Osasun mentala zaintzearen garrantziaren inguruan gero eta sentsibilizazio handiagoa dago, informazio gehiago dugu eskura eta argiago hitz egiten da horri buruz. (…) Gero eta maizago bilatzen dute pertsonek laguntza profesionala; “psikologoarengana jotzeko” jarrera aldekoagoa da, eta aurreiritziak gutxitzen ari dira. Eta jakin badakigu esku hartze goiztiarra garrantzitsua dela arazo psikologikoak laster konpontzeko eta kroniko bihurtzea saihesteko.
Psikologia Klinikoa ikasi duzu eta arlo horretan lan egin duzu, terapeuta, ikertzaile eta irakasle gisa. Kasurik gehienetan, kolektibo kalteberekin: dibertsitate funtzional fisikoa edo sentsoriala duten pertsonak; lanik gabe edo bazterketa arriskuan daudenak; osasun mentaleko arazoak dituzten haurrak, gazteak eta helduak; adikzioak dituzten pertsonak. Zerk eraman zuen Begoña Rueda Psikologia Klinikoaren eremura eta pertsona horietaz arduratzera?
Beti izan dut argi, baita unibertsitateko ikasketak hautatzerakoan ere, Psikologiarekiko interesa. Eta Psikologiaren eremu profesionalen artean, Psikologia Klinikoaren eta zuzeneko esku hartzearen alde egin dut. Osasunaren eta desgaitasunaren psikologian sakondu nuen doktorego tesian eta lehen urteetako lan esperientzietan. Ondoren, udaletako eta Osakidetzako lan aukerei esker, kolektibo horiekin, adin batzuetan eta besteetan, lan egin ahal izan dut.
Osasunaren Mundu Erakundeak nahasmendu mentalei buruz argitaratu duen txostenaren arabera (OMS, 8 de junio de 2022) munduko zortzi pertsonatik batek (alegia, biztanleriaren % 12,5ek) nahasmendu mentala du, eta horrek pentsamenduaren, emozioen erregulazioaren edo portaeraren alterazio handiak eragiten ditu. Nahasmendu hori mota askotakoa izan daiteke. Prebentzio eta tratamendu aukera eraginkorrak dauden arren, txostenak agerian uzten du pertsona gehienek ez dutela arreta eraginkorrik jasotzen.
Zure ustez, Bizkaiko herritarrak errealitate horrekin sentsibilizatuta daude? Garaiz jotzen dugu terapeutek ematen dituzuen zerbitzuetara edo gehiegi itxaroten dugu hori egiteko?
Osasun mentala zaintzearen garrantziaren inguruan gero eta sentsibilizazio handiagoa dago, informazio gehiago dugu eskura eta argiago hitz egiten da horri buruz. Esate baterako, ez da hain arraroa kirolariek edo nolabaiteko gizarte onespena duten pertsonek beren esperientzia pertsonala azaltzea. Pandemia ere inflexio puntu bat izan zen, eragin psikologikoaz eta hori lantzearen garrantziaz jabetu zen jendea.
Gero eta maizago bilatzen dute pertsonek laguntza profesionala; “psikologoarengana jotzeko” jarrera aldekoagoa da, eta aurreiritziak gutxitzen ari dira. Eta jakin badakigu esku hartze goiztiarra garrantzitsua dela arazo psikologikoak laster konpontzeko eta kroniko bihurtzea saihesteko.
Bizkaiko Psikologia Elkarteak PsikoBizi doako zerbitzua eskaini zuen konfinamenduan, eta 500 pertsona baino gehiago artatu ahal izan zituen. 2010az geroztik eta 2023ko azarora arte, Osakidetzarekin, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak (RSMB) 50.971 heldu eta 20.988 adingabe artatu zituen. OMEk emandako datuen arabera, biztanleriaren % 12,5ek nahasmendu mentala badu, Bizkaian 145.000 pertsona inguru izango lirateke. Ahalegin horiek guztiak, goresgarriak izan arren, nahikoak dira edo zerbait gehiago beharko litzateke?
Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak osasun mentaleko arretari buruz ematen dituen datuei eremu pribatuan eskaintzen den arreta gehitu beharko genieke. Eta sektore horrek herritar asko artatzen ditu.
Sektore publikoko arreta psikologikoak profesional gehiago hartzea eskatzen du, urrun baikaude Europan gomendatzen diren psikologo klinikoen ratioetatik -20 profesional 100.000 biztanleko-.
Beharrezkoa da psikologia klinikoko profesionalen kopurua handitzea, osasun publikoan tratamendu psikologikorako sarbidea bermatzeko. Baina garrantzitsua da, halaber, arreta psikologiko hori hezkuntza ingurunean, lan munduan eta gizartean esku hartzeko zerbitzuetan ere eskaintzea. Izan ere, psikologoaren figura funtsezkoa da, osasun arloan ez ezik, baita aipatutako ingurune horietan ere.
Osasun Mentalaren Munduko Eguneko (2024/10/10) aurtengo leloa “Lana eta osasun mentala, funtsezko lotura” izan da, lan esparruan osasun psikologikoa zaintzeko zerbait egiteko dei argia. Zure esperientziaren arabera, langileen artean zein jokabide alterazio ikusten da sarrien?
Enpresetan gero eta handiagoa da langileen osasun mentala zaintzearen garrantziaren inguruko kontzientzia. Estresak, presioak, lan zamak eta gure gizartearen bizimoduak ondoeza sortzen dute eta ongizate psikologikoa galtzea eragiten dute. Gainera, norberaren eta familiaren inguruabarrek beste estres faktore batzuk gehi ditzakete. Antsietate eta depresio nahasmenduak dira langileen artean ugarienak, eta horixe baieztatzen dute estatistikek.
Amaitu aurretik, eskerrak eman nahi dizkizugu zenbaki honetan parte hartzeagatik. Azken galdera: zer oroitzapen dituzu Deustuko Unibertsitatean Psikologia ikasi zenuen garai haietatik?
1985-1990 promoziokoa naiz ni, Psikologia karrera 5 urteko lizentziatura zen garaikoa. Oso oroitzapen onak ditut ikasle garai haietatik. Gogoan ditut liburutegiko ikasketa giroa, pezerak eta kafetegian ikaskideekin partekatutako uneak. FICE Fakultatearen mendeurrena ospatu zen garai hartan. Eta ikasleek parte hartzeko hainbat aukera zeuden: Unibertsitateko abesbatza, zinema kluba, antzerki tailerrak eta Gaurgiro.