María Flores Albizu eta Erika González Sainz

Psikologia Prom. 18 eta 19

… pazientzia eta dedikazioa. Badakit etorkizunak ekarriko digunaren inguruko frustrazioa hor dagoela eta denok pasatu beharko garela bizitzan une horretatik. Hala ere, askoz emankorragoa da, nire ustez, bakoitzak bere ideiak argitzeko aukera izatea…

… Espero dut, ahal dudan neurrian, egiten dudana egiten jarraitu ahal izatea gainerako urteetan, zeren uste dut “boluntario lanak egitea” ezin dela apaingarria izan CV batean, errealitatearen kontzientzia izatea da eta errealitate horrekin konprometituta bizitzea, ahal den neurrian…

Deustuko Unibertsitateko Psikologiako gradudun hauek espezializazio master bana egitea aukeratu zuten. Maríak, Psikologia Juridiko eta Forentsekoa. Erikak ,Osasun Psikologia Orokorra

Ikasketak amaitu berri dituzu eta COVID-19a heldu da. Zer ekarri dizu bat-bateko geldialdi horrek? Zein itxaropen duzu?

María: Masterra amaitzean, nire esparruarekin lotutako beste prestakuntza batzuk egiten jarraitu nuen. Frustrazioko hilabete batzuen ondoren, ideiak birplanteatzen hasi nintzen eta nik neuk ere geldialdi bat egitea onuragarria izango zela pentsatu nuen, neure barrurantz begiratzeko. Hortaz, esan dezaket COVID-19a dela eta izan den geldialdi orokor hori oso lasaigarria izaten ari dela; aukera eman dit neure buruarekin, nire lanbidearekin berriro konektatzeko, eta benetan bide zuzenetik noala ikusteko. Ez da bide erraza, baina asko pozten nau alde ona eta produktiboa atera izanak egoera honetan. Hortaz, une honetan nire itxaropenak hauek dira: indarra berriro hartzen ari naizelako ideia argia elikatzea eta sendotzea eta ahal bezain laster garatu ahal izatea.

Erika: Niretzat, gauzak beste era batera egiteko aukera izan da, denborarik ez izateagatik utzita nuena egiteko aukera, eta eguneroko lanari buruzko ikuspegia aldatzekoa. Benetan nahi nuelako egin ditut gauzak, ez hala egin behar nuelako. Bestela esanda, egunean hainbeste denbora izanda, eginbeharrez (ikasketak, lana, ikastaroak) eta zaletasunez (pintatu, janaria prestatzen ikasi, agenda egunean jarri, etab.) gozatzeko modua izan dut. Hala ere, egia da gauzaren bati uko egin behar izan diodala, eta gehien tristatu nauena masterreko praktikekin eta gustukoen nuenarekiko harremana jarraitu ezina izan da.

Datozen hilabeteetan, unibertsitateko ikasketetan lortu dituzun eta bizitzan zehar zeure nortasunean txertatu dituzun gaitasun guztiak probatzeko aukera izango duzu. Zelan sentitzen zara pandemiaren ondorengo fase honetan?

María: Egia esan prest eta itxaropenez beterik nago. Bide honek guztiak sentiarazten dit egiten ari naizena zuzena dela, denbora gehiago eskatzen badit ere. Justiziaren esparruan beteko dut nire lana, nire ekarpena garrantzi handikoa izan daiteke, funtsezkoa ere bai kasu batzuetan. Uste dut, nire kasuan bezala, Psikologiak ekarpen handia egin dezakeela espazio honetan eta, horregatik uste dut norbere burua berritu eta ekin eta ekin lan egin behar dela, ezagutzak eskuratzen jarraitzeko. Oso alderdi baliotsua da edozein lanetako etorkizunari begira. Gauza bat espero dut: azken urteotan jaso ditudan gaitasun horiek, ahalegina eta dedikazioa jarrita, esker-sari txiki edo handi bihurtzea eta zentzua ematea besteen bizitzari.

Erika: Esaten nuen bezala, une honetan pozik nago arnasa hartzeko eta etenaldi bat egin eta antolatzeko aukera izan dudalako eta egiten ari nintzenarekin eta egin nahi nuenarekin gehiago konektatzeko modua izan dudalako. Orain, gauzak pixkanaka bere onera datoz eta inoiz baino gogotsuago nago. Psikologia praktikatzearen falta nabaritzen dut eta, zalantzarik gabe, besteekiko harremanarena ere bai. Besteak behar ditudala konturatu naiz eta psikologo lan egiteak asetzen nauela. 5 urte ikasten eman ondoren, nire lekua aurkitzen ari naizela ikusten dut, ezaupideak oso era holistikoan garatu ahal izan ditut, nire nortasunarekin eta jakin-minarekin bat. Beraz, horretan lanean jarraitzea espero dut eta bizitzako proiektuarekin gogo biziz jarraitu ahal izatea, ahal dudan neurrian.

Zure ibilbide pertsonalari eta akademiko-profesionalari begiratuta, zein neurritan uste duzu boluntario lanetan ibili izanak eratu dituela bi profil horiek? Esperientzia horiek, lanbidean etorkizunean ari zarela, bizirik iraungo dutela uste duzu?

María: Batez ere, orain arte parte hartu dudan boluntario lanak bi talderen ingurukoak izan dira: umeak eta adimen desgaitasuna.Errealitatearen ikuspegi desberdinak eman dizkidate eta maila pertsonalean eta lanbidean eragin didate. Egoera ezberdinetan malguagoa izaten lagundu didate, pazientzia izaten eta, batez ere, gauzek denbora behar dutela erakutsi didate eta besteei egin diezaiekezun on guztia, txikia izan arren, bizigarria izan daitekeela besteentzat. Hori dela eta, azken etenaldi honetan laneko ibilbidea bi talde horietara eta bi talde horien alde, nagusiki, bideratzea erabaki dut.

Erika: Bai, jakina! Ez dakit boluntario lanek nire profila eratu duten edo besteekin egoteko eta parte hartzeko gogoa elikatzeko bidea izan diren niretzat. Egia esan, urte asko daramat boluntario lanean hainbat sektoretan eta, hori gabe, ni ez nintzateke berdina izango, pertsonak eta halako esperientziak ez dira ikastaroetan edo mintegietan jasotzen, bizi duzun ikaskuntza dira. Espero dut, ahal dudan neurrian, egiten dudana egiten jarraitu ahal izatea gainerako urteetan, zeren uste dut “boluntario lanak egitea” ezin dela apaingarria izan CV batean, errealitatearen kontzientzia izatea da eta errealitate horrekin konprometituta bizitzea, ahal den neurrian.

Asko dira une honetan zure egoera berean daudenak. Zer gomendatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumni Gazteei ustekabeko erronka horri aurre egiteko?

María: Egia esan, pazientzia eta dedikazioa. Badakit etorkizunak ekarriko digunaren inguruko frustrazioa hor dagoela eta denok pasatu beharko garela bizitzan une horretatik. Hala ere, askoz emankorragoa da, nire ustez, bakoitzak bere ideiak argitzeko aukera izatea, hori behar izanez gero. Batzuetan sentitzen dut dena arin egin nahi dugula eta ez dugula behar den adina pentsatzen; baina, kasu honetan, pentsatzeko, hausnartzeko tartea hartu behar dugu eta erabakitzeko unerik onenean gauden ala ez ikusi.

Erika: Lehenengo, pazientzia izatea, eta, bigarren, gogotsu aritzea. Zalantzarik gabe, ziurgabetasun, frustrazio eta segurtasun falta ikaragarriko unea da. Normala da, baina ez genuke inoiz baino katastrofistago jarri behar. Uste dut ilusioa mantendu behar dugula, ikasketa urte luzeetan zehar egin den lanean konfiantza izan behar dugu eta ikasten jarraitzeko ohitura inoiz ez galdu. Une honetan hasten zara zeure burua profesional gisa ikusten, ikasle sinple bat izateari utzita. Hori erantzukizun handia da, neurriz ibiltzea eskatzen du eta, aldi berean, ilusioa izatea, asmo berriei ekiteko eta lan munduratzeak dakarkigunari aurre egiteko.

Unibertsitateko geletatik irten berri zaude… Zer kontatu diezagukezu Deustuko Unibertsitatean bizi izan duzunari buruz? Zer oroitzapen daramazu bihotzean?

María: Unibertsitatetik pasatzearen inguruan pentsatzen dudanean, uste dut “aurkikuntza” dela hitzik egokiena. Horri esker, badakit zertan aritu nahi dudan, kanpoan ikasteko aukera izan dut eta balio handiko ikasgaiak ikasi ditut ikaskide eta irakasleengandik. Gradudun izanda ere, Deustuk gogoan izan nau nire ezaguera zabaltzeko, Deusto Alumnik eskaintzen dituen prestakuntza ikastaroen bidez. Lotura sendoa izateko aukera eman dit eta hori bihotzez eskertzen dut.

Erika: Zintzo-zintzo diotsut oso pozik eta harro nagoela Deustuko ibilbide akademikoaz. Ikasketen lehenengo urtetik hasita, Deusto Campusek antolatzen dituen jarduera batzuetan izena eman nuen, boluntario lanean eta auzolandegietan, tailerretan edo euskal dantzetan eta jende asko ezagutu nuen, esperientzia aberasgarriak izateaz gain. Gero, Erasmusean Poloniara joateko zoriona izan nuen eta urte hura bizitzan izan dudan onena da, dudarik gabe. Bestalde, ikasleekiko tratua oso hurbila eta abegikorra iruditu zait beti. Horri balio handia ematen diot, lanbideko garapena asko erraztu dit eta.  Laburbilduz, uste dut Unibertsitateak eskaini dizkidan baliabideak aprobetxatu ditudala; eta beti animatu dut jendea halakoetan parte hartzera, unibertsitatea ez baita ikasteko toki hutsa, kultura eta hezkuntza ere bada maila guztietan. Nik beti izango diot nahitasun handia unibertsitate honi, eta espero dut harekin ditudan harreman batzuk sekula ez galtzea.

Partekatu ezazu