Emakume bakoitzak barneratu behar du bakarra dela, osoa dela eta gai dela. Eta duintasun, berdintasun eta justizia muga sendoa ezarri behar du, inongo gizonek, ez emakumek inola ere eskualdatu ezin dezakeena.
Esan liteke Cristina Marurik uztartu egiten dituela bere pasiorik handiena eta industria talde garrantzitsu bateko aholkulari juridiko gisa duen ibilbide profesionala. Noiz ohartu zinen bidaiatzeko, ezagutzeko, gizakiaren esentzian sakontzeko bulkada eta erakarpen sakona zenituela, zuk zeuk diozun bezala, Humanismoz eta Elkartasunez betetzen zinela, tematuta “Mundu hobearen alde” esaldia utopiaz husteko?
Egia esan, horrekin jaio nintzen; horrekin eginda nago, larruz eta hezurrez eginda nagoen bezala. Izan ere, oso txikia nintzela, adineko pertsonei laguntzen nien erosketa-poltsa astunak eramaten, kargatuegiak ikusten banituen, pena ematen zidatelako. Eta nahaste batean baino gehiagotan sartu naiz, nola aterako nintzen neurtu gabe, indartsuak ahulari abusu egiten ziola ikusita edo bidegabekeria ikusita. Ezin dut halakorik jasan. Uste dut, gure munduan gehiegi korapilatu garela, ez garela ogi bat besapean dugula jaiotzen, hipoteka besapean dugula baizik, hau da, bizitza ordaintzeko borrokatu eta ahalegindu behar dugula. Halako batean, baina, uste duzu dagoeneko ordaindu duzula, edo, gutxienez, lasterketa frenetikoa moteldu egiten dela; lehentasunak aldatu egiten direla. Hausnarketarako uneak bilatzen dituzu, nor zaren, zer nahi duzun eta zer egiteko geratzen zaizun galdetzen diozu zeure buruari. Eta niri asko ere asko geratzen zait egiteko. Ikusteko, ikasteko, egiteko, transmititzeko, laguntzeko eta maitatzeko.
2017an, Cristina artista eta dibulgatzailearen bizitza publikoaren hasiera izan zen: Todas mis fotos hablan de ti, zure lehenengo liburua argitaratu zen. Nola deskribatuko zenituzke une horren aurrekoa eta ondorengoa?
Haurdunaldi inkontzientea izango zen. Zerbait hazten ari zela nire baitan, sentimenduek, emozioek, bizipenek eta bizitzan zehar metatzen dugun guztiak elikatuta. Xanpain botila bati kortxoa kentzea izan zen, izan zuen indarragatik, edo zehatzago, upategi oso bati kentzea, izan zuen jarraikortasunagatik. Une horretatik aurrera ez bainaiz gelditu. Ezin dudalako eta nahi ez dudalako. Todas mis fotos hablan de ti hogeita bi egunetan idatzitako laurehun orrialdeko eleberria da. Harrezkero, idaztea eta nire bizitza, oro har, tsunami bihurtu dira, beste hiru baititut idatzita, ehunka poema, leku askotara bidaiatu dut, hitzaldiak eman ditut, erakusketak aurkeztu ditut, podcast bat grabatu dut eta, azken batean, nire esentziarik intimo eta indibidualenari dagozkion gauza asko egin ditut, nire baitan itxita zeudenak, sarritan gure musikarik onena ez delako inoiz entzuten, soinu egiten uzteko astirik ez dugulako.
Zure eta beste emakume batzuen bitartez, emakumearen begiradak eta ahotsak gizarte eta kultura androzentrikoegia interpelatzen dute. Zer esango zenieke kausa horrekin bat egin ala ez zalantzan dauden Deustuko Unibertsitateko tituludunei?
Emakume izatea zoragarria da eta, aldi berean, estigma. Zoragarria, beren gaitasun eta dohain guztietan sinesten dudalako, beren ñabardura ugarietan, eta bere lorpen neurtezinetan. Familian, ekonomian eta gizatasunean. Nahiz eta horietako asko ez aitortu, isilarazi edo gizonei egozten zaizkien. Hemen dago estigmaren zati bat. Estigma horren beste zatiak, odoltsuenak, planetako populazioaren ia hiru laurdenek animalia baten eboluzio eta ekoizpen mailaren pareko kontsideratzen gaitu emakumeok. Eta hori errespetu faltatik, aukera faltatik eta askatasuna ukatzetik ondorioztatzen da. Izateko edo erabakitzeko gaitasuna ukatzetik. Hitz egiteko edo parte hartzeko gaitasuna ukatzetik. Intentsitate aukera zabala dago diskriminazioaren mailaketa neurtzeko. Latza da hirugarren munduan, eta epelagoa lehenengoan; baina hor dago oraindik.
Emakume bakoitzak barneratu behar du bakarra dela, osoa dela eta gai dela. Eta duintasun, berdintasun eta justizia lerro hertsia ezarri behar du, inongo gizonek ez emakumek inola ere eskualdatu ezin dezakeena.
Zure bidaiak dituzu inspirazio iturrietako bat, eta zure sormena eta jarduera elikatzen dute. Esperientzia horietatik, zeintzuek eta nola markatu zaituzte? Zer partekatu nahi zenuke Deustuko ikasle ohiekin?
Kontaezinak dira partekatu nahi nituzkeenak. Nola hasi nintzen negarrez Taj Mahal aurrez-aurre ikusi nuenean. Edo Txinako Harresi Handian zehar igaro nueneko hotza, zeropetik bost gradutara, elurrez eta zuhaitz zurituz inguratua. Intxaurren tamainako labezomorro hegalariak, soinekoan itsasten zitzaizkidanekoa, Nilo ibaia zeharkatzen zuen ontzitxoaren terrazan. Sri Lankan tea bildu nuenekoa, Ugandan zilarrezko gorila libreak ikusi nituenekoa. Hamaikatxo miragarri aurkitu ditut eta beste hamaikatxo une ahaztezinetan ikasi, neure burua ezagutu eta eraiki dut. Baina bada behin eta berriro ikusten eta miresten dudan zerbait: ia ezer ez daukatenek jaregiten eta oparitzen diguten zoriona. Bizitzen sinpletasun horretan egia handia dagoela egiaztatzen dut, eta neure buruari galdetzen diot sarritan hainbeste lezio ematen ditugunok ez ote garen galduta gauden haur geurekoiak, heldugabeak eta are krudelak.
Eskerrik asko, Cristina! Topaketa labur hau amaitzeko, kontatuko zeniguke orain zer oroitzapen gordetzen dituzun Deustuko ikasgeletatik igarotako denborari buruz?
Eskerrik asko beti zuei eta zuen irakaskuntzari, zentzurik zabalenean. Ez bakarrik zentzu akademikoan, lan-merkatuan inolako oztoporik gabe sartzeko aukera eman baitzidan; zentzu humanista eta pertsonalenean baizik. Nire lehen urtea zaila izan zen; izan ere, familia Mexikon utzita, ikastera itzuli nintzen, eta egokitu eta kontzentratu egin behar izan nuen, ez huts egin. Hurrengo urteetan denbora gehiago izan nuen lagun berriak egiteko eta denbora libre gehiago izateko. Eta hori, gai zerrenda luzeak eta irakasleen eskakizun maila gorabehera. Gogoan ditut “pezerak” eta lorategiak udaberrian; denak barraskiloak bezala etzanda, lehen eguzki izpien bila. Askatasuna igartzen zen. Irakasten ziguten, bai; baina aukeratzen ere uzten ziguten. Ez nuen konduktismorik ez doktrinamendurik sentitzen. Azpian, gogoeta, kritikarako gaitasuna eta balioak zeuden. Pertsona onak eta profesional onenak sortzen ziren. Elkarrizketa hau Tripadavisorrerako iritzi bat balitz, hau esango nuke: “Zalantzarik gabe, errepikatuko nuke”.