David Sojo

Psikologia Prom. 11

… mina ezin duela buruak eragin. Buruak esperientzia izateko aukera ematen du, baina ez du berak mina eragiten. Buruak mina eragin dezakeela pentsatzea eta inork jo gabe gitarrak musika sortzen duela pentsatzea berdintsua da.

Psikologiako ikasketak amaitu ondoren, PIR proba prestatu zenuen eta NEUROEMOTION ikertaldeko kide izan zinen hiru urtez, eta lesiorik gabeko min kronikoan espezializatu zinen. Zerk erakartzen zaitu esparru zientifiko horretan? Zelan markatu du zure ibilbide profesionala?

Ustekabean markatu du nire ibilbidea, oso era garrantzitsuan. NEUROEMOTIONen beren lanarekin oso konprometituta zegoen talde bat aurkitu nuen eta asko ikasi nuen haiengandik. Duela denbora gutxi izan bazen ere, oso bilakaera handia egon da minaren ikuskeran azken urteotan. Garai hartan oraindik hitz egiten zen min psikologikoaz, kontzeptua zeri zegokion oso ondo jakin gabe, edo kalte fisikorik gabeko sindrome horietan buruak zuen paperaz, baina zein rol zeukan ulertu gabe. Hala ere, mina aukeratzea erabaki nuen, psikologo batek halako sindromeetan sailak ikertzen zituen beste gaixotasun batzuetan (Alboko Esklerosi Amiotrofikoan (AEA), esaterako) baino gehiago lagundu zezakeela iritzita.

Ikerketek aurrera egin ahala, aurrerapen handiak egin dira mina ezagutzeko ikerketetan, eta gaur egun badakigu psikologoak funtsezko papera duela horretan.

Nahasmendu horietan lanean hasi nintzen, psikologoa bigarren mailako paper batera baztertuta zegoela. Rol horretan, pazienteei lagundu egiten zitzaien minaz bizi behar zutela onartzen. Baina, azken urteotan, unibertso berri bat zabaldu zaigu eta horren muina psikologoa da.

Asasam-en oso hurbiletik ezagutzen duzu buruko gaixotasun bat duten pertsonen zaintza eta familiek sufritzen dituzten ondorioetatik sortutakoak. Zein puntutaraino da gizartea albo kalte horien jabe? Lagunduko zeniguke horren inguruan sentiberatzen?

Asasam-ekoa ikaskuntza bikaina izan zen niretzat, ez hainbeste psikologo moduan esku hartzen ikasteko, tratatzen genituen pertsonarik gehienak gaixo kronikoak zirelako eta helburu nagusia oinazea eramaten laguntzea zelako, baizik eta gaixotasun mentala zuten pertsonak hurbiletik ezagutzeko, zelako sufrimendua duten eta nahasmenduen inguruko formazioa, mantenimendua eta hobekuntzaren garrantzia ezagutzeko.

Gaixo batzuek sufritzen duten ondoeza izan zen deigarriena niretzat. Pertsona batek nahasmendu larria badu, oso bizimodu mugatua du; arazo handia da senideentzat, baina pertsonak berak ez du hainbesteko kontzientzia izaten sufritzen duenaz eta gainerakoek zelan hautematen duten. Nire ustez, gehien sufritzen dutenak nahasmendu arinagoak dituztenak dira, autonomia-maila altua dutenak, baina bizimodu erabat autonomoa izatera heltzen ez direnak. Horiexek dira gaixotasun mentalak dakarren estigma benetan ezagutzen dutenak. Ez dira ondo moldatzen nahasmendu mentala dutenen taldeetan, askoz hobeto daudela ikusten dutelako; hala ere, ez daude gaixotasun mentala diagnostikatu gabe daudenak bezain ondo. Hortaz, erabat salduta aurkitzen dute beren burua.

Pertsona horien artean hoberen funtzionatzen duten tratamenduak ez dira botikak edo psikoterapia; egokiena, eta zailena, bizitza proiektu bat lortzea da: lana, adiskideak, bikotekidea, zaletasunak izatea, eta horretarako gehiago findu beharko litzateke nahasmendu mentalek duten estigma.

Lau urtetan zehar (2014tik 2018ra) fibromialgia eta neke kronikoa dutenekin lan egin duzu. Gaixotasun ezezagunak eta gaizki ulertuak dira halakorik sufritzen ez dutenen artean. Zelan bizi dituzte pertsona horiek nahasmenduak? Zer balioespen profesional egiten duzu jasotzen dituzten tratamenduak direla eta?

Fibromialgia patologia bikoitza da. Alde batetik, minak eragiten duen sufrimendua dago eta, bestetik, eragiten duen ulertezintasuna. Medikuek, senideek, lagunek ez dituzte ulertzen pazienteak, ezta minez bizirauteko egin behar dituzten malabarismoak ere.

Hanka apurtzen baduzu, maitasun eta babes guztia jasotzen duzu ingurukoengandik, ageriko lesioa dago eta errukia sentitzen dugu. Fibromialgiaren kasuan, ostera, ez dago min hori justifikatuko duen gaitz fisikorik. Medikuak ez daki zer proba agindu edo zein espezialistarengana bideratu gaixoa, bikotekidea nekatuta dago beti minez ikusten eta planik egin nahi ez izateaz, eta lanean ez dute ulertzen etengabe bajak hartzea. Horrela bada, gaixo horien bizimodua bihurgunez beteko erromesaldi bihurtzen da, espezialisten kontsulta batetik bestera, mina arindu nahi eta ezinean.

Gaur egun, badakigu sorbaldako mina izateak ez duela esan nahi toki horretan lesioa duzunik; zure organismoak hala antzematen duela esan nahi du. Gehienetan, irudipen hori zuzena da, baina lesioa antzeman dezake halakorik izan gabe. Horrela bada, lesioa baztertu ondoren, pertzepzioa aldatu egin beharko genuke, organismoak minaz erantzuteari utz diezaion. Hala ere, gaur egungo tratamenduek, hori egin beharrean, mina eragin dezakeen ustezko lesioa bilatzen jarraitzen dute, ekin eta ekin, eta irudipena akutuago egin eta min gehiago nabaritzea eragiten dute. Edo buruan esku hartzen saiatzen dira ustezko sindromeak daudelakoan (min neuropatikoa edo sentsibilizazio zentrala), baina ez dira konturatzen mina ezin duela buruak eragin. Buruak esperientzia izateko aukera ematen du, baina ez du berak mina eragiten. Buruak mina eragin dezakeela pentsatzea eta inork jo gabe gitarrak musika sortzen duela pentsatzea berdintsua da.

Azken batean, gaur egun osasunean nagusi den ikuspegi organizistak irteerarik gabeko egoeran sartzen ditu. Pertzepzioa aldatzera bideratutako tratamendua ez da oraindik oso ezaguna, emaitza onak ematen ari bada ere.

Pandemiak markatu duen urte korapilatsu honetan, La migraña no se cura, se desactiva liburua argitaratu duzu, azken urteotako esperientzia profesionalaren emaitza. Ezin da sendatu? Desaktibatzeko proposamen horren inguruan hitz egingo diguzu?

Ezin da sendatu, ez, eta arrazoia oso sinplea da: migrainaren arrazoi organikoaren bila 2000 urte baino gehiago eman ondoren, gaur egun eskura dugun teknologiarekin ere, inork ezin izan du zer sendaturik aurkitu migraina jasaten duen baten buruan.

Medikuntza, eredu organizista ardatz harturik, fedearekin zientziarekin baino lotuago dagoen ekitearekin, mina eragiten duen egitura edo prozesu baten bila dabil. Hala ere, mina era absolutuan existitzen ez den emozio bat da, kaltetutako ehun batetik, neurona multzo batetik edo proteina batetik sortzen den zerbait bezala. Beldurra ez da lehoi baten ezaugarria, organismo batek lehoia mehatxu bezala balioesten duen erantzuna baizik. Mina ere ez da kaltetutako ehun batetik sortzen: organismo batek ehuna kaltetuta dagoela antzeman eta hori mehatxu gisa sentitzen du pertsonaren osotasunerako. Mina beti doa mehatxu gisa antzematen den uste eta balio batzuen sistema bati atxikita eta, halakoa izanik, jatorria buruan du, nahiz eta gorputzean sentitu. Gaitzik eragiten ez duen usoak izua sorraraz dezakeen bezala, gazta ondu gozoak migraina bat sorraraz dezake.

Migraina ez da huts organiko baten ondorio. Hipotesi horrek migraina kroniko bihurtzen laguntzen du, ez bestetan; ez da kasualitatea migrainan aditu diren neurologoak izatea gaixotasun hori gehien pairatzen duen populazio taldea. Migraina defentsa mekanismo bat da, behar ez denean martxan jartzen dena. Pazienteek ez dakite min orok, kalte fisikoari lotuak ere, jatorri mentala duela. Hargatik uste dute, migraina gainditzeko psikologoarengana joatea mina asmatua dela onartzea dela edo egun mina eragiten duten ustezko txikitako traumetara iritsi behar izango dutela onartzea. Psikologikoa izateak, ostera, ez du asmatua denik esan nahi, eta egin beharreko lana da pertzepzio desegoki hori desmuntatzea; kontua ez da inkontzientean murgiltzea.

Garrantzizkoena ez da buruko mina izatea; pertsonen % 90ek izan du noizbait buruko mina bizitzako uneren batean. Garrantzizkoena da zer egiten duen pertsonak buruko mina duenean. Migraina organismoaren hipotesi bat da eta, pertsonak zelan erantzuten duen kontuan izanda, onartua bada, kronifikatu egingo da edo, baztertua bada, desagertu egingo da.

Hortaz, migraina ez da sendatzen, ez dago zer sendaturik. Migrainaren jatorria aldatu behar dugun pertzepzio desegoki bat da.

Zure esperientziaren argitan, zer aholku emango zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumni tituludun berriei, lanbideko karrera espezializatzea bideratzeko orduan?

Espezializazioa aukeratzean, bi alderdi bateratuko nituzke: zer gustatzen zaidan eta zer eskatzen duen merkatuak.

Lehenengo kasuan, egiten duzuna gustuko baduzu, askoz lan hobea egingo duzu, lan egin behar duzulako egingo zenukeena baino askoz lan hobea. Bigarrenean, gizarteak behar duen zerbait eskaini behar dugu, alferrik da produktu bikaina eskaintzea erosiko digunik ez badugu. Kontua ez da lana bilatzea, gizarteak eskatzen duen zerbait eskaintzea baizik, beharrizan bat betetzea. Gustuko izan ala ez izan, ematen duzunaren arabera itzultzen duen sistema batean bizi gara; gauza on bat eskaintzen baduzu, erosiko dizugu. Pertsona asko dago benetan nahi dutenagatik ordaindu nahi duena.

Kontuan izango nuke, halaber, orain inoiz baino gehiago, funtsezkoak direla zeharkako trebetasunak. Ikasi eta espezializatu beharra dago; hala ere, pertsona bakar batek, mugikor batekin, milioika ikuslerengana heltzeko plataforma bat sortu dezakeen garaian bizi gara.  Gure aukerak maximizatzeko, teknologia hori eta komunikatzeko gaitasun hori menperatu behar ditugu.

Eskerrik asko eskaini diguzun denboragatik. Azken galdera bat dugu: zer oroitzapen duzu Deustuko garaiaz eta badago partekatuko zenukeen zerbait?

Oso oroitzapen onak ditut, zeren eta oso argi nuen psikologia ikasi nahi nuela, eta ilusio handiz egin nuen. Psikologiagatiko interesa Deustun karrera ikasten ari zen adiskide bati zor diot. Klasean zer egiten zuen kontatzen zidan, nik haren apunteak ikusi eta liburuak begiratzen nituen; eta pixkanaka gaia interesatzen hasi zitzaidan. Hain interes handia eragin zidan, non lagunarekin klasera joaten nintzen, matrikulatuta egon gabe, entzule. Gogoan dut lagunaren ikaskide batzuek arraro begiratzen zidatela, inolako obligaziorik izan gabe entzuten nengoela jakitean, hurbiletik ezagutu nahi izateagatik. Ez nuen dena ulertzen, 4. mailako klasean geundelako, Psikologia bost urteko lizentziatura bat zen garaian; eta aurretiko oinarririk izan gabe gauza asko eskapatzen zitzaizkidan. Baina “ateak zabaltzeko jardunaldi berezi” haiei esker, ez nuen inolako zalantzarik izan: Psikologia ikasi nahi nuen.

Maitazarrez gogoratzen ditut urte haietan ikaskide izan nituenak. Gauza bat baino ez zitzaidan faltatu: Erasmus urte bat atzerrian ematea. Uste dut oso esperientzia aberasgarria izango zela.

Partekatu ezazu