsagarriari dei egiten dietelarik, birus bat agertu eta gauetik goizera biziarazten digu geu ere baztertuak izan gaitezkeela, mugak gurutzatzeko oztopoak jartzen dizkigutela, gaixotasunak kutsatzen dituztenak izan gaitezkeela (…)

Ekoizpenean eta kontsumoan oinarritzen den gizarte batean, 14 ordu korrika ematen ditugun horretan, zeren atzetik gabiltzan ondo jakin gabe, atsedenik eta etenik gabe, nahitaezko geldialdia ezartzen zaigu. Geldi-geldi, etxean, egunik egun (…)

Seme-alabak haztea, arrazoi garrantzizkoagoengatik, beste pertsona edo erakunde batzuen eskuetan uzten dugunean, Koronabirusak eskolak ixten ditu eta irtenbide alternatiboak bilatzera behartzen gaitu, aita eta ama berriro seme-alaben ondoan jartzera. Berriro familia izatera behartzen gaitu.

Pertsonen arteko harremanak, komunikazioa, sozializazioa gizarte sareen (ez)espazio birtualean egiten direnean, hurbiltasun ilusio faltsua emanez, birus horrek benetako hurbiltasuna kentzen digu, erreala: inork ez dezala beste inor ukitu, musukatu, besarkatu; dena egin behar da urrutitik, elkar ukitu gabe, hoztasunean (…)

Norberaren buruan pentsatzea arau bihurtu den gizarte fasean, birus horrek mezu argia bidaltzen digu: egoera honetatik irteteko era bakarra bat egitea da, lagun hurkoa zaintzeko sentimendua gugan berriro sorraraztea, talde bateko kide garela sentitzea, handiagoa den zerbaiten parte garela eta handiago horren arduradun garela sentitzea eta handiago hori gutaz ere arduratu dadila.Erantzukidetasuna: zuk zer egin, halako zoria izango dutela zure ingurukoek sentitzea eta zu ere horren menpe egotea.

Utzi diezaiogun errudunak bilatzeari eta galdetu diezaiogun geure buruari zergatik gertatu den hau, eta hasi gaitezen pentsatzen zer ikasi dezakegun honetatik guztitik. (…)

Velak, bere aldetik, berriro pentsatu beharko genituzkeen 12 gauza planteatzen dizkigu, krisia amaitzen denerako: gure gizarte kontzeptua, zientzia, albiste faltsuak, profesionalak, komunikabideak, ekonomia, balioak, teknologia, hezkuntza, burokrazia, gizarte erantzukizun PERTSONALA…

Oraindik Beltxarga Beltz gertakariaren bigarren fasean gaude oraindik: izugarrizko zirraran. Oraindik a posteriori azalpena falta zaigu…

Espero dezagun zerbait ikasi izana gizateria gisa, zertxobait, oraingoan.

Juan Carlos Duque Ametxazurra
Alumni Time aldizkari digitalaren arduraduna eta EiTBko Adimen Emozionalari buruzko Blogaren autorea beste batzuekin batera.

 

2020-05-18ko oharra:
Ikuspegi ekonomiko hertsitik, analistak ez dira ados jartzen egungo krisi honi beltxarga beltz izena eman dakiokeen ala ez, besteak beste, etsipenerako bidea ematen duelako eta, ondorioz, erantzukizunak bilatzea saihesten dugulako. Elvira García ekonomiaren jokabideko adituak azaltzen du zergatik ez dituen COVID-19 gaixotasunaren pandemiak baldintzak betetzen: «2017an, Espainiako Segurtasun Nazionaleko Estrategiak “aurreikus daitezkeen erronkatzat” jotzen zituen pandemiak, beste gertakari batzuen zerrenda batean. Zerrenda horretan agertzen ziren migrazio mugimenduak, kalteberatasun energetikoa edo klima aldaketa. Gertakari horietako batzuk aurreikus ezintzat hartuko genituzke? » (www.merca2.es). Oharrak ez zaizkigu falta izan. Baina gainera Taleb-ek berak zalantza egingo luke hemen beltxarga beltzik ikus daitekeen. 2007an bertan, hau idatzi zuen: «Arriskua ikusten dut birus akutu eta oso arraro bat planeta osoan zabaltzeko». Baina utz dezagun ekonomistak ados jar daitezen. Denbora beharko dute. Dena den, pandemiaren gizarte ondorioei erreparatzen badiegu, seguru asko jenderik gehienak ikusiko du hau ez dela dagoeneko beltxarga bat, ostruka beltz bat baizik (ez dakit hegazti handiagorik dagoen). Eta orduan datoz harira Francesca Morelli edo Alfredo Vela Zancadaren hausnarketak. (Eskerrik beroenak Josep Bofill-i eta Javier Rubiori idazki honetan egindako ekarpenengatik)

 

Erreferentziazko bibliografia

Duque Ametxazurra, Juan Carlos (2020ko otsailak 28). Algo no me cuadra… Hemendik hartua:https://blogs.eitb.eus/inteligenciaemocional/2020/02/28/algo-no-me-cuadra

Merca2.es (2020, martxoak 31). Por qué el coronavirus no es un Cisne Negro según Nicholas Taleb. Hemendik hartua: https://home/alumnitimedeusto/public_html.merca2.es/por-que-el-coronavirus-no-es-un-cisne-negro-segun-nicholas-taleb/

Morelli, Francesca (2020ko martxoak 7). Hemendik hartua: https://home/alumnitimedeusto/public_html.facebook.com/IlBlogDellaPsicologa/posts/2490728477923163?__tn__=K-R (Italieraz)

Taleb, Nassim Nicholas (2010). El Cisne Negro. El impacto de lo altamente improbable. Paidós Ibérica S. A. 5. eta 6. or.

Vela Zancada, Alfredo (2020ko martxoak 17). 12 cosas que tendremos que repensar para cuando pasemos la emergencia sanitaria del #Coronavirus #infografia. Hemendik hartua: https://ticsyformacion.com/2020/03/17/12-cosas-que-tendremos-que-repensar-para-cuando-pasemos-la-emergencia-sanitaria-del-coronavirus-infografia/