Pentsatzen duzun baino askoz gehiago ikasi dezakezu hilabetean Afrikako herrixka batean. Garapen proiektuetako nazioarteko boluntariotzak zentzua eman zion nire bizitzari
Gizarte eta hezkuntza esparrura bideratuta hasi zinen prestatzen –eta lanbidean–. Giza Baliabideetan espezializatu zinen gero. Zelan bateratu dira hiru esparruok zure lanbideko garapenean?
Nire bokazioa pertsonei lotuta dago eta nire ametsa da oso gustuko dudan zerbaitetan aritzea eta, aldi berean, gizarteari ekarpena egitea. Horrek bideratu ninduen giza zientzietako karrerak aukeratzera. Baina Unibertsitatetik irten nintzenean krisi ekonomikoa hasi zen eta ez zirudien erraza horretan lan egitea. Hori dela eta estrategikoa izatea erabaki nuen eta master batekin prestatzen jarraitzea; hezkuntzaren kalitate aldetik ospe handia zuen bat aukeratu nuen, pertsonen prestakuntzarekin eta garapenarekin lotuta zegoen arlo batean espezializatzeko modua ematen zidan bat. Giza Baliabideetan espezializatzeak erakundeen dinamikak ulertzeko modua eman dit, pertsonen eta taldeen beharrizanak ulertzekoa, baita lan arloko gaitasunak lortzekoa ere. Esperientziak erakutsi dit, dena delakoa izanda ere, ezagutza edo trebetasun estra orok balio erantsia duela. Zenbat eta CV bitxiagoa izan, zure profilera egokitzen den aukera gehiago aurkituko dituzu. Gaur egun estandarretik irten egin behar da.
Nahiz eta atzerriko esperientzia izan (ERASMUSa Suedian, Euskal Gazte Kooperatzaileak, nazioarteko boluntariotza, lana Londresen), 2018an, itxuraz, finkoa zirudien lan bat utzi zenuen, Bilbon zeundela! – Eta Panamara salto egitea erabaki duzu, Zerk mugitu zintuen erabaki hori hartzera? Epe ertainera, luzera, botxora itzultzeko asmoa duzu?
Beti izan naiz pertsona ipurloka, pertsona ausarta eta ekina; gizarte esparruan lan egin nahi izan dut. Ez nion mugitzeari eta bilatzeari utzi aurkitu arte. Horrek ekarri zidan harmonia eta segurtasuna ematen zizkidaten beste gauza batzuk atzean uztea; baina irabazteko, zerbait galdu behar da. Dena ezin da. Arriskuak hartu behar izan nituen eta maletak egin, ziurgabetasun handiz.
Oso pozik itzuliko nintzateke, Bilbon bizi kalitate handia dagoelako; baina lan arloa garrantzitsua da eta laneko aukera erronkari bat aurkitu nahi nuke, bizitza bidegabekerien kontra borrokatzeari eskaintzen jarraitzeko. Utopia eta idealismo itxura du, baina gaur egun lan atsegina izan dezakezu, gizarteari ekarpena egiteko modua emango dizuna.
Panaman egoitza duen UNICEFen Eskualdeko Bulegoak Latinoamerika eta Karibeko 36 herrialdetako proiektuak koordinatzen ditu, 24 bulegoren bidez. Esango zeniguke labur-labur proiektu horien artean aparteko eran esanguratsua den bat, eskualdeko herrialde batzuentzat aztoratzaile den une honetan?
UNICEFek haur eta nerabe guztien eskubideak errealitate bihurtzeko egiten du lan, batez ere egoerarik ahulenean daudenenak. Genero arloan, zehazki, lan egiten dugu neska edo mutil jaiota ere, landa edo hiri inguruan edo komunitate indigena batean edo Afrikako jatorria dutenen artean edo familian baliabide gutxi dituztenen artean, kartak markatuta egon ez daitezen, aukera eta eskubide berdinak izan ditzaten.
2018an, Nazio Batuek larrialdi egoera aldarrikatu zuten Venezuelako migrazio krisia dela eta, eskualdeko inguruko zenbait herrialde migrazio emari horren jasotzaile bihurtu baitziren (Kolonbia, Brasil, Ekuador, Guyana, Trinidad eta Tobago, eta Peru). Harrezkero, UNICEFen eskualdeko bulegoak etengabe dihardu lanean haur eta gazteei laguntzen mugako, transituko eta helmugako prozesuan; eta oraindik Venezuelan bertan bizi direnei eta krisi humanitarioa herrialdearen barruan pairatzen dutenei laguntzen diegu. Genero arloan egoera ahulean daudenak artatzen ditugu, nabarmendu egiten baitira halakoak krisi egoeretan eta: genero indarkeria (abusuak eta sexu esplotazioa, pertsonen salerosketa eta trafikoa, behartutako ezkontzak eta haurdunaldiak neskatila eta nerabeen artean); gainera, baliabideetara (osasuna, hezkuntza, babesa, ura eta saneamendua) jotzeko modurik ez izatea ere ikaragarria da.
Zelan egiten dugu? Beste arlo batzuekin koordinatuta, mutilek eta neskek desberdin bizi dituzten egoerak aztertzen ditugu eta konturatzen gara bakoitzaren rol eta genero arauek eragin dezaketela baliabide batzuetara jotzeko aukerarik ez izatean edo bazterkeria handiagoa edo egoera ahulagoa bizitzean: talde kriminalek errekrutatutako mutilak, sexu abusuak jasaten dituzten neskak muga pasatzearen trukean, hilerokoa duten egunetan konpresarik ez dutelako eskolara joaten ez diren neskak, familiari bizibidea emateko eskola utzi eta lanean hasten diren nerabeak, beste herrialde batean erresidentzia lortzeko ezkondu beharra duten neska nerabeak, sexu eraso baten ondorioz 12 urterekin haurdun geratzen diren neskak, legez kanpoko adopzioetan saldutako umeak, sexu lanak egitera behartutako nerabeak bizirik iraun ahal izateko… Testuinguruko datu horiek jasota, txostenak egin ditzakegu, bazkide, emaile eta gobernuekin partekatzeko eta genero ikuspegiko esku hartzeko proiektuak garatzeko.
Zelakoa dela esango zenuke Latinoamerika eta Karibeko genero egoera?
Konplexua eta paradoxazkoa. Latinoamerika eta Karibe eskualdea munduko eskualderik askotarikoena da: indigenen 671 etnia daude, eta herrialde guztiek dituzte berretsita giza eskubideei buruzko konbentzioak eta denek dituzte berdintasunari, diskriminaziorik ezari eta/edo emakumeen kontrako indarkeriaren kontrako planak edo estatu mailako legeak. Azpimarratu behar da emakumeen eta feministen mugimendu artikulatuak sortu direla eta berdintasunaren alde dihardutela lanean.
Aurrerapauso horiek gorabehera, desberdintasunik handieneko eskualdea da eta, gerrarik ez dela ere, munduko bortitzena. Indarkeria normalizatuta dago eta genero arauak eta matxismoa oso errotuta daude. Datuek agerian jartzen dute neskek eta emakumeek desabantaila, bazterkeria eta indarkeria handiagoei egin behar dietela aurre. Munduan feminizidio tasa handieneko eskualdea da eta bigarrena nerabeen arteko haurdunaldietan eta haurren arteko ezkontzan. Gainera, mutikoak eta nerabeak talde kriminaletara biltzen dira eta oraindik badira homosexualitatea penalizatzen duten herrialdeak. Egoera horiek belaunaldiz belaunaldi datorren herentzia dira eta ez da erraza belaunaldien arteko bazterkeriaren gurpil-zoroa etetea. Datu horiek guztiak biderkatu egiten dira talde indigenetan, Afrikako jatorrikoetan, landa inguruetan eta baliabiderik gutxien dutenen artean.
Arau eta genero rol horiek hautsi nahi ditugu, praktika kaltegarriei loturik neska-mutilen eta nerabeen etorkizuneko garapen eta ongizatea oztopatzen dutelako. Lan horretarako, prebentzio, arreta eta sozializazio programak garatu nahi ditugu, gobernuekin hitz eginda, berdintasun eta babeserako politikak eta legeak ezarri daitezen.
Zer aholku emango zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumniei sentiberatzeko eta garapeneko proiektuetan lagundu dezaten?
Atzerrira bidaiatzeko, dela ikasteko, dela lanerako, dela boluntario lana egiteko, beste gizarte batzuetan bizitzeko eta integratzeko, gure konbentzionalismoak hausteko, pentsatzeko eta sentitzeko beste era batzuk ikasteko. “Pentsatzen duzun baino askoz gehiago ikasi dezakezu hilabetean Afrikako herrixka batean”. Garapen proiektuetako nazioarteko boluntariotzak zentzua eman zion nire bizitzari
Genero gaietan sentiberatzeko ez da oso urrun joan behar: zoritxarrez, Bilbon bertan ere urrun gaude benetako berdintasunetik. Azken asteetako gertaterek hala erakusten dute. Ulertu beharra dugu talde batzuk baztertuago eta egoera ahulagoan daudela beren sexu, sexu identitate edo generoa dela eta, horregatik, prestakuntza handiagoa egon behar da, sentiberatzeko programak, genero arau matxistak eta heteropatriarkalak aldatu behar dira eta babes-legeak ezarri behar dira.
Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkizugu parte hartzeagatik eta onena opa dizugu etorkizunerako. Azken galdera: zer oroitzapen gordetzen duzu eta partekatu nahi zenuke gurekin Deustuko Unibertsitateko ikasle izan zineneko urteez?
Ikasle eman nituen urteak oso politak izan ziren, mundu berria iruditzen zitzaidala gogoratzen dut eta ez nion ikasteari uzten, mila gauza egiten nituen eta beti indartsu. Garrantzizkoa da ikasteari sekula ere ez uztea, gauzak aztertu, irakurri, behatu eta entzun egin behar ditugu.
Unibertsitatean lan egin nuen bitartean, gehien estimatzen nuena hurbiltasuna, adeitasuna eta prestutasuna zen lankideei laguntzeko. Ikasleen argitasunak, mundua irensteko gogoak, sinpatiak eta baikortasunak liluratzen ninduen. Zoliak dira eta jakin-min handikoak. Kualitate horiek guztiak aprobetxatu behar dituzte, euren onena emateko eta bidezkoagoa, jasangarriagoa eta berdinagoa izango den mundua eraikitzeko.