Skip to main content

Gizarteari egiten diogun ekarpena

Jesús Riaño – 2019ko iraila | Deustuko Unibertsitatea

Euskal Enplegu Zerbitzuak (Lanbidek) urtero argitaratzen duen Laneratzeari buruzko txostenaren arabera, Deustuko Unibertsitatean ikasketak bukatu dituzten pertsonen artean batez besteko landunen tasa % 91,4 da.Tasa hori aurreko promoziokoaren gainetik dago eta, gainera, goranzko joera du.

Inkesta horri erantzun dion Deustuko azken promozioak adierazle onak erakusten ditu jarduerari, enpleguari eta langabeziari dagokionez, eta azken bost urteetako goranzko joerari eusten zaio horrela.Deustun ikasketak bukatu dituzten hamar ikasletatik bederatzi lanean ari dira eta lehenengo lana lortzeko behar izan duten denbora hiru hilabetekoa izan da, oso laburra.

Enplegagarritasuna helburu estrategikotzat duten unibertsitateek ikasleen laneratze tasa hobeak lortzen dituzte.BBVA Fundazioak eta IVIEk (Ikerketa Ekonomikoetako Valentziako Institutuak)prestatu duten txostenean, unibertsitateek enplegagarritasunari egiten dioten ekarpena aztertzen da. Eta Deustuko Unibertsitatea arlo horretan aktiboen diren Espainiako lau erakundeen artean dago. Txostenak unibertsitateek kontrola ditzaketen faktoreak eta ekonomia eta lan inguruneko faktoreak bereizten ditu.

Unibertsitateak aspaldiko mendeetan sortutako erakundeak dira eta jakintza eta espiritu kritikoa zabaltzea dute funtsezko eginkizun, enpresa munduaren behar aldakorrez harantzago.Baina egia da, halaber, lanik gabe dagoen ikasleak unibertsitateari leporatuko diola gaur egungo eskeman egoki txertatzeko prestatu ez izana.Unibertsitateak ezin ditu lanik gabe geldituko diren profesionalak prestatu, baina…nolako enplegu motaz hitz egiten dugu?

Etorkizunean enplegua nolakoa izango den aurreikustea zeregin konplexua da.Baina lan merkatu globalean antzematen ari diren joerak eta bilakaera ikusirik, hainbat gogoeta egin ditzakegu.Hurrengo urteetan, lan merkatuak erronka handiei egin beharko die aurre:biztanleriaren zahartzea, iraultza digitala, robotizazioaren eragina, lan merkatura iristen ari diren belaunaldi berrien igurikimenak, enpresa egitura berriak, globalizazioa, talentua erakartzea eta eustea, belaunaldi aniztasunaren kudeaketa erakundeetan, edo hezkuntza sistemaren aldaketak.

PwCren Trabajar en 2033 txostenaren arabera, aurreikusten da langabezia tasa % 6,7koa izango dela 2033an.Kualifikazio maila ertain eta gorenetan, langabezia tasa hori enplegu betearen mailan egongo da, % 3,5 eta % 1, hurrenez hurren.Kualifikazio txikiko segmentuan, ordea, gehiago kostako zaio jaistea eta % 18,8 inguruan geldituko da 2033an.Hezkuntza mailak gora egiten duen heinean, behera egiten du langabezia tasak.

Prestakuntza maila txikiagoko gazteek zailtasun handiagoak izango dituzte lanpostu bat lortzeko.Hurrengo urteetan, lan aukera gehienak kualifikaziorik handieneko pertsonek izango dituzte.

Deustuko Unibertsitateko azken promozioari egindako inkestaren adierazleak ikusten baditugu, enpleguaren kalitatea handia dela esan dezakegu: enplegu bideratua (unibertsitateko tituluarekin bat datorrena) % 86 da eta lanpostuaren egonkortasuna, % 55 (beren kontura ari diren pertsonak, besteren kontura kontratu mugagabearekin ari direnak edo bazkide kooperatibistak kontuan hartuta).

Azken batean, ikasketak gurekin bukatzen dituztenen enplegagarritasuna gure lehentasunezko helburuetako bat da.Alumnien profesionaltasuna eta konpromisoa da Unibertsitateak gizartearen beharrei erantzuteko egin dezakeen ekarpenik handiena.

Gure alumniekin Madrilgo egoitzan izan genuen topaketa batean, hauxe zioen José María Guibert gure errektoreak:“Zuen arrakasta eta konpromisoa gure arrakasta eta konpromisoa da.Gizarteari egiten diogun ekarpena zarete”.