Victoria Moiceanu (Staris)

ERASMUS MUNDUS Master of Arts in EUROCULTURE Prom. 09

Deustuko Unibertsitatea aukeratzera motibatu ninduena Master of Arts in Euroculture programa izan zen, Europar Batasunaren kontzeptuari buruzko ikuspegia eta horrek islatzen duen ekonomia, kultura eta gizarte identitatea…

Moldaviako Ikasketa Ekonomikoen Akademian, Chisinaun, Kontabilitateko lizentziaturako ikasketak amaitu ondoren, ERASMUS Mundus External Cooperation Windows programaren barruan, lehenengoetako beka lortu zuen ERASMUS MUNDUS Master of Arts in Euroculture egiteko Deustuko Unibertsitatean. Masterra amaitu aurretik, DELE ere eskuratu zuen. Ondoren, Bukarestera, Errumaniara, joan zen, Negozioei buruzko Master bat egitera. Bost hizkuntza menderatzen ditu, gainera: alemana, gaztelania, ingelesa, errumaniera eta errusiera.

Deustuko Unibertsitatera etortzeko ERASMUS MUNDUS External Cooperation Windows beka programa lortu zenuen lehenengoetakoa izan zinen. Zer sentitu zenuen Bilbora zentozela jakitean? Zerk eragin zizun masterra egiteko unibertsitate hau aukeratzea?

Lehenengo eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuet nire ERASMUS MUNDUS historia kontatzeko aukera honengatik, duela 10 urteko esperientzia eta niretzat oso bereziak izan ziren uneak gogorarazteagatik.

Harridura eta beldur handiz jaso nuen ERASMUS MUNDUS programako onarpena, baita alaitasun, erabaki eta adore handiz ere.Harridura, lizentziaturaren ondoren masterra egiteko eskaera egin nuen momentutik berria jaso nuenera hainbat hilabete pasatu zirelako. Ia ahaztua nuen eskaera; lana aurkitu eta lanean hasia nintzen. Beldurra, bakarrik egin behar nuelako, familiarengandik urrun, ezagutzen ez nituen herrialde eta hiri batean, inor ezagutu gabe eta telenobeletatik soilik nekien hizkuntza bati aurre egin behar niolako. Hala ere, erabakia berehala hartu nuen alaitasunez, bizitzan aukera bakarra zelako europar unibertsitate batean prestakuntza jasotzeko, ni bezalako askok ez zutelako aukeratuak izateko zortea izan, ametsa betetzekoa, garatzekoa, beste pertsona batzuk eta kultura batzuk ezagutzekoa.

Deustuko Unibertsitatea aukeratzera motibatu ninduena Master of Arts in Euroculture programa izan zen, Europar Batasunaren kontzeptuari buruzko ikuspegia eta horrek islatzen duen ekonomia, kultura eta gizarte identitatea, SESBren eta komunismoaren parte izan zen herrialde batean, aniztasun, berdintasun, duintasun eta ongizaterako askatasuna. Bestalde, uste dut Deustuko Unibertsitateak berak aukeratu ninduela, nik bera barik. Moldaviakoa izanik, Europar Batasunetik kanpoko herrialde batekoa, oso zaila izan zen bisatua lortzea, une hartan Espainiako enbaxada Bukaresten, Errumanian, zegoelako moldaviarrentzat eta hara joateko Errumaniako bisatua lortu behar nuen. Burokrazia erronka handia izan da eta Masterraren lehenengo seihilekoa ia galarazi zidan. Baina zorte handia izan dut, Unibertsitateko jendeak etengabe babestu eta animatu nauelako

Unibertsitateko prestakuntza Chisinaun, Bilbon eta Bukaresten jaso duzu. Zer antzekotasun eta desberdintasun azpimarratuko zenituzke hiru unibertsitateen artean? Eta hiru hirietako jendeari eta ohiturei dagokienez?

Uste dut hiru unibertsitateen artean desberdintasun gehiago dagoela, bai irakasteko eran eta bai ikasteko eran. Alde batetik, eragin handia dago kulturan, hedabideetan eta ikaskuntza metodoetan; eta, bestetik ikasgai desberdinak izan nituen: zehatz eta jakinak batzuk; analisi eta ikasketa, interpretazio eta ikerketakoak, beste batzuk.

Uste dut Moldaviako Ikasketa Ekonomikoen Akademiako unibertsitatekoek pentsatzen zutela (espero dut harrezkero aldatuta egongo dela hau) ezin dela huts egin hainbat belaunaldik erabilitako ikasteko metodoen bidez ikasten bada, metodo segurua luzaroan balekoa eta sinesgarria izan dena da. Deustuko Unibertsitatean, berriz, berrikuntza azpimarratzen da, ikasketarako irekia izatea, ez dago okerrik galdetzean, ikertzean edo aztertzean. Zail samarra izan da paradigma batetik bestera aldatzea, baina oso interesgarria:gogoan dut jarduerak eta aurkezpenak taldean egin izana, ezagutzak eta esperientziak hainbat lekutako eta kulturatako ikaskideekin trukatzea, Erasmus Mundus External Cooperation Windows Lot 6 proiektuko unibertsitateen artean garatutako jardunaldi eta mintegietan parte hartzea. Nazioarteko proiektuekiko interesa eta Europar Batasuneko unibertsitateetara zabalik egotea “Dimitre Cantemir” Unibertsitate Kristauan ere ikusi dut, baina Deustuko Unibertsitatearen aldean, bidearen hasieran zegoen, esperientzia handirik gabea eta proiektu gutxikoa.

Uste dut Bilbo asko gustatu zitzaidala bai jendeagatik eta bai ohiturengatik, nire jaioterrikoetatik oso desberdinak zirelako. Hemen lanaz gain, jendea askoz lasaiago zegoen, ondo pasatzen zuen, askotan irteten ziren pintxoak jatera, Erasmus Party-ak zeuden ostegunetan, asteburuetan hondartzara gindoazen (Neguri, Areeta, Sopela edo Arrigunaga) paseo bat ematera edo bizikletan ibiltzera. Oso gustuko nuen hiritik oinez ibiltzea, erreka ertzetik edo parkeetatik, natura behatzen. Zorionekoak dira, dena hurbil dute eta! Chisinau eta Bukarestekoekin konparatuta, esperientzia konplexuagoa izan zen, Europako, Ekialde Hurbileko, Asiako, Japoniako, Iparramerikako eta Latinoamerikako herrialde askotako ikaskideak izan nituelako. Nazioarteko bazkari edo afariak egiteko ohitura genuen, jana eta ohiturak partekatzekoa, gu geu eta herrialde bakoitzeko kultura ere hobeto ezagutzeko.

Deustuko Masterra amaitutakoan Bukarestera joan zinen, beste master bat egin eta lanbideko karrerari hasiera ematera. 2019aren hasieran iparraldera joan zinen, Berlinera, eta hor zaude orain. Zelan uste duzu eragin dizula Deustutik pasatzeak bide horri ekiteko?

Deustuk eta Bilbon eta Donostian 2 urtean egoteak erabat aldatu dute nire bizitza. Bilbo hiri zoragarria da, historia, kultura, arte, eraikin eta naturagatik. Neure kabuz bizitzen ikasi nuen hemen, familiarengandik eta betiko adiskideengandik urrun egoteari aurre egiten, baina, aldi berean, hurbil egoten komunikabide berriei esker; ikaskuntzan neure buruari erronkak jartzen, beste kultura eta hizkuntza batzuk ikasten eta lagun berriak egiten, esperientzia berriekin gozatzen eta beti jakin-mina izaten. Bekadun izanik Masterra egin ondoren jatorrizko herrialdera itzultzeko konpromisoa hartu eta ikasitakoa aplikatzeko konpromisoa hartzen baduzu ere, esperientzia mundu hobea garatzeko erabiltzekoa, itzultzean konturatzen zara hainbeste aldatu zarenez, ez duzula mentalitate eta errealitate berean zeure tokia aurkitzen. Horregatik, aldaketaren zain egonean ez itxaroteko senari kasu egin diot, programaren zutabe garrantzizko bat –mugikortasuna– praktikan jartzekoa eta beste erronka batzuei jarraitzekoa. Nire lanbideko karreran beti ahalegindu naiz nire Kontabilitateko lizentziatura, espainiar hizkuntzarekiko zaletasuna eta Masterreko programak nigan aniztasun, mugikortasun eta kultura aniztasunarekiko erne zuten interesa bateratzen. Bukaresten lortu dut, hasieran, Errumanian dauden espainiar enpresetan lan egitea eta gero, kontabilitate sailetan, Espainian dibisioak zituzten enpresa globalentzat esternalizatzeko zerbitzuak enpresa prozesuetan ematea. Berlinera joatea, familiako arrazoiengatik, beste erronka bat izan da niretzat: hiria eta jendea ezagutzea, beste hizkuntza bat ikastea, lana aurkitzea eta kultura desberdin batera moldatzea. Uste dut, Bilbon izan nuen esperientziaren ondoren, berrikuntzetara irekiago egin nintzela, kultura desberdinetara. Aniztasuna eta globalizazioa onartzeko gaitasuna garatu dut eta horrek guztiak lagundu egin dit hainbat herrialde eta hizkuntzatan audioliburuak eskaintzen dituen Audible kultura ugariko taldea aurkitzen.

Zer gomendatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumniei nazioarteko jauziari dagokionez, lanbideko karrera garatzeko?

Ba, adorea izateko gomendatuko nieke. Ezagutzen ez dugunari beldur izateak ahuldu egiten gaitu, eta hainbeste gauza daude munduan ikusteko, ezagutzeko eta ikasteko! Aprobetxatu dezatela bizitzak eskaintzen dien aukera bakoitza geure baitatik irten eta mundua ezagutzeko, hizkuntzak eta kultura berriak ezagutzeko, pertsona eta lanbide aldaketak erronka gisa hartzeko. Irekiak eta positiboak izan daitezela. Norbere burua berrasmatzeko gai izan daitezela aldaketarekin batera, kultura eta teknologiatik inspirazioa hartuta.

Teknologiak sekulako garapena duen garai hauetan, enpresek erabili egiten dute, lana taldean egiten da eta taldea gero eta nazioartekoagoa da. Beste teknologia batzuk ezagutzeak, hizkuntzak eta kultura batzuk ezagutzeak pertsona moduan balioa irabaztea ekartzen dizu.

Eskerrik asko zure bizimoduaren zatitxo bat gurekin partekatzeagatik. Azkenik, zer gogoratzen duzu Unibertsitatean emandako urteez?

Hainbat herrialdetako ikaskideekin genituen kultura arteko afari haiez gain, bakoitzaren ohiturak eta kulturak ezagutu genituen, hiritik paseatuta Bilbo eta inguruak ezagutuz. Gogoan ditut Unibertsitateko Nazioarte Harremanetako Saileko praktikak. Han lan eginda, hobeto ezagutu ahal izan nituen Europako hezkuntza proiektuak eta unibertsitateen arteko nazioarteko lankidetzak (Erasmus, Humanitarian Net, NOHA). Bulegoko zeregin orokorretan inplikatu nintzen, baita kontularitzakoetan ere, truke programetan ikasleei, ikertzaile etorri berriei edo hemen egon eta era guztietako zalantzak edo galderak zituztenei laguntza ematen. Hango talde bikaina ere gogoan dut: bihotzean gordeko dut luzaroan.

Partekatu ezazu