Skip to main content

… ez zaie esperientzia berriei, ikuspegi berriei aterik itxi behar. Ideia zehatza nuen karrera norantz bideratu: Europako erakundeetara. Baina arlo soziokulturala gurutzatu zitzaidan bidean. Harremanak sortzeko, tokiko lan sistema hobeto ezagutzeko eta esperientzia hartzeko, zergatik ez hasi boluntariotzako edo praktiketako esperientzia batekin?

Deustun unibertsitateko ikasketak amaitu eta gutxira nazioartera egin zenuen jauzi. Zer dela eta eman zenuen urrats hori?

Erasmusean joan nintzen 2009an, krisi ekonomiko betean, gure lurraldean komunikazioko lizentziatuentzat aukera handirik ikusten ez zenean. Asko ginen, talentu handikoak, baina leku gutxi zegoen… Nirekin ikasi zuten asko kanpora atera ziren garai horretan.

Gainera, ez nuen neure burua prestatuta sentitzen lan munduan berehala sartzeko, ezta urteetan ikasten jarraitzeko ere. Hala bada, esperientzia berriak probatzera joan nintzen, ordura artekoak ez bezalakoak.

Elkarte bizitza, bereziki gazteen artekoa, oso garatuta dago eta ondo finkatuta dago Europako herrialde askotan. Zure ustez, zeintzuk dira Euskadiren eta Europako beste herrialde batzuen artean dauden antzekotasunak eta desberdintasunak arlo horretan?

Gaztetan, gazteen elkarteetan parte hartu nuen, nire herriko Gaztetxean. Belgika eta beste herrialde batzuekiko dagoen alde handia profesionalizazioa da. Hemen, Bruselan eta Valonian, esaterako, “gazte etxe” guztiak (maison de jeunes) elkarte animatuak dira eta profesional helduek kudeatuak eta gazteei tokia uzten dietenak proiektuetan parte hartzeko. Gaur egun 300 elkarte inguru daude Belgika frankofonoan aitortuak eta Gobernuaren diru-laguntza jasotzen dutenak, gazteei herritar arduratsu, aktibo, kritiko eta solidario izaten laguntzeko eta horrela gizartean parte hartzea eta kultura adierazpena sustatzeko. Elkarte aitortuak eta diru-laguntza jasotzen dutenak garenez, kontrolak eta ikuskaritzak ezartzen zaizkigu gure plan estrategikoak aztertzeko eta ikertzeko. Gainera, harreman zuzena dugu gobernuarekin sektore antolatu izanik. Horretarako, elkarteek federazioak osatzen dituzte, nik zuzentzen dudana bezalakoa. Europako ikuspegia eta belgikarra antzera ezagutzen ditut, agian hobeto lehena; iparraldeko gazteen elkarteak, adibidez, publikoak dira eta Gobernuaren laguntza handiagoa dute. Euskadin, ostera, gazteen autogestioa zabalduago dago.

Zure lanbideko karrerari begira, konpromiso sendoa igartzen zaizu, bai soziala eta bai politikoa. Hitz egingo zeniguke hamaika urteotan zuretzat garrantzizkoenak izan diren bi edo hiru proiekturi buruz?

Konpromiso soziala jaiotzatik datorkit, gurasoengandik, biak ala biak oso mobilizatuak. Politikak beti erakarri nau, gizartearen ideal bat eratzeko alderik garbienean. Belgikan oso-osorik gauzatu ahal izan dut alde hori.

Nire alderdi profesionala bi proiektuk markatu dute. Lehenengoa inork imaginatu ere egingo ez lituzketen arazoak dituzten gazteei eta umeei laguntzen lan egitea izan zen Europako hiriburuan. Kultura talka handia izan zen, baina pertsona eta profesional moduan hazten lagundu zidan. Bigarrena izan zen ni bezalako bat ikustea (emakumea, ume txikiak zituena, atzerritarra eta harremanik gabea) koordinatzaile, idazkari nagusi izatera heldu daitekeela federazio profesional batean eta lan egin dezakeela gazteentzako politikak sortzen, ministroekin edo kontseilariekin harremanetan.

Arlo pertsonalari dagokionez, Euskal Etxean egindako lanaz harro nago eta oso lagungarria izan zen etxetik kanpo egotean.

Zer gomendatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko alumniei lanbideko karrera Euskaditik kanpo garatzeko? Eta gizarte erantzukizuna ahaztu gabe egiteaz?

Nik neuk ezin dut lan egitea ulertu gizarte erantzukizunik gabe. Unibertsitateko lehenengo egunetik argi izan nuen nirea ez zela  negoziora bideratutako enpresa batean komunikazioa jorratzea izango. Hori bai, ez naiz inoiz milioiduna izango, ez dut primarik izango, ezta pizgarri ekonomikorik ere. Baina beste pertsona batzuen edo etorkizuneko belaunaldien bizimodua hobetzen laguntzeak ematen duen pozak ez du preziorik, benetan diotsut. Zerbait egiten lagundu izanaz eguna amaitzea soldatarik onena da.

Etxetik kanpo karrera profesionalari harreman sarerik gabe hasiera ematea zaila da, baina ez zaie esperientzia berriei, ikuspegi berriei aterik itxi behar. Ideia zehatza nuen karrera norantz bideratu: Europako erakundeetara. Baina arlo soziokulturala gurutzatu zitzaidan bidean. Harremanak sortzeko, tokiko lan sistema hobeto ezagutzeko eta esperientzia hartzeko, zergatik ez hasi boluntariotzako edo praktiketako esperientzia batekin?

Eskerrak emateaz gain, azken galdera bat egingo dizut: kontatuko zeniguke Deustuko Unibertsitateko ikasgeletan igarotako urteetako oroitzapenen bat?

18 urterekin, dena iruditzen zitzaidan zoragarria, baina mundura zabaltzea aipatuko nuke, irakasleei esker lortu nuena. GIZKOko nire ikaskideak, euskarazko taldekoak, kide izan nituen unibertsitateko eboluzioan, nerabezarotik helduarora. Orokorrean, irakasleen hurbiltasuna azpimarratuko nuke, bereziki hirurena, markatu egin nindutenena: Leyre Arrietak eta Eider Landabereak mundua hobeto ulertzen lagundu ziguten eta ikasleoi konplizitatea erakutsi ziguten. Eta Juan Pagola ere aipatuko dut, komunikazioak gizartearen zutabe gisa duen ikuspegia erakusteagatik. Eta gizartearekin, oro har, eta Deustukoarekin, bereziki, duen konpromisoagatik. Hari esker, antzerki proiektu batean parte hartu nuen. EuskalKultura proiektuarekin ere lagundu zigun, kultur jarduerak euskaraz sustatzeko Donostiako campusean. Emakumezkoen errugbi talde batean ere apuntatu nintzen, nahiz eta ez zen azkenean sortu. Eskerrik asko!!