Skip to main content

Alex Arriola Lizarriturri

… denok gaude konektatuta gaur egun. Horrek eragiten du herrialde horien arteko desberdintasunak gero eta gutxiago izatea edo besteek egiten dutenaren berri izatea, behintzat. Alderik handiena kulturan ikusten da, kulturak markatzen baitu gauzak egiteko modua, bizimodua eta pertsonen artean, oro har, harremanetan jartzeko modua.

2006ko uztailetik 2013ko martxora Txinan ekin zenion karrera profesionalari, lehenengo Shanghain eta gero Tianjinen. Ia zazpi urte herrialdeko bi hiririk garrantzizkoenetan, industria aurreratuaren eta finantza jardueraren gunean. Zure ustez, zeintzuk dira Txinaren eta Euskadiren arteko desberdintasunak eta antzekotasunak sektore horietan?
Jakina, alderik handiena tamaina da. Euskadiko edozein jarduera bider mila egiten da Txinan, horrek dakarren guztiarekin, era guztietako baliabideen beharrizan handiagoarekin. Kultura desberdintasuna ere aipatu behar da, lan egiteko orduan. Ez da gurea baino hobea edo okerragoa, desberdina baino ez.

Antzekotasunei dagokienez, azpimarratu behar da Txina oso herrialde industrializatua dela, Euskadi bezala. Horregatik, gure enpresa askok han instalatzea erabaki dute. Eta nahiz eta Txina kalitate baxuko artikuluak ekoizten dituen herrialde gisa ikusi sarritan –ni ez nago horrekin ados-, I + G arloan punta-puntako izateko duten grina ere bat dator euskaldunok produktuen eta zerbitzuen balio erantsia ikusteko dugun moduarekin.

Pertsona gisa, kontatuko zeniguke zelan moldatu eta murgildu zinen kultura aldetik hain urrun dagoen eta gure tradizioetatik hain bestelakoak dituen mundu horretan?

Mundu osoan herrialde asko bisitatzeko zoria izan dut eta egiaz esan dezaket Txina dela gure mendebaldeko ohiturekin eta kulturarekin talkarik handiena egiten duen herrialdea. Baina hori, arazoa izan beharrean, aukera bat izan zen niretzat, lan egiteko, pentsatzeko eta gauzak egiteko beste era batzuk ulertzeko, eta hori oso aberasgarria da. Pertsona moduan ekarpen handia egin zidan.

Tokira egiteari dagokionez, bakoitzaren izaerak du zerikusia, zelan hartzen duen. Nire kasuan, ikuspegi zabalez joan nintzen, egun bakoitza ezer ere ezagutzen ez nuen herrialde baten inguruko lezio zela pentsatuz; hortaz, auzoan “arraroa” banintzen ere (atzerritar gutxi zituen herri batean bizi izan nintzen hasieran), beti ikusten nuen aberasgarri zela eta erraza egin zitzaidan tokira egitea.

SPRIk 16 bulego ditu Europan (Alemanian, Italian, Polonian, Txekiar Errepublikan, Eslovakian, Erresuma Batuan eta Errusian), Amerikan (Argentinan, Brasilen Txilen, Kolonbian, Mexikon eta AEBn) eta Asian (Txinan, Indian eta Singapurren). Hiru kontinente eta oso desberdinak, sentiberatasun tekniko, ekoizpeneko eta komertzial ugari dituztenak. Zer antzekotasun aurkitzen duzu haien artean, mundu mailako ikuspegitik? Zeintzuk lirateke, zure ustez, alderik handienak?

Herrialde guztiak saiatzen dira, gehiago edo gutxiago, beren ikuspegia eta alde sendoak erakusten munduko gainerakoei: batzuk industrian, beste batzuk turismoan, beste batzuk gastronomian, etab. Eta, aldi berean, denok gaude konektatuta gaur egun. Horrek eragiten du herrialde horien arteko desberdintasunak gero eta gutxiago izatea edo besteek egiten dutenaren berri izatea, behintzat.Alderik handiena kulturan ikusten da, kulturak markatzen baitu gauzak egiteko modua, bizimodua eta pertsonen artean, oro har, harremanetan jartzeko modua.

2013an SPRIko zuzendari nagusi izendatu zintuzten. Uste duzu gure enpresak , eta gure unibertsitateak eta prestakuntza zentroak, jabetzen direla nazioarteko proiekzioaz?

Jakina, ez dago beste zereginik. Mundu konektatuan bizi gara gaur, hezkuntzako erakundeen arteko harremana funtsezkoa da nazioarte mailan eta gauza bera gertatzen da industriarekin ere. Bakoitzak bere ezaugarriak baditu ere, bai industriak eta bai hezkuntzak era guztietako atzerriko eragileekin harremanetan jarri behar dute, eskaintzen duten produktu edo zerbitzuari balio erantsi bat emateko. Bide batez esan nahi dut prestakuntza zentroen artean, Deustuko Unibertsitatea erreferentea dela Euskadi mailan atzerriko ikasleen presentziagatik. Horrek erakusten du argiro zelako nazioarteko profila duen.

Zer gomendio emango zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumniei lanbideko karrera nazioarteratzearen inguruan?

Gurasoei etxetik joatean desgustua emango badiete ere , urte batzuetan atzerrian bizitzeko esperientzia probatzeko aholkatuko nieke. Hartzen den esperientzia, lanbidekoa eta bereziki pertsonala, ez da dirutan ordaintzekoa eta etxean geratuta sekula hartuko ez genukeen ezaupidea ematen digu. Oso hausnarketa pertsonala da eta jendeak ez du zertan ados egon. Izan ere, Euskadi nire etxea dela pentsatu badut ere, txiki ikusi dut planeta handi honetan eta zer ikasi handia ikusten diot planetari. Atzerrian bizi izatea buruan beti izan dudan ideia izan da.

 

Eskaini diguzun denboragatik eskerrak eman eta azken galdera bat egingo dizugu: kontatuko zeniguke zer oroitzapen duzun Deustuko Unibertsitatean eman zenituen urteez?

Oso oroitzapen onak ditut, batez ere klaseko ikaskideenak eta irakasleenak. Harreman ona dut oraindik haiekin. Errugbi partiduak gogoratzen ditut lagunen artean, hareazko zelaian (a zer zortea dugun orain belar artifizialaz!), gau luzeak ikasten, eztabaida “filosofikoak” ikaskideen artean aktualitateko gaien inguruan… Maitazarrez gogoratzen ditut esperientzia guztiak, atzerrian bizitzeaz esan dudanean bezala, unibertsitatetik pasatzea ere ikaskuntza prozesu pertsonal sendoa eta trinkoa da eta.