Alumni Mundus: Global Training 2019

Ainhoa-Xué: Nazioarteko Harremanetako + Zuzenbideko gradu bikoitza, prom.: 19. / June Ramos: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako + Lehen Hezkuntzako gradu bikoitza, prom.: 19

Global Training nazioarteko lanbideko praktiken programaren zortzigarren edizioan, Ainhoa-Xué Bartolomé eta June Ramos izan dira 2019an hautatutako 400 ikasleetako bi. Ainhoa-Xué Bruselara joango da, Belgikara; eta June, Huaraz-era, Perura. Elkarrizketa berbera egin genien biei. Deustuko Unibertsitatearen eta Mondragon Unibertsitatearen Partzuergoak hautatu dituen 60 pertsonako taldekoak dira. Bi unibertsitateen partzuergoa da aurtengo edizioan programa kudeatu duten zazpi erakundeetako bat.

Ikasketak amaitu berri dituzu eta Global Training programa egitea aukeratu duzu. Zer dela eta eman duzu urrats hori? Zeintzuk dira zure itxaropenak?

Ainhoa-Xué: Atzerrian lan egiteko motibazioa, beste herrialde bat ezagutzekoa eta, ikasketak amaitu ondoren, nazioarteko laneko esperientzia izateko gogoa izan ditut buruan. Uste dut aukera horrek lagundu egingo didala beste ikuspegi batzuk ezagutzen, independentzia lortzen eta, batez ere, pertsona eta profesional moduan hazten. Gainera, nazioarteko eta kultura ugariko inguruan ikasten jarraitzeko aukera bat da.

June: Oso geldiezina izan naiz beti. Karrera amaitu aurretik lanean hastea erabaki nuen eta, aurretik atzerrian esperientzia izan nuenez, Global Training programa aukera ona izango zela pentsatu nuen, lanbidean eta pertsona moduan garatzeko.

Itxaropenak onak dira; aurreko urteetan aukera hau izan duten pertsonekin jarri gara harremanetan eta, oro har, esperientziak positiboak dira.

Sei hilabetetan zehar, unibertsitateko ikasketetan jaso dituzuen gaitasunak praktikan jartzeko aukera izango duzu, baita bizitzan zehar zeure izaerara ekarri ahal izan dituzunak ere. Zelan sentitzen zara aukeratua izan zaren eta aukeratu duzun tokira joan aurreko fase honetan?

Ainhoa-Xué: Urduri eta oso motibatuta nago. Bruselako egonaldia hasteko gogotsu nago eta ikusi nahi dut zer eskaini diezadakeen esperientziak eta zer ekarpen egin dezakedan neuk.

June: Esan daiteke irrikitan nagoela. Nire ikaskide asko abenduan edo urtarrilean sartuko dira abentura honetan. Nik neuk, martxora arte itxaron behar dut, ikasturtea garai horretan hasten delako. Ezagutzen ez dudanak urduritasun puntu bat ere sortzen dit, baina horrek interesgarriagoa egiten du esperientzia.

Zure ibilbide pertsonalari eta akademiko-profesionalari begiratuta, non egon nahi zenuke urte batzuk barru? Zer balio ematen diozu izango duzun esperientziari a priori, zure helburuak lortzeari begira?

Ainhoa-Xué: Urte batzuk barru Garapenaren munduan ikusi nahi nuke lanean neure burua, lanbidean. Uste dut aukera honek osatu egingo duela nire prestakuntza eta garapen pertsonala; izan ere, ez da lanbideko esperientzia soil-soilik, nire intereseko beste gai batzuetan ere sakonduko dut. Gainera, iruditzen zait beka hauek mundurako eta laneko bizitzarako ateak zabaltzen dituztela.

June: Uste dut nahiko zaila dela galdera horri erantzutea, baina hezkuntzan eta kirol arloan egon nahi nuke lanean. Izan ere, Global Training bekari esker, bi esparruetan lan egin ahal izango dut. Ezin dut gehiagorik eskatu.

Esperientzia honek nire helburuak lortzeko ateak zabalduko lizkidake: beste toki batera, beste kultura batera moldatu beharko dut, beste pertsona batzuk ezagutuko ditut, ikasteko beste metodologia batzuk ikasiko ditut, horrek dakarren guztiarekin. Hortaz, oso balioespen positiboa egiten dut.

Ez dira asko atzerrian egonaldia egitea planteatzen duten pertsonak, lanbideko karrera garatzeko. Zer gomendatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumniei esperientzia hori bizitzeko aukera berriro planteatzeko?

Ainhoa-Xué: Animatu egin nahi ditut esperientzia hau bizitzera, beste kultura batzuk ezagutzeko ateak zabaltzen dizkizulako eta atzerrian prestatzen jarraitzeko modua ematen dizulako.  Gainera, toki ugari dago aukeratzeko, profil bakoitzerako egokiena dena aukeratzeko eta atzerriko esperientzia bizitzeko.

June: Gero eta gehiagotan hartzen da kontuan atzerrian esperientzia izatea. Enpresek aldaketetara moldatzen dakiten pertsonak nahi dituzte, profil oso desberdinekin lan egingo dutenak; eta halako esperientzia batek hori eta gehiago ematen dizu. Azken batean, mundua etengabe aldatzen ari da eta, geldi geratzen bazara, zaila da beste aldaketa batzuetara egitea. Horregatik guztiagatik % 200ean gomendatzen dut atzerrian esperientziaren bat izatea, arrazoia dena delakoa izanda ere: ikasketak, lana edo boluntario lana.Askoz gehiago baloratzen duzu daukazuna eta beste errealitate batzuk ezagutzen dituzu, hemen geratuta biziko ez zenituzkeenak.

Esan genezake gelatik irten berri zarela… Hala ere, zer konta diezagukezu Deustuko Unibertsitatean bizi izan duzunari buruz? Zer oroitzapen daramazu bihotzean?

 

Ainhoa-Xué: Oro har, oso oroitzapen onak ditut Deustuko Unibertsitateko urteez. Bost urteotan, oso eroso sentitu naiz bai ikaskideekin eta bai irakasleekin. Jende zoragarria ezagutu dut eta hazi egin naiz maila pertsonal eta akademikoan.

 

June: Nire kasuan, Unibertsitateko oroitzapen bikaina dut. Argi dago ezina dela erabat pozik egotea, baina bizipenik eta ikaskuntzarik gehienak positiboak izan dira. Nire esperientzia Deustuko Unibertsitatean ez da kontu akademikoetara soilik mugatu. Adibidez, urtero hartu dut parte unibertsitate mailako futbol txapelketan eta urteetako batean Espainiako txapelketan ere egon ginen. Esperientzia bikaina izan zen! Beste alde batetik, irakasle askoren oroitzapena daramat. Eredugarri izan dira gelan zer egin behar den eta zer egin behar ez den jakiteko; eta, batez ere, adiskideak daramatzat. Hori da Unibertsitatetik daramadan onena.

Partekatu ezazu