Skip to main content

Bokazioa bizitza bat, ikuspegi pertsonaletik, justifikatzeko balio duen edozein arrazoi da

Pedro Ugarte, Setenil XIV saria, ‘Nuestra historia” liburuarengatik

Zuzenbidean lizentziaduna, kazetaria ogibidez, eta idazlea bokazioz. Nor da Pedro Ugarte?

Galderaren oinarriei begiratuta, funtsean ondorioztatuko genuke Pedro Ugarte negoziatzaile bat dela, errealitate indartsuarekin negoziatzen ahalegintzen den norbait. Errealitatea Jainkoaren edozein arimarentzat arerio indartsuegia da, beraz, ez da bideragarria harekin hil ala biziko borrokan aritzea. Baina errealitateak agintzen du hori onartzea eta horretara makurtzea porrot onartezina izango litzateke. Horregatik, errealitatearen aurrean, itunak bilatu behar dira: errealitatearekin itun on bat lortzea, epe luzera, garaipen bat da. Niri dagokidanez, garaipen horrek esan nahi du oso harro nagoela zuzenbidea ikasi izanaz (filologia ikasteak ez zidan nire proiektu pertsonalean lagunduko, ziur aski); oso harro nagoela kazetari izateaz (idazle batzuek guztiz hondoratuta bukatzen dute, literatura ogibide dutelako); eta, batez ere, oso harro nagoela idazteari uko egin ez izateaz.

Zer sentitu zenuen zure liburu bat eskuetan izan zenuen lehenengo aldian?

Nire lehenengo liburua “Incendios y amenazas” izeneko poema bilduma bat izan zen, 1989an Bilboko El Sitio Elkarteak argitaratua. Zirrara handia sentitu nuen, zalantzarik gabe. Ulertu nuen neure bizitza, nolabait, liburu batek justifika zezakeela, objektu soil eta beldurgarri batek, alegia. Badakit ideia hori kanpotik onartzea ez dela erraza, baina idazle batek sentitzen du bere izatea bera liburuek justifikatzen dutela. Beharbada, patologia bat izango da. Ez naiz hain zorrotza, uste dut horri lehen bokazioa esaten geniola. Bokazioa bizitza bat, ikuspegi pertsonaletik, justifikatzeko balio duen edozein arrazoi da. Arrazoi horren indarra, noski, onuradunak baino ez du sentitzen: besteek uste izan dezakete, munduko eskubide guztiarekin gainera, zoratuta dagoela.

Hitz egin dezagun liburu sarituaz. Zein lotura dute ‘Nuestra historia’ laneko kontakizun guztiek?

Lotura, funtsean, pertsonaia bat da, Jorge, bera baita neure narrazioen protagonista nagusia, neurri handi batean. Sei eleberri idatzi ditut eta horietatik lautan da protagonista Jorge; 80 ipuin inguru idatzi ditut, eta horietatik 70 baino gehiagotan da protagonista Jorge. “Nuestra historia” literatur pertsonaia baten bizitzaren jarraipena da, dagoeneko adin asko izan dituena; batzuetan aberatsa eta besteetan pobrea, batzuetan gaztea eta besteetan zaharra izan dena; ezkontzak eta banaketak, pozak eta traizioak bizi izan dituena; lagun handiak eta etsai gaiztoak izan dituena. Esan dezagun “Nuestra historia” pertsonaiaren bizitza mugitu horretan hurrengo geltokia dela. Nolanahi ere, egileak Jorge literatur tresna bat izatea ere nahi du, edozein irakurlek bere burua harekin identifikatzeko. Gustatuko litzaidake liburua irakurtzen duen bakoitzak lerro artean aurkitu ahal izatea, nonbait ezkutatuta, bere izaeraren zatitxoren bat.

Batzuek uste dute idazleen bizitza beren lanetan islatzen dela. Zure zein zati gelditu da ‘Nuestra historia’ lanean?

Liburuaren sustapenean, sarritan galdetu zidaten hori bera, eta orduan egin nuen bezala erantzungo dut orain: “Nuestra historia” liburuko hamar kontakizunetatik bost, neure biografiatik oso hurbil daude; lauk, ezaugarri autobiografiko nabarmenak dituzte; eta bakarra dago autobiografiatik urrunago. Horrek esan nahi du gutxienez liburuko sei kontakizun irakurtzen dituenak, estatistikari dagokionez, ziur esan dezakeela egilearen dimentsio pertsonaletakoren bat antzeman duela. Baina, literatur ikuspegitik, edozein kontakizunen izaera autobiografikoa edo alegiazkoa bereizteak ez du inolako interesik: garrantzitsuena da kontakizunak funtzionatzea eta irakurlea erakartzea. Horixe da gauza garrantzitsu bakarra.

Saria jaso zenuenean, hunkitu egin zinela kontatu didate. Zer esan nahi du zuretzat aitorpen horrek?

Bai, noski, hunkitu egin nintzen, narratiba laburraren generoan, Setenil saria garrantzi handikoa delako. Epaimahaiaren irizpidearen arabera, aurreko urtean Espainian argitaratu diren ipuin liburuen artean onenari ematen zaio saria. Páginas de Espuma argitaletxean argitaratzea arrakasta handia da narratiba laburreko idazle batentzat, baina pribilegio hori Setenil sariarekin batera baldin badator, egia esan, esker oneko hitzak besterik ez zaizkit ateratzen.

Inspirazioa, musak, talentua… horretaz guztiaz hitz egiten da, baina, dakidanez, zure kasuan, arrakastaren sekretua lana eta sakrifizioa dira. Nola bateratzen dituzu zure lan eta familia bizitza eta idaztea?

EHUn egiten dut lan, erakunde kazetari. Eta ordutegi eta helburu oso zorrotzak ditut. Hala ere, niretzat literatura, bai irakurle gisa eta bai idazle gisa, eguneroko esperientzia da. Pentsatzen dut azken ondorioa ez dela egokiena: jarduera horren prezioaren zati bat familiak ordaintzen du. Eta beste zati bat, nik neuk, lotarako ordu gutxiagorekin gelditzen bainaiz.

Beste galdera bat badut: nola laguntzen dizu argitaletxe batek proiektuaren fase guztietan zehar? Zertarako balio du argitaletxe batek gaur egun?

Galdera ona da. Oso eroso sentitzen naiz Páginas de Espuma argitaletxean, harrera bikaina egin didate. Argitaletxe horrek liburua izugarrizko kontuaz zaintzen du eta ekoizpen prozesuan inplikatzen da (liburua sortzeko aurreko prozesuan ere bai), baina hori egiteko, egilea eta bere sormen prozesua izugarri errespetatzen dute. Adibide bat jartzearren: aurreko liburuan, “El mundo de los Cabezas Vacías”, ipuin bat, “Estación en la Tierra”, “o” letra elkarren segidan etenik gabe jarrita osatu nuen, zazpi orrialdetan. Argitaletxeak ez zuen ipuina liburutik kendu; aitzitik, nik testurako zehaztu nituen arau tipografikoak errespetatu zituen. Juan Casamayor editoreak esan zidan liburua inprimatzeko prozesuan arduradunak makinak gelditu zituela eta oso kezkatuta deitu ziola, inprentatik ateratzen zena ikusita, zerbait gaizki zegoela uste baitzuen. Juanek, noski, arduraduna lasaitu zuen eta ziurtatu zion pieza bitxi hura zuzena zela, egileak hala idatzi zuela eta hala argitaratu behar zela.

Zer konta diezagukezu zure hurrengo liburuari buruz?

Idazle batzuek liburu bat bestearen atzetik idazten dute. Neurean, ordea, literatur sorkuntza material eta sedimentuen magma baten metaketa da eta azken emaitza askotarikoa izan daiteke. Eleberri bat idazten ari naizenean bai, orduan argudio bati heltzen diot eta aldez aurretik ezarritako diseinu batekiko konpromisoa hartzen dut. Gainerakoak ipuinak dira, kontakizun laburrak, gogoeta, poemak, aforismoak, burutazioak, aurkikuntzak, saiakuntzak… Inoiz ez dakizu gauza horiek non bukatuko duten: zakarrontzi hurbilenean edo, beste ipuin batzuekin batera, Setenil sarian.

Amaitzeko, zein gomendio emango zenieke hasi berri diren eta beren lanak argitaratu nahi dituzten alumniei?

Gomendiorik onena izango da beren literatur bokazioa eta errealitatea alderatzea: dozena bat aldiz hondoratu bazaituzte eta oraindik ere idaztearekin tematuta jarraitzen baduzu, ez dago zalantzarik, zure bokazioa barru-barrukoa da, eta ez dute eraitsiko ezta kataklismo handienek ere. Ziurtasun horretatik abiatuta, guztia errazagoa da: aurretik orduak besterik ez dira gelditzen, ordu asko, milaka ordu, idazteko eta irakurtzeko. Irakurtzeko idazteko baino gehiago, gainera. Ernesto Sabatok hirugarren eleberrian dio tematzeak ere ez duela ezer bermatzen: borroka egin behar da, borroka egiten jarraitu behar da, beharbada amaierara arte, inolako bermerik gabe, emaitza zein izango den jakin gabe. Sentitzen dut, ezin dut berri hoberik eman. Baina, zalantzarik gabe, benetako idazleek ulertuko zuten zer esan nahi dudan.