Adela Balderas 

PhD 2017ko promoziokoa

Pribilejioa da erronka handi baten bila dabiltzanekin batera lan egitea, laguntzea eta gidari lana egitea, erronka ikaragarria eta erantzukizun handia

Adela Balderas, komunikatzaile, prestatzaile handia eta moldaerraza. Bakoitzaren alderik onena ateratzea du gogoko eta, ildo horretatik, 35 urtetik gorako langabetuentzako coaching profesionaleko programa batean parte hartzen du Deustuko Unibertsitatearekin batera. Bere ikasleek oso goi mailako prestakuntza dute, baina egoera zaila bizi dute. Pertsona horiekin, marka pertsonala eta elkarrizketen kontrola bezalako gaiak lantzen ditu, baina denen gainetik beren buruari balioa ematea azpimarratzen du, zenbat balio duten eta zenbat gauza egiten dakiten.

Denbora daramazu, Deusto Alumnirekin batera, Lanerako Bidean proiektuan lan egiten, lanerako orientazioko programa batean, coaching-a tresna nagusia den batean. Zergatik erabaki zenuen proiektu horretan partaide izatea? Zerk erakarri zintuen?

Proiektua zoragarria iruditzen zait. Pribilejioa da beste erronka baten bila dabiltzanekin, langabezian daudenekin batera lan egitea, laguntzea eta gidari lana egitea (sarritan egoera zailak bizi dituzte eta hori kudeatzen ikasi behar dute), erronka ikaragarria eta erantzukin handia da. Niretzat ere ikaskuntza da, lankidetza eta elkarren arteko laguntza giroa sortzen delako. Sarritan, profil interesgarri eta osoak dituzten parte hartzaileen kasuak dira, euren alde sendoak indartu eta komunikatzeko modua landu behar duten pertsonak.

Zelako aukerak eskaintzen zaizkie parte hartzaileei, zure ustez?

Asko dira eskaintzen diren aukerak eta proiektuak berak errazten dituenak: harreman sare garrantzitsua ezartzetik eta sortzetik hasi eta Deustuko Unibertsitatearekin harremanetan berriro jartzera, ikaskuntza, eguneratze eta gaitasunen garapeneko fasea ahaztu gabe, jakina.
Gainera, programaren talde ikuspegiari esker topagune bat sortzen da partekatzeko eta hazteko, parte hartzaileek taldean lan egiteko eta helburu komun bat lortzen elkarrekin lan egiteko: enplegu bat lortzen, hain zuzen.

Daturik berrienak begiratzen baditugu, azken edizioan parte hartu zuten pertsonen % 40k aurkitu zuen lana, batzuek programa amaitu aurretik. Zer alderdi dira, zure ustez, giltzarri langabezian hilabeteak daramatzaten profesionalek laneko beste aukera bat izan dezaten, programan parte hartu ondoren?

Alderdi askok laguntzen du hori guztia gertatzen. Agian garrantzizkoena norbere buruarengan konfiantza berreskuratzea da. Jakina, era guztietako tresnak ikastea eta hautaketa prozesuetan funtsezko diren alderdiek ere bai: CV bat egiten hasi eta elkarrizketa prestatzera. Baina badira alderdi “fin eta zorrotzagoak” ere, saio bakoitzean ikasi eta sakontzen direnak: marka pertsonala eta zelan identifikatu berezi egiten gaituzten ezaugarriak, edo zelan komunikatu eraginkortasunez eta, batez ere, bikaintasunez.

Programan parte hartzen dutenek esaten dute bertan oso giro berezia sortzen dela. Zein da sekretua, zure ustez?

Egia esan, oso giro berezia sortzen da. Sekretua honetan dagoela uste dut: programan parte hartzen duen pertsona bakoitzak ikasteko, hobetzeko, helburu argi bat lortzeko gogo ikaragarria du… Eta eskuzabaltasunez jokatu eta partekatu nahi dute. “Partekatze” horretatik abiatuta sortzen da magia, hor gertatzen dira gauza bereziak, horrek taldea sendotu eta batu egiten du, bata bestearengan oinarritu eta hobetzeko. Pertsonaren garapenean itzelezko hobekuntza gertatzen da, eta aurrerakada horrek egiten du hautagaiek balio handiagoa izatea lan merkatuan.

Urtarrilean hasiko da 4. edizioa. Animatuko zenituzke beste alumni batzuk parte hartzera?

Inolako zalantzarik gabe. Lan merkaturatzeari buruzko datuak onak izateaz gain, garrantzi handikoa da jasotzen den ezagutza, esperientzia eta programaren beraren izen ona ere.

Partekatu ezazu