Skip to main content

Neure burua geldiezintzat daukat, eta ez dut era guztietako erronkei aurre egiteko beldurrik. Hain zuzen ere horregatik, ez dakit non egongo naizen bost urte barru. Edonola ere, etorkizunean gehiegi ez pentsatzen saiatzen naiz, oraina disfrutatzea eta aprobetxatzea gustatzen zait, eta gaur egun nahi dudan tokian nago, eta zoriontsu egiten nauena egiten dut. Hori da nire bizitzako premisa nagusienetako bat, nagoen lekuan zoriontsu izatea.

Zuzenbideko ikasketak amaitzen zenituen bitartean, zure udalerriko, hau da, Abanto-Zierbenako udal bizitza politikoan parte hartu zenuen. Zer izan zen zuretzat unibertsitateko ikasgeletatik eremu politikora jauzi egitea?

Zalantzarik gabe, erronka bat.

Erantzukizun hori neure gain hartu baino lehen, politikarekiko interes handia nuen jada, komunikabideetan parte hartzen nuen eztabaida eta tertulietan, Abantoko EAJko Uri Buru Batzarreko kidea eta alderdi bereko gazte erakundeko lehendakaria ere izan nintzen. Dena den, ardura publiko hori nire gain hartzea harro egoteko modukoa izan zen niretzat, azken finean Abanto Zierbena herri solidario, inplikatu eta berezia osatzen duten pertsona guztiak ezagutzeko, nire lana haiekin partekatzeko eta haiei laguntzeko aukera paregabea.

Kargua onartzeko momentuan banekien nire herriari hainbeste urtetan eman zidana itzultzeko garaia iritsi zela; oso harro sentitu nintzen eta aldi berean zorabio handia ere sentitu nuen.

Zein da lau urte hauetako balantzea? Etorkizunean politikara itzultzeko ideiak erakartzen zaitu?

Heldutasun pertsonal eta profesionaleko lau urte izan ziren. Ikuspegi profesionaletik, administrazio publikoak nola funtzionatzen duen ikasteko aukera, taldeak lideratzeko eta erabaki garrantzitsuak hartzeko ardura nire gain hartu ahal izan nuen. Maila pertsonalean, udaletxetik pasatzeak niretzat suposatu zuen guztia deskribatu ezina da. Entzuten eta batez ere auzokideen iritziak ulertzen ikasi nuen, hau da, nire adiskide, bizilagun, ikaskide ohi, auzokide eta familiako kide ziren guztienak.

Erabaki zaila izan zen udalean ez jarraitzea. Hala ere, naizen modukoa izan eta zein iritzi dudan jakinik, argi nuen nire ibilbide profesionalean zentratu behar nuela, beti defendatu izan baitut politika kualifikaziodunek, esperientziadunek gidatu behar dutela eta zerbitzu publikoak emango dituzten sektoreetako profesional adituek. Ez dakit zer etorkizun izango dudan, gaur egun ez dut uste politikara itzuliko naizenik. Eta itzultzekotan, dudarik gabe, une horretan nire ezagutza eta esperientziarengatik zereginean baliozkoa izango naizelako ustea dutenen konfiantza dudalako itzuliko naiz.

Beti esaten dudan bezala, politikan dakizuna ematera sartzen zara, apaltasunez eta dedikazioz. Politikarako zaletasuna ukaezina dut eta ahal dudan guztian elkarlanean jarraituko dut; izan ere, hastapenetako politikaz hitz egiten dugunean erantzukizun publikoko postuak aipatzen baditugu ere, parte hartzeko beste era asko daude eta balio kalkulaezina dute.

Hilabete batzuk abokatu autonomo gisa izena eman ondoren, sektore pribatura joaten zara, lehenengo Mutualiara eta gero PwC enpresara, auditoretza, enpresa aholkularitza eta aholkularitza juridiko eta fiskala eskaintzen duen enpresara. Era berean, Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuaren klaustro akademikoko kidea zara. Zure eguneroko bizitza profesionalaren berri apur bat kontatuko diguzu?


Munduko zerbitzu profesionalen enpresa onenetariko batean lan egiteko zortea dut. PwCn egunero erronka, proiektu eta aukera berriak daude. Zalantzarik gabe, profesionalki hazteko leku paregabea da, egunez egun lan egiten eta hobetzen ikasteko. Egun bat ere ez da berdina, beraz zaila izango litzaidake azaltzea nire “egunez eguneko” lana PwC; baina esan dezaket “egun bakoitza egun berria dela”.

Hala ere, bada inoiz aldatzen ez den gauza bat: nire lagunen berotasuna. Zorionekoa naiz familia handi baten parte izateagatik, eta ezer ez litzateke berdina izango haiek gabe. Irakatsi eta gidatu egin naute nora joan ez nekienean, beti aurkitu izan dut eskua luzatuta behar nuenean, eta baita barre egiteko momentu bat ere tentsio uneen artean.

Horrez gain, Bizkaiko Abokatuen Elkargoak parte hartzen duen Abokatutzaren jarduerarako Unibertsitate Masterreko urteroko Oratoriako klaseekin bateratzen dut. Hasi nintzenean, ikasleek baino 3 urte eskas gehiago nituen. Pentsa ezazu!Jendaurrean hitz egiteko teknika batzuk irakasten dizkiet eta, batez ere, jendaurrean aritzeko beldurra kentzen saiatzen naiz, beren gaitasunetan konfiantza izan dezaten eta komunikazio ona ezinbestekoa dela uler dezaten bere ibilbide profesionalerako ez ezik, bizitza osorako.

Hamar urte baino gutxiagoan bi lanbide-esparru konprometitu ezagutu ahal izan dituzu. Zein ikaskuntza, eta zer gaitasun berri zeureganatu dituzula uste duzu garai honetan? Non ikusten duzu zeure burua bost urte barru?

Taldean lan egiten eta inguruko jendearen iritzi bakoitza balioesten ikasi dut, pertsona guztiengandik beti daukagulako zer ikasi. Gainera, azken 10 urte hauetan modu eraginkorrean komunikatzen ikasi dut, nahiz eta beti egon zer hobetu; horregatik, lanbidean miresten ditudan pertsonei arreta jartzen saiatzen naiz, asko baitira. Dena den, 10 urte hauetan ikasi dudan gauzarik garrantzitsuenetako bat nire buruarengan konfiantza izatea da, nire erabakiak hartzea nire iritzian oinarrituta. Ez dut beti asmatuko, baina, jakina, asmatu zein huts egin, neure erabakiz izango da, hortik ikasteko.

Neure burua geldiezintzat daukat, eta ez dut era guztietako erronkei aurre egiteko beldurrik. Hain zuzen ere horregatik, ez dakit non egongo naizen bost urte barru. Edonola ere, etorkizunean gehiegi ez pentsatzen saiatzen naiz; oraina disfrutatzea eta aprobetxatzea gustatzen zait, eta gaur egun nahi dudan tokian nago, eta zoriontsu egiten nauena egiten dut. Hori da nire bizitzako premisa handienetako bat, nagoen lekuan zoriontsu izatea.

Deusto Alumni Time aldizkariaren ale honetan parte hartzeagatik eskerrak ematen dizkizugu. Azkenik, zer oroitzapen daukazu Deustuko ikasgeletan emandako denboraz?

Oroitzapen bikainak ditut, gela horietan hazi nintzen eta nire bizitzan oso garrantzitsua izan den jendea ezagutu nuen. Nire kasuan, euskaraz egin nuen gradua, gaztelaniazko klaseetan baino gutxiago ginen, eta horregatik irakasleekin harremana askoz ere estuagoa zen. Aukera hau aprobetxatzen dut Zuzenbidea ikasteko asmoa duten guztiak euskaraz egitera animatzeko.

Santiago Larrazabal, Andrés Urrutia, Alberto Atxabal, Lorenzo Goikoetxea, Eba Gaminde, Gema Tomás edo Javier Arrieta bezalako profesional handien ikasle izateko zortea izan nuen, besteak beste.

Deustuko korridoreetan ikusiko gara!

Eskerrik asko zuei!