Brexit-a: ziurgabetasunak eta ziurtasunak

María Luisa Sánchez-Barrueco. Zuzenbideko 1994ko promozioa

Erresuma Batua, zoritxarrez, mila zatitan hautsitako gizartea da, belaunaldien arteko, geografiako eta klaseko zauri sakonak dituena

Politikan, inork ez daki zer gertatuko den biharko egunean: Trump, Brexit-a, Europaren kontrako liderren oldarraldia Frantzian, Austrian, Holandan edo Alemanian dira populismoaren aurrerapausoen adibideak.

Europar Batasuna uzteko britainiar erabakia ikuspegi ekonomikotik aztertzen bada, logikoa izango litzateke Erresuma Batuak Batasunean jarraitzea; baina herritarrek kontrakoa adierazi dute, boto kutxen bitartez. Cameronek galdu egin zuen erreferenduma, boto emaileen % 52ri garrantzizkoa iruditu zitzaielako ekonomiaren kontrola berreskuratzea.

Bruselatik, Parisetik, Berlinetik, EBko liderrek kontinente zaharreko eta munduko gainerako herrialdeetako herritarrak konbentzitu beharra sentitzen dute, Europak proiektu politiko, sozial eta ekonomiko sendoa eta ilusioz betekoa duela, Erresuma Batuarekin edo hura gabe.

EB behin eta berriro saiatu bada ere, badirudi ez duela jakin bere herritarren asmoei egoki erantzuten. Atxikimendu faltak, nahigabeak, gora egin du krisi ekonomikoak, langabeziak edo migrazioek eraginda.
Joan den martxoaren 21ean, Simon Manley Erresuma Batuak Espainian duen enbaxadoreak hitz egin zuen Deusto Forumen Brexitaz.

Europako Estatu Batuak sortzea ez da inoiz gure helburuen artean egon, baina Europako gainerako herrialdeen bazkiderik onenak izaten jarraitu nahi dugu, interes komunak partekatzen ditugu eta

Hitzaldi hori aprobetxatuta, María Luisa Sánchez-Barruecorekin hitz egin dugu, Europar Batasuneko Zuzenbideko irakasle eta ikertzailearekin. Lord-en Ganberan parte hartzera gonbidatu zuten Deustuko irakaslea.

Zerk bultzatu zituen britainiarrak Brexitaren aldeko botoa ematera?

Adituak oraindik ere horretaz hausnartzen ari dira. Atzamarrak falta ditugu eskuan arrazoiak kontatzeko. Hasteko, 2016ko ekainaren 23ko erreferenduma ez zen beharrezkoa. Alderdiaren barruko motibazio hutsak bultzatu zuen David Cameron kalkuluko akats politiko ikaragarri hori egitera. Erresuma Batuak kokapen bikaina eta pribilegiatua zuen EBn eta berriki lortuak zituen kontzesio batzuk europar bazkideengandik. Elite euroeszeptikoen eta oinarrizko populismoaren interesek bat egin zuten Erresuma Batuan eta hauteskundeen emaitza oso polarizatua geratu zen. Ordezkaritzazko demokraziaren mugak eta hedabideen desinformazioaren eta zenbait politikariren eskrupulo falta aztertzeko laborategi bikaina izan zen kanpaina. Erresuma Batuko kiderik gehienek erantzukizun etikoko lezioa eman zidaten: EBren eta Erresuma Batuaren arteko harremanei buruzko egia azaltzera jaitsi ziren, Brexita Erresuma Batuarentzat zein kaltegarria izango zen azaltzera, kontrako egoeran eta arrakastarik gabe. Hauteskunde garaian, gehiago mugiarazten du hauteslea beldurraren estrategiak (Europak lapurretan egiten digu, etorkinek inbaditu egiten gaituzte) edo zorionaren agintzariak (osasun publikoan inbertituko ditugu astean Europara bidaltzen ditugun 350 milioi euroak), neurrizko eta zuhurtziazko analisiak baino. Bestalde, halako sakonerako aldaketa konstituzionalak adostasun zabalagoa beharko zukeen: zer legitimotasun du % 52ko gehiengoak – benetako populazioaren % 37– Brexita bezain aldaketa garrantzizkoa inposatzeko? Gaur egun, oraindik Brexita gertatu gabe, Erresuma Batua, zoritxarrez, mila zatitan hautsitako gizartea da, belaunaldien arteko, geografiako eta klaseko zauri sakonak dituena. Osatzen urte ugari beharko dituena, baita, jakina, ‘kontrola berreskuratzen’ ere.

Zelan doaz Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren arteko negoziazioak?

Oraingoz, 2017ko abenduaren 8an erabaki zen bigarren etapara pasatzea, alde biko akordio iragankorrak negoziatzen hastea. Otsailaren 28tik, badago erretiratzeko akordioaren zirriborro bat. Izenak berak adierazten duenez, behin-behinekoa da eta noiznahi aldatu daiteke, ordezkaritzako buruek sinatu aurretik.

Negoziazioek agerian utzi dute, nire ustez, Europar Batasunaren prestakuntzaren eta batasunaren eta Erresuma Batutik antzematen ziren indefinizio eta gorabeheren arteko desoreka. Europar Batasunak bere agenda politikoa inposatu du, bai denboran eta bai edukietan, bi oinarri aplikaturik: etapakako ikuspegia (phased approach) eta negoziazio globala (package deal). Lehenengo printzipioari esker lortu du EBk negoziazioak hiru etapatan egitea, bere lehentasunak lehenengo etapan kokatuz (irteera ordenatua) eta britainiarren interesak hurrengo faseetarako utzirik (akordio iragankorrak eta etorkizuneko harremanak). Hurrengo etapara pasatuko dira, baldin eta bi aldeek aurrerapausoa nahikoa izan dela uste badute. Negoziazio globalaren printzipioak esan nahi du, negoziazioetan zehar,aldeetariko bakoitzak besteari ateratzen dion tarteko kontzesio bakoitza baldintzatuta geratzen dela azkenean ateratzen denaren arrakastara. Ziurgabetasun handia eragiten du eta areagotu egiten du azken akordiorik ez egotea edo epea agortzea berrespenik izan gabe.

Zer zentzu du britainiarrentzat Brexit biguna bilatzeko dena aldatzeak eta, merkataritza harremanak, behintzat, gaur egun dauden moduan uzteak?

Ingeles esaera zahar batek dio ezin duzula pastela jan eta gorde aldi berean, edo guk esaten dugun bezala “putz eta zurrut ezin batera egin”. Erresuma Batuak nazioarteko merkataritza arloan dituen marra gorriak nahastu egiten dira EBrenekin: arautzeko askatasuna nahi dute, baina europar merkaturako sarbidea ere bai; baztertu egiten dute Luxenburgoko Epaitegiaren jurisdikzioa, etab. Munduko Merkataritza Erakundea (MME) dela bideragarri ematen du; baina elkar zapaltzeko baino ez litzateke izango. Aste barruan britainiar gobernuaren beraren ikerlan batek onartu du MMEren aldeko aukera egiteak igo egingo lituzkeela oinarrizko elikagaien prezioak % 8 eta % 17 bitartean, eta hori mugakoak ez diren zergetan! Adibidez, kilo bat sagar 30 zentimo gehiago kostatuko litzateke edo garagardo arrunt bat, euro bat gehiago, etab.
Gai honek definitu gabe jarraituko du hirugarren fasera arte, baina argi dut EBren marra gorri bat: ez du gaurkoaren pareko baimenik emango salgaientzat, zerbitzuentzat eta/edo kapitalentzat soilik, horrek hautsi egingo luke barne merkatuaren osotasuna, horixe baita Europaren Integrazioaren bihotz ekonomikoa.

Erreferendumaren aurreko kanpainan,Brexitaren ondorioei buruzko kopuru ekonomikoen gerra bizi izan genuen. Zein da, zure ustez, Brexitaren ondorengo inguru politikoa Britainia Handiarentzat eta EBrentzat?

EBk europar aurrekontuei ekarpen garbia egiten dion zergadun bat galduko du, ekonomia aldetik garai latzak bizi dituenean, eta beste herrialde batzuek (Alemaniak, Holandak edo Suediak) esana dute ez dutela gehiago ordainduko. Espainiarentzat, horrek esan nahi du europar laguntza estrukturalak beharrizan handiagoak edo premia larriagoak dituzten herrialdeentzat gordetzea. Ondorioz, lehia handiagoa izango da lortzeko. Euskadi ez da, bereziki, egitura-funtsen hartzaile eta berrikuntzaren arloko apustua errentagarria izan daiteke britainiar lehiakiderik gabeko inguruan. Erresuma Batuari dagokionez, ez zion batere graziarik egingo gobernuari joan den astean isileko txosten baten filtrazioak. Horren arabera, BPGren % 4,5eko beherapena emango da Brexitaren ondorengo lehenengo hamarkadan. Ezin da jeneralizatu; izan ere, krisi orok sortzen ditu aukerak norbaitentzat eta zenbait sektore ekonomikok beste batzuek baino gutxiago sufrituko dute.

Komentatu duzu joan den otsailaren 28an aurkeztu zela Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko alde biko akordioaren erretiradaren lehenengo zirriborroa. Azalduko zenizkiguke alderdirik nabarmenenak zeintzuk diren?

Abenduan adostu zen Erresuma Batuak estatu kide gisa dituen eskubide politikoak 2019ko martxoaren 29an galduko zituela. Aldi berean, 2020ko abenduaren 31ra arteko epe iragankor bat ere adostu zen, funtsezkoa Erresuma Batuaren betebeharrei dagokienez.

EBk defenditu duen interes nagusia izan da pertsonen zirkulazio askeaz baliatu diren europarrak babestea, Erresuma Batua Batasunean dagoen bitartean. Lehentasuna da EBrentzat, desoreka argia baitago migrazio fluxuetan, eta horrek babesik gabe utzi ditzake Erresuma Batuan bizi diren europar herritarrak eta haien senideak. Egungo datu fidagarririk ez badut ere, 3,5 milioi inguru dira Erresuma Batuan bizi diren herritarrak; Europan bizi diren britainiarrak, berriz, milioi bat inguru baino ez. Harrigarriro, Espainiaren posizioa arau orokorretik kanpokoa da: Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera, 2016an 300.000 britainiar zeuden Espainian (gehienak erretiratuak); 116.000 ziren, berriz, Erresuma Batuan zeuden espainiarrak. Egoera horretan daude Deustuko alumni asko. Behin-behineko akordioa oso bermatzailea dela esan dezakegu, 2020ko abenduaren 31ra arte joan diren edo joango direnen eskubideak zaintzen baititu. Areago, aukera ematen diete, 5 urtean egonda, bizileku iraunkorrerako eskubidea lortzeko.

Funtsezko beste gai bat Brexitaren “faktura” izenekoa izan da. Horretan ere Erresuma Batuak amore eman behar izan du eta Urte anitzeko finantza esparruarekin hartutako finantza erantzukizunak ordaindu beharra du. Formalki 2020ko abenduaren 31n amaitzen bada ere, betearazpena 2032ra arte luzatu daiteke.

Bi akordioak behin-behinekoak dira eta komeni da zuhurtasunez jokatzea azkenera arte.

Ikasi dezakegu lezioren bat Brexitetik?

Badira ikaskizun batzuk inoren buruan ikasi ditzakegunak; baina bada lezio bikoitz bat sarritan ikasleekin partekatzen dudana: Brexitarekin eta beraren negoziazioarekin hurbil-hurbiletik ikusten ditugu Zuzenbidearen eta Politikaren arteko eraginak Europar Batasunaren Tratatuan zoritxarrez ospetsu egin den 50. artikuluko hutsune juridikoek baldintzatu egin dute negoziazio politikoen ibilbidea. Baina, aldi berean, Zuzenbide berri batek ikusi du argia, orain arte sinestezina zirudien testuinguru batean. Orain ditugun arazoetariko batzuk saihestu zitezkeen, nire ustez, eragile nagusiek prestakuntza akademiko egokia zutela erakutsi izan balute, Estatu sena izan eta erantzukizun indibiduala izan balute bakoitzak bere esparruan.

Erresuma Batuan aurrera jarraitzen du hedabideetan eztabaidak, bigarren erreferendum bat egitea komeni den ala ez. Baina aukera hori baztertu egin du gobernuak. Uste duzu gertatu daitekeela irteteko erabakia bertan behera uztea eta Erresuma Batuak Batasunean mantentzea berriro negoziatzea?

Agian bestelako erantzuna emango nukeen duela sei hilabete. Egia da Theresa Mayren gobernua zatituta dagoela, ez duela gehiengo nahikorik Parlamentuan eta onarpen maila gero eta baxuagoa dela. Hala ere, irtenbide bideragarri bakarra Jeremy Corbinen alderdi laborista dela. Corbin saiatu da barne lidergoa sendotzen Batasunetik irtetea defendituz. Alderdi liberala bakarrik geratu da bigarren erreferendum baten aldeko jarreraren defentsan. Uste dut Brexitak ez duela atzera bueltarik politikoki. Juridikoki, 50. artikuluak ez dio ezer EBn 2017ko martxoaren 29an eman zen erretiratzeko gutuna atzera botatzearen ondorio posibleei buruz. Erresuma Batuak negoziazioak bertan behera utzi eta geratzea erabaki lezake? Nik neuk uste dut geratzea ezin dela inposatu indarrez; gainera, europar bazkide guztien adostasuna eskatuko luke. Brexitaren kasuan dena dago idazteko, idatzita dagoen gutxia izan ezik.

Zer eragin izan dezake Brexitak gure egungo ikasleen enpleguan?

Lasaitasun mezua zabaldu behar da; izan ere, Brexitak ez du esan nahi mugak itxi egingo direnik. Gure ikasle eta ikasle ohiek prestakuntza bikaina dute eta 2020ra arte, gutxienez, familiarekin bizitzeko eta noranahi joateko eskubideak izango dituzte, indarrean dagoen europar legeriak dioen moduan. Geroago joaten badira, britainiarren atzerritartasun legeari loturik egongo lirateke. Legea murriztailea bada ere, iragazkorragoa da britainiar ekonomiako sektore jakinetan eskatzen diren prestakuntza bikaineko profesionalen profilekin. Azkenik, erretiratzeko alde biko akordioa betearazteak oso ate interesgarria zabaltzen du Brexitaren eragina alde batetik eta bestetik jasaten duten herritar eta enpresen laguntza juridikoan espezializatu nahi dutenentzat.

Duela urtebete Lorden Ganberara joan zinen aditu gisa. Zalantzarik gabe oso esperientzia profesional eta pertsonal interesgarria izango zen. Zelan bizi izan zenuen?

Nire ametsik onenetan ere ez nuen pentsatuko Lorden Ganberara joateko gonbidapenik izango nuenik, zertan eta ikerketa batean parte hartzeko, europar aurrekontuaren kudeaketa eta kontroleko nire lanetan oinarrituta. Bizitzan egin izan dudan eginkizunik zailenetarikoa planteatu zidaten: erantzun juridikoa ematea, ordura arte inork sekula erantzun gabeko galderei. Asko ikasi beharra izan nuen oso denbora gutxian, erantzukizunez –areago, sekulako presiopean!– Deusturen izena toki onean uzteko. Azkenik, nire arrazoibideak dotrinan nagusi zen korrontearen kontrako bidetik eraman ninduen, aurretik kontsultatuak izan ziren legelari adituen iritziaren kontra. Harrigarriro, Lorden Ganberak nire posizioarekin bat egin zuen eta hartan oinarritu zuen behin betiko txostena. Ondoren jaso nituen inpresio (eta kritikak) kontuan hartuta, zalantzak sorrarazi nituen funtsezko eragileen artean, egintzat ematen ziren gaietan, eta ekarpentxoa izan zen hiru hilabete geroago hasi ziren negoziazioei aurre egiteko. Eta azken pasadizo bat: lekuko gisa azterketa bukatutakoan, Wellington-go dukea etorri zitzaidan agur egitera, gaztelaniaz, frantsesak Gasteizeko guduan kanporatzen lagundu zuen eta duela 100 urtetik hona Ama Birjina Zuriaren plazan estatua bat duen izen berekoaren ondorengoa. Oso esperientzia asebetegarria, hasieratik amaierara.

Partekatu ezazu