Skip to main content

Masterra amaitu eta lan merkatura sartzear zaude. Zerk kezkatzen zaitu gehien aldaketa horretan?

Bizitzan urrats garrantzitsu bat ematen dugun bakoitzean agertzen zaizkigu ezbaiak, eta oraingo hau ez da salbuespena. Bizitza osoa ikasten eman ondoren, lan merkatura sartzeko zaudela, zalantzak sortzen zaizkizu.

Lehenengo eta behin, enpresek eskaintzen dizkizuten aukera ugarien artean, aukeratzen duzuna zuzena den galdetzen diozu zeure buruari; eta erabakia hartutakoan, ea zure profila den egokiena edo ea lan hori gustuko izango duzun. Ez dakizu zer aurkituko duzun, edo zein erronkari egin beharko diozun aurre, eta beldur zara lehenengo lan horrek zure lanbideko karrera definituko ote duen.

Praktikek lagundu egiten dute ziurgabetasun hori arintzen, baina zalantza horiek guztiak ez doazkit burutik.

Iaz mentoringeko ekimen pilotu batean hartu zenuen parte. Zerk inspiratu zaitu gehien programa horretan?

Egia esan, balio handiko programa delakoan nago ideiak argitu eta trebetasunak inguru akademikotik haratago garatu nahi dituenarentzat.

Esperientzia eta lanbideko ibilbide luzea dutenekin hitz egiteko aukera, zure zalantza, kezka, jakin-minak transmititzeko aukera izatea lasaigarria da.

Mentee bati Mentoring Alumni Programaren onurak zeintzuk diren esan beharko bazenio, zer aipatuko zenioke?

Egia esan, onurak asko dira; baina nabarmenduko nuke lagundu egiten duela ideiak argitzen, epe luzerako helburuak definitzen eta etorkizuneko erronkak bideratzen. Azken batean, zer lortu nahi den argi eduki behar da. Hori da lehen urratsa, denetan zailena.

Potentziala garatzen laguntzen dizu, zeure buruarengan konfiantza handiagoa izaten eta erabakiak segurtasun handiagoz hartzen.

Aukera handia da aurrera egiteko eta lanbideko karrera bideratzeko.

Goi mailako ibilbidea izan duten profesional batzuekin harremanetan izan zara. Zer ezaugarri, balio eta printzipio uste duzu izan behar dituela profesional batek mentore izateko?

Nire ustez, mentoreak enpatikoa izan behar du, zure lekuan jartzen dakiena, zure arazoak eta zalantzak ulertuko dituena. Garrantzi handikoa da pertsona hurbila izatea, konfiantza ematen duena, edozein gai planteatu diezaiokezuna.

Mentore batek ideiak argi izan behar ditu, baita komunikatzeko eta ulertzeko gaitasun handia ere. Sarritan, mentee-ak berak ez daki zer nahi duen eta mentoreak gai izan behar du pertsona hori zer transmititzen ari zaion identifikatzeko.

Gainera, ibilbide eta lanbideko esperientzia luzeko pertsona izan behar du. 

Zelan definituko zenuke mentoring-eko harremana?

Uste dut elkarren arteko ikaskuntzako harremana dela. Batez ere, konfiantzazko harremana da, mentee-ak espazio seguruan dagoela sentitu behar du, zalantza guztiak transmititu ahal izateko.

Baliagarri gertatu zaizu Mentoring Alumni Programa lanbidean hazteko eta pertsona moduan garatzeko?

Bai, argi eta garbi. Nabarmen murriztu dizkit lan-merkatura sartzearen inguruan nituen zalantzak eta horrek konfiantza eman dit, aprobetxatu egin ahal izan ditut aukerak eta espazioa dut lan egiteko eta beste trebetasun batzuk sendotzeko. Gainera, neure helburuak zehazten lagundu dit, helburuok gogoan hartzen eta lortzeko jarraitu behar dudan bidea egiten.