Skip to main content

Deusto Law Alumni Deusto Alumnin integratu da

1992ko abenduaren 9an, Zuzenbide Fakultateko Ikasle Ohien Elkartea eratzeko batzarra bildu zen. Hogeita bederatzi urte eta erdi geroago, 2022ko ekainaren 30ean, Ohiko Batzar Nagusia eta Ezohiko Batzar Nagusia aldi berean egin ziren, Zuzenbideko ikasle ohiei nortasun propioa duen presentzia bermatuko dien akordioa adostu eta Deusto Alumnin integratzeko, eta Deusto Law Alumni Elkartea desegitea onartu zen.

Itzuli gaitezen 1992ra. Juan Martín Mugarza Yenes (prom.: 65) izendatu zuten sortu berri zen elkartearen kudeatzaile. Hilabete geroago hasi zen Marta Enciso Santocildes (prom.: 91) kudeatzailearen ondoko lanak betetzen. Prestakuntza, informazioa eta lana bilatzea izan ziren elkartearen oinarrizko zutabeak eta horien gainean jarri zituen elkarteak praktikan helburuak: aholkularitza eta informazioa ematea hainbat alderdiren inguruan, ikasleei, tituludun berriei edo dagoeneko finkaturiko profesionalei.

Prestakuntza arloan, zenbait hitzaldi antolatu ziren, Zuzenbidearen arlo aldakorrei buruzko ikastaroak (Zergak, Lana, Gizarte Segurantza, Kontsumoa, Banku Zuzenbidea, etab.) eta intereseko arlo osagarriei buruzko programak (kontabilitatea, Internet, ingeles eta aleman juridikoa, oratoria).

Abian jarri zuten Informazio eta Dokumentazio Zentroan (CID), hainbat eratako informazioa ematen zen: oposizioak (tokikoak, eskualdekoak eta europarrak), bekak (lanekoak, ikerketakoak eta graduondokoak), ikasle trukeak, nazio eta nazioarteko espezializazio ikastaroak, CVak eta aurkezpen-gutunak egiten ikasteko ikastaroak. Gainera, informazio buletin bat argitaratzen zuten hiruhilean behin puri-purian zeuden gaiei buruz.

Lana bilatzeari buruzko atalean, 4. eta 5. mailako ikasleentzako hezkuntzako lankidetzako udako praktikak kudeatzen ziren abokatuen bulegoetan, langileen hautaketako enpresetan, lehenengo lanaren bila zebiltzanentzat edo lanpostua hobetu nahi zutenentzat; bitartekaritza lana egiten zen enpresen eta azken mailan zeuden ikasleen edo tituludun berrien artean; astero bildu eta eguneratzen ziren estatu mailako eta bertoko prentsan argitaratutako lan eskaintzak; eta autoenpleguari eta enpresak sortzeari buruzko informazioa ematen zen, baita finantzaziorako zer iturri zegoen ere.

1992ko azarotik 1997ko azarora, Internetik eta telefono mugikorrik gabeko garaian, ordenagailu gutxi batzuk eta agian idazmakina bat lan tresna gisa erabiltzen ziren garaian, kudeatzailearen ondokoa, Marta Enciso Santocildes zen elkartearen egunean eguneko lana egin, antolatu eta Zuzenbide Fakultateko Ikasle ohien Elkarteko jarduerez arduratzen zena. Hark hartzen eta artatzen zituen zerbitzuak jaso nahi zituzten pertsona guztiak: “oso une sortzaileak eta erronkaz beteak izan ziren. Hutsetik hasi zen, ikasle zein lizentziatuei zerbitzua nola eman pentsatuz. Isabel Gil eta Estibalitz Castrorekin batera sortutako ilusioa eta talde-lana funtsezkoa izan zen hori lortzeko”.

1993an eta 1996an, hurrenez hurren, Isabel Gil Ruiz (Zuzendaritzako idazkaritza. Prom.: 94) eta Estibalitz Castro Requena (Zuzendaritzako idazkaritza. Prom.: 98) sartu ziren taldean administrazio zereginetarako.

2007ko apirilaren 1etik 2008ko otsailaren 29ra, Eba Gaminde Egiak (prom.: 92) kudeatzaile kargua hartu zuen. Biharamunetik, Aitziber Emaldi Cirion (prom.: 95) arduratu zen kudeaketaz eta zuzendaritza batzordeko idazkaritzaz, 2017ra arte.

2015eko ekainaren 29an, David Fernandez de Retana Gorostiza (prom.: 01) izendatu zuten presidente eta 2022ra arte gidatu du elkartea.

2018ko ekainaren 21ean, Deustuko Unibertsitateko Paraninfoan, Deusto Law Alumnik hogeita bosgarren urteurrena ospatu zuen. Ekitaldiak, Carlos Soberak zuzenduak, (prom.: 85), 25 urte haietan pasatzen ikusi zituen beste alumni batzuk ere bildu zituen, hala nola, Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkoreka, Auzitegi Konstituzionaleko presidenteorde ohi Adela Asua eta Juan Luis Ibarra, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea.

Orain, Deusto Law Alumniren legatuak aurrera jarraitzen du Deusto Alumnin.