“Ez dezatela aukera galdu, egin ahal badute. Bizitzako esperientzia da, ikaskuntza handiak egiteko aukera ematen duena, ez bakarrik maila akademikokoak. Beste toki batzuetan bizitzean hartzen duzun kultura aberastasunari esker, herrialde bakoitzean dagoen on guztia balioesten duzu eta bertako pertsona zoragarriak preziatzen”.
Euskadin egonaldi luze bat egin ondoren zoaz Kolonbiara, non zazpi urte daramatzazun goi mailako irakaskuntzan eta ikerketa zentroetan lan egiten. Zeintzuk dira euskal unibertsitate sistemaren eta kolonbiarraren arteko desberdintasun eta antzekotasunik nagusienak?
Prestakuntza akademikoa Euskal Herrian egiteko aukera izan nuen; “eskola” handia izan zen nire ikasteko prozesuan. Deustuko Unibertsitatean, laneko eta bizitza akademikoko esperientzia handia zuten irakasle eta kideak izan nituen. Gaur egun, nire laneko bizitzan egin ditzakedan gai garrantzitsuak ikasi ahal izan nituen haiengandik.
Euskal unibertsitate sistemaren eta kolonbiarraren arteko desberdintasunen artean esango nuke Kolonbian askoz aukera zabalagoa dagoela, Goi Hezkuntzako Erakunde ugaritan (IES gaztelaniazko sigletan). Kolonbian, IESen eskaintza publikoa nahiko mugatua da (ikasi nahi dutenen kopuruari begiratzen badiogu). Eskaintzarik gehiena pribatua da eta prezio altukoa. Beraz, hezkuntza sistemara sartzeko ahalegin ekonomiko handia egin behar da.
Euskal unibertsitate sisteman bezala, Kolonbian IESak Hezkuntza Nazionaleko Ministerioak ikuskatzen ditu. Kolonbian hezkuntza programen eskaintza zabala dagoenez, garrantzizkoa da kudeaketako bikaintasuna bilatzea, akreditazio edo ziurtagiri bidez. Horrek autoebaluazioa, kanpoko ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza prozesuak eskatzen ditu. Hala ere, egoera horrek eragiten du prezioak askoz altuagoak izatea, hoberen kokatuta daudenen kasuan.
Herrialde honetan izan dudan lan esperientziari esker, unibertsitateko titulu bat lortzen duten pertsonen ahalegina balioetsi ahal izan dut. Kolonbian, gizartea estratuetan zatituta dago (1etik 6ra); segmentazioko aldagai garrantzitsua islatzen du edozein esparrutan (egoitzaren kokapena, zerbitzu publikoen ordainketa, batez besteko diru-sarrerak, besteak beste). Hala ere, estratu desberdinetako pertsonekin egon ahal izan naiz: egun osoan lan egiten duten ikasleak izan ditut, gauez lanbide heziketako ikasketak egiteko. Horrek ahalegin fisiko eta ekonomiko handiak eskatzen dizkie. Beste kasu batzuetan, familiako “lehenengo profesionalak” izan dira, familiaren laguntza ekonomikoa izan dute eta familia horiek harro sentitzen dira halakoa lortzen dutenean. Era berean, ekonomia aldetik mugarik ez duten eta prozesuan bikaintasuna bilatzen dutenak edo, profesionalak izanik, beren diru-sarrerak graduondoko ikasketak ordaintzeko erabiltzen dituztenak daude.
Kolonbiar gizartea miresten dudala esan dezaket, etengabe egoera gainditzeko egiten duen ahaleginagatik. Sarritan ez zara horretaz jabetzen, kalitatezko unibertsitate sistema batera sartzeko pribilejioa izan baduzu, alde handirik gabe edo urte askotarako mailegu konpromiso bat hartu ez baduzu, euskal unibertsitate sisteman bezala. Halako kasuetan zaudenean konturatzen zara Euskal Herriko bizi kalitateak pertsonarik gehienei ematen diela aukera gizarte sistema ekitatiboagoa eta jasangarriagoa izateko. Eta, sarritan, horri ez zaio baliorik ematen.
Zure doktoregoko tesia teknologia berriek banku sektorearen zerbitzuaren kalitatean duten eraginari buruzkoa izan zen eta zelako eragina zuen bezeroaren gogobetetasunean. Azken hamar urteotan eta, batez ere, pandemiak baldintzatu dituen azken bi hauetan, zer balioespen egiten duzu sektorearen digitalizaziorako bilakaera eta sendotzeari begira? Zure ustez, bankuetako bezeroak benetan gustura daude zerbitzuekin?
Nire doktoregoko tesian bankuen sektorean lanean aritu nintzen urteetan ikusi nuen zein garrantzi handia duen zerbitzuaren kalitateak eta zelako eragina duen bezeroen gogobetetasunean. Zehazki, Kolonbiako banku sektorean, erabiltzaile gisa dudan esperientzian, uste dut garrantzizkoa dela langileak trebatzen eta ahalduntzen jarraitzea, bezeroekin dituzten prozesuetan autonomia izan dezaten. Europan ez bezala (hemen bankuak bezeroen arreta “erakartzen” ahalegintzen dira), Latinoamerikako herrialderik gehienetan, finantza sistemak “inposatzen” dizkio baldintzak erabiltzaileari. Hala ere, oraindik egiteko bide luzea geratzen bada ere, digitalizazioari esker, bezeroek gero eta eskakizun handiagoak dituzte zerbitzu globalizatuen balioespenean, eta kudeaketako estrategiak bihurtzen dira zerbitzuaren kalitateko bereizgarri.
Kolonbian, populazioaren zati handi bat ekonomia “informalean” ari da, bankarizatu gabekoak dira, diru-sarrerak murriztuko ote dizkieten beldur dira, dauzkaten kostuak direla eta. Bestalde, bankarizatuta dauden pertsonentzat, ohikoa da bankuen zerbitzuak puntu fisikoetan jasotzea (sukurtsaletan). Oraindik mesfidantza handia dago online sisteman (sarritan iruzurrak daudelako eta, beste batzuetan, Interneteko sarrera mugatua delako). Horrek eragiten du, sarritan, denborak eta prozesuak eraginkorrak ez izatea. Hala ere, pandemiak behartu egin du sektorea eta bezeroak haien rolak birplanteatzera, bankuen zerbitzuan IKTak erabiliz. IKTen erabilerarekin, interesgarria izango litzateke zerbitzuen kalitatea eta online zerbitzuetara pasatu diren bezeroen gogobetetasunaren pertzepzioa ebaluatzea, hau da, aukera argia sektorea berriro ikertzeko.
Azpimarratu behar dut, Kolonbian daramatzadan urteetan, ez dudala sektore horretan ikerketarik egin, bai, ordea, turismoaren sektorean. Azken horrek ere aukera handiak ditu garatzeko, biodibertsitate handia duelako.
Kolonbian eman zenituen lehenengo urteetan, irakasle eta ikertzaile lanak bateratu ahal izan zenituen, Bizi Biden, Fibromialgiako, Neke Kronikoko Sindrome, Entzefalitis Mialgiko/Sentsibilitate Kimiko Anizkoitz eta Elektrohipersentsibilitateko Gipuzkoar Elkartean. Kontatuko zeniguke zelan egiten duen lan Bizi Bidek gaixotasun ez hain ezagun horiek dituztenekin baina sufrimendu handia eragiten dutenekin?
Bizi Biden izan nuen 3 urteko laneko esperientzia ikaragarria izan zen. Elkartearen kudeaketan laguntzeko aukera eman zidaten eta, horrekin batera, hurbiletik ezagutu ahal izan nituen gaixotasun horiek. Ez dira hain ezagunak baina pertsona askok sufritzen dituzte eta, sufrimendu fisikoa jasateaz gain, gizarteak ere ez du ulertzen haien egoera, ezta osasun sektorean ere. Garai horretan, prozesuak eraginkortasunez burutzen saiatu nintzen; horrez gain, jasaten duten sufrimenduaz sentsibilizatu nintzen eta jabetu nintzen zein garrantzizkoa den gaixotasun hauek jasaten dituztenen aldarrikapenak babestea.
Elkarteak lan altruista egiten du, Zuzendaritza Batzordeko kideak kaltetuak dira, gaixorik dauden beste batzuei laguntzeko denbora ematen dutenak. Eusko Jaurlaritzatik eta bazkideek ordaintzen dituzten kuota txikietatik datozkie baliabideak eta horiekin lan egiten dute. Haien kasuan, merezimendu handiagoa dute, osasun egoera zein duten jakinda. Han lan egin nuen bitartean, haien babesa eta adiskidetasuna eman zizkidaten. Bizi Biden lan egiteak inguruaren eta zure ondoan dituzun pertsonen gizatasunaren garrantziaz (maila pertsonalean eta lanekoan) konturatzeko balio izan zidan.
Bogotara etortzea erabaki genuenean, legeak halakoetan ematen duen “laneko eszedentzia” eman zidaten, eta urte horietan gauza puntualetan lagundu nien, nire denborak eta ordutegiak horretarako aukera ematen zidatenean. Inolako lan harremanik ez badut ere, Bizi Bideko bazkide naiz eta badakite (soberan jakin ere) nirekin konta dezaketela, nagoen tokian nagoela eta, jakina, laguntzeko beti prest izango nautela.
Zer aholkatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko ikasle ohiei, graduondoko prestakuntza akademikoari aurre egiteko orduan, haiena ez den herrialde batean egitearen inguruan?
Ez dezatela aukera galdu, egin ahal badute. Bizitzako esperientzia da, ikaskuntza handiak egiteko aukera ematen duena, ez bakarrik maila akademikokoak. Beste toki batzuetan bizitzean hartzen duzun kultura aberastasunari esker, herrialde bakoitzean dagoen on guztia balioesten duzu eta bertako pertsona zoragarriak preziatzen. Zalantzarik gabe, toki bakoitzak ditu bere aukerak, alde ahulak eta/edo hobetzekoak; baina horiek guztiak ezagutzeak “erresilienteago” izateko (saiatzeko, behintzat) aukera ematen dizu.
Eskerrik asko zure denboragatik. Amaitzeko, zer oroitzapen gordetzen dituzu Deustuko Unibertsitatean doktoregoko ikasle izan zineneko urteez?
Oroitzapenik onenak… Deustuko Unibertsitateko urteak. Ikasle bizitza hasi ahal izan nuen eta familiako bizitzarekin bateratu (gure seme-alabak hezi ahal izan genituen) eta, garrantzizkoena, loturak indartu genituen adiskide handiekin: haiek bihurtu ziren bizitzak oparitu zigun gure “euskal familia” eta distantzian bagaude ere, bere horretan mantentzen da.