Miryam Artola Dendaluce

Ekonomia eta Enpresa Zientz Prom. 97

… egin dezatela BEREN bidea. Batzuetan beste pertsona batzuen itxaropenak “hautsi” egiten dituzula dirudi, edo “espero” ez ziren bideetatik zabiltzala. Sarritan helmuga zein den ondo jakin gabe zabiltzala ematen du, baina hor dagoela sentitzen duzu, eta erabaki, toki, une bakoitzean, norberak egon nahi duen tokian dagoela. Nik bidea egin dudala sentitzen dut eta atzera begiratzen dut eta oso gustagarri zait. Gustuko dut neure bizitza…

Ez da erraza Miryam Artolak bihotzean, ariman eta buruan pilatuta dituen beste bizitza eta esperientzia laburbiltzea. Nolakoa da Miryam Artolak gaur egun osatzen duen mosaikoa? Marraztuko zeniguke hitzez?

Muxote nire alter ego-a da. Gertatzen zaidana, sentitzen dudana, Bizitzarekin dudan elkarrizketa hor daude agerian. Eta hori Bizitza asko da, bizipen asko. Gertatzen zaidanari marrazkia, kolorea eta mezua jartzea koloreen mosaikoa da. Kolore distiratsuen, bizien, argiz beteen mosaikoa da… Bizitza oso batena, esperientzia ugariz betekoarena eta Bizitzak eskaini dizkidan aukeraz betea, bizitzan zehar biltzen ditudan bizipenena. Grisen eskalako mosaikoa ere bada, argi-ilunena, Ni naizena ere osatzen duten une sailen isla.  Une zailak, faltak, hausturak eta gaitzagoak diren egunak. Triste egoteko eskubidea aldarrikatzen dut, amorruz edo suminduraz oihu egiteko baimena, edo, besterik gabe, irribarrea ateratzea zailagoa izaten den unea.  Kolore argiz beteen eta grisen arragoa, horixe da Bizitza.

Eta beste guztiaren gainetik, izenez beteko mosaikoa litzateke. Pedro Casaldáligak zionez, “izenez beteko bihotz bat”. Maitasun, lotura, besarkaden emakume bat naiz… zorionekoa eta pribilegiatua, Bizi eta gozatu dezakedan bizitza on hori osatzen duten pertsonak inguruan ditudana.

12 urte eskaini dizkiozu, laneko ibilbidearen % 50, Nazioarteko Lankidetzari. Beste erdia ikus-mintzairari, zure hitzen arabera, pertsonen eta taldeen bideratzaile,lotzaile, eragile (eta bihotz hunkitzaile) lanean. Zein neurritan bateratu dira zuregan bi ibilbide horiek?

Kosta egiten zait bereizketa hori egitea. Bi “zereginak” elkarri lotuta daude. Eta bat egiten dute nire bokazioan: Pertsonei eta taldeei laguntzea eta topaketarako prozesuak, aldaketarakoak eta moldaketarakoak erraztea, ikus-mintzaira erabiliz.

Nazioarteko lankidetzan lan egiten nuenean, prozesuak eraikitzeko era, taldean lan egitekoa, komunitateei eta erakundeei laguntzekoa ikus-mintzaira erabiliz egiten nuen, nahiz eta une hartan ez nintzen horretaz jabetzen. Eta orain, “era ofizialean” ikusizko aholkulari eta erraztaile gisa definitzen naizen honetan, pertsonei, taldeei eta erakundeei beren burua “ikusten”, “kontatzen”, begiratzen, ezagutzen, komunikatzen laguntzen diet, baita urrats txikiak identifikatzen ere, hartara aldaketa prozesuetan aurrera egiten laguntzeko.

Nire lanbideko egungo jarduna urteotan ikasi dudan guztiaren fruitu da eta Visual Thinking-ak egiten duen ekarpenari eta ahalmenari balioa aitortzen dio, lotura, mugimendua eta aldaketa sortzeko lengoaia den aldetik.

Blogean artikulu bat idatzi nuen, lanbideko nire bi momentuen “fusioa” nolakoa izan zen zehazteko.

Egunero, 2011tik, “#dibumensaje” bat oparitzen duzu gizarte sareen bidez, Eeegunon Mundo!!” eta zure alter ego-aren bidez, Muxoteren bidez. Gero jendearen oihartzuna jasotzen duzu eta unean-unean erreakzionatzen duzu jendearen komentarioetara.Nola lortzen duzu denetara heltzea? Zerk mugitzen zaitu jarraitzaileekiko solas horretan jarraitzera?

Nire eguneroko “dibumensaje” hori barne solasetik sortzen da, nik neure buruarekin izaten dudan solasetik, eta naizenarekin eta sentitzen dudanarekin konektatzeko bidea ematen dit. Eguneroko meditazio antzeko bat da. Eta hortik, Muxoteren bidez, adierazi eta munduarekin konektatu naiteke “beste era batera” emozioaren eta topaketaren bidez heldu eta eraginez. Egunero jasotzen ditudan erantzunek eta oihartzunek, alde horretatik nire arreta eta presentzia merezi dute. Elkarrizketa zoragarria da, Eduardo Galeanok zioen bezala, “sentipentsamenduak”.

“Dibumensaje” bizia da. Nire historia beste historia batzuekin lotzen da. Eta hori ez da ahalegina niretzat, nik neure buruarekin dudan solasetik sortzen baita, eta hortik munduarekiko solas txiki bat zabaltzen baita. Eta sentitzen dut ekarpena egiteko era txiki eta xumea dela, elkarren arteko harremanerako eta topaketarako espazio bat eskaintzea dela; izan ere, nire eguneroko “dibumensajeak” pertsona askori zerbait esaten die, mugitu egiten ditu edo zerbait iradokitzen die.

Nola eraman du Muxotek itxialdia? Zer moduz darama deseskalatzea?

Muxotek eta Miryamek ondo eraman dugu. Nire hitza “eustea izan da. Nire zalantzei, beldurrei, isolamenduari, etab. eustea eta hortik eutsi nahi izan diot, egin nezakeela sentitzen nuen neurrian, nire inguruari, eta hor sartzen da Muxoteren “komunitatea”. Solas zabaleko egunak izan dira eta eguneroko “dibumensaje” hori eskertzen zuten pertsonekiko presentziako egunak.

Eta lan geldialdi gogorrean lasaitasuna mantentzeko denbora ere izan da. Talde bikaina dut, eta enpresa gisa ditugun aukeren inguruko eta etorkizuneko estrategia eta ekintza ildoen inguruan zabaldu diren galdera berriei (zaharrei) erantzuten asmatu dugu. Sendotzeko, askatzeko eta energia biltzeko denbora izan da eta heltzen ari direnei denbora eskaintzeko ere bai.

Deseskalatzea emozioz daramat eta batzuetan maite ditudan pertsonak estu-estu besarkatu nahiak pazientzia galarazten dit.  Egoerak eskatzen digun distantzia fisikoa oso gogorra egiten ari zait (besarkada zale amorratua naiz). Eta deseskalatze horrek lan eta aukera berrietan pixkanaka eskalatzea dakar. Esango nuke hitza orain “adi” dela. Adi arduraz deseskalatzeko. Eta adi sortzen ari denari erantzuteko, arlo pertsonal eta profesionalean.

Lizentziatura lortu eta hemezortzi urtera lanbideko karrerari errotiko norabide aldaketa eman diozu. Zer aholkatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumniei haien aldaketei aurre egiteko orduan, ametsak lortzeko prest egoteko eta aldaketari beldurrik ez izateko?

Berriro diot, ez dut uste errotikako aldaketarik egin dudanik. Berez, uste dut zentzu handia duela ikasi nuena ikasteak (Ekonomia eta Enpresa Zientziak), gizarte eta nazioarteko lankidetza esparruan egin dudan lan guztiak eta orain aholkulari eta ikusizko erraztaile lan egiteak. Uste dut ibili, esperimentatu eta bizi izan dudan guztia Bizi behar nuela, gaur egun egiten eta eskaintzen ari naizena egiteko eta eskaintzeko.

Alde horretatik, aholkua baino gehiago, esango nieke edo esango niokeen neure buruari 23 urterekin karrera amaitu nuenean, BEREN bidea egiteko. Batzuetan beste pertsona batzuen itxaropenak “hautsi” egiten dituzula dirudi, edo “espero” ez ziren bideetatik zabiltzala.Sarritan helmuga zein den ondo jakin gabe zabiltzala ematen du, baina hor dagoela sentitzen duzu, eta erabaki, toki, une bakoitzean, norberak egon nahi duen tokian dagoela. Nik bidea egin dudala sentitzen dut eta atzera begiratzen dut eta oso gustagarri zait. Gustuko dut neure bizitza. Urrats bakoitzak, une bakoitzak, topaketa bakoitzak, igoera eta jaitsiera bakoitzak egin du ni orain naizena izatea.Uste dut “izan behar” delakoa eta nik neure buruari jarri diodan “perfektua” izatearen ideia askatu ditudala pixkanaka “ni neu” naizena izateko.  Konturatzen joan naiz zer behar nuen, zer nahi nuen, nor nintzen… Eta hortik abiatuta ikusi dut zein den munduari egin diezaiokedan ekarpenik onena.

Gero eta askeago sentitzen naiz, nire tokian, ni neu izaten.

Zer oroitzapen dituzu Deustuko ikasle izan zinen urteetakoak? Muxote ere hango geletan egon zen?

Oroitzapen ona eta ederra dut. Asko gozatu nuen Unibertsitateko urteetan, garai hartako adiskideez, egiten genuen guztiaz eta “gelatik kanpo” ere proposatzen genuen guztiaz. Unibertsitateko urteak ibilbide bikaina dira bizimodu tutoretzapeko batetik, senideek, aitak eta amak babestuta, bizimodu autonomo batera urratsak egiteko. Ez da soilik akademikoki ikasten duzuna; batez ere, gaitasunak eskuratzea, trebetasunak garatzea da, bizitzak planteatuko dizkizunei (zeure kabuz) erantzuteko eta irtenbidea ematen hasteko. Eta hori gelatik harantzago doa.

Eta Muxote, jakina, Deustuko geletan egon zen, zeren ni Muxote naizenez (edo Muxote ni naizenez… a zer korapiloa!) orain “hura” esateko eta transmititzeko gai da, Miryamek garai hartan ikasitakotik edaten du. Bai, Muxotek Deustun ikasi zuela esan dezakegu.

Partekatu ezazu