Skip to main content

Atzerritarrei beharrizana sortzen ari gatzaizkie

Xabier Lasagak sektore turistikoak Euskadin duen loraldiaz hitz egiten digu eta zer ekarpen egin dion Deustun ikasteak lanbideko karreran.


Zer une bizi du turismoak orain? Euskadiko turismo sektorearen potentzial guztiari etekina ateratzen ari gatzaizkio?

Turisten eta bisitarien kopuruak aztertuta, esan daiteke historiako unerik onenetariko batean gaudela Euskal Herriko turismoaren sektorean. Baina kontuz ibili behar dugu; ez dut uste ostatu turistikoen eta zerbitzuen prezioetan abusatzea komenigarria denik, abagunea ikusita. Uste dut azpiegiturak hobetzeko unea dela, produktu eta zerbitzu berriak sortzekoa eta, bereziki, euskal hiriburuek duten erakargarritasuna aprobetxatu behar dela, euskal geografiak eskaintzen dituen eskualde eta bazter zoragarriak sustatzeko.

Euskadik turismo sektorean duen potentziala oso handia da. Nire ustez, edozeinek begi hutsez begiratuta, Europako produkturik onenetarikoa dugula ikusiko du, ikuspegiz hobe ezina; eta nortasun propioa. Horrek erakarri egiten ditu bisitariak, bisitariek hori bilatzen dute; baina turistek gero eta esperientzia gehiago eskatzen dituzte eta sortu egin beharko ditugu, geure egin, gero haiei eskaintzeko.

Turismo industriak aldaketa sakona izan du azken urteotan, teknologia berriek aldatu egin dute sektorea eta hala egiten jarraituko dute. Zeintzuk dira sektorearen erronkarik nagusienak?

Teknologia berriek munduko azken bazterretaraino eraman gaituzte. Donostiako badia, Guggenheim Museoa, Gasteizeko Katedrala, Arabar Errioxako kopa bat ardo edateko eta Estafeta kalean argazki bat ateratzeko beharrizanak sortzen ari gara atzerritarren artean. Baina erronketan lehena hauxe litzateke: gure zerbitzuen eta produktuen kalitatea mantentzea eta, ahal izanez gero, hobetzea; eta herritarrak konturatu daitezela zer onura dakarkion turismoak euskal gizarteari. Herritarren eta turisten arteko bizikidetza hobetzea ezinbestekoa da.

Sektoreak duen beste erronka handi bat kirol eta abentura turismoaren joera berriak aprobetxatzea litzateke eta Convention Bureau-ak egiten ari diren lan handia sustatzea eta balioestea, biltzar, bilera eta pizgarri-bidaiak gure lurraldera erakartzeko.

Nire ustez, aitorpen zabala dute Euskadin gastronomiak eta sukaldariek. Bada garaia, berriz, enbaxadore berriak aurkitzeko, sukaldaritzako maisuekin batera, Euskadi marka sustatzeko helmuga turistiko moduan.

Helmuga turistikoak berritzea, urtarokotasuna, merkatu lehiakide berriak agertzea edo elkarlaneko ekonomia dira sektoreko enpresen artean kezkarik handiena sortzen duten arazoak une honetan. Horrek negozio turistikoen “tarta” handiagoa dela esan nahi du ala berdina dela baina era desberdinean zatitua?

Uste dut une honetan “tarta” handi bat dugula ia denok, baina ez dugu abusatu eta berehala irentsi behar. Lankidetza ekonomia, nik neuk, aukera handi gisa ikusten dut, turismo mailan hazteko. Egia da turismo mota horren ekarpenik gehiena jatetxe, museo, garraiobide, merkataritzaren barruan sartzen dela; eta hori guztia ere turismoa da. Ostatu turistikoei dagokienez, Europako okupazio tasarik handienetarikoa dugu eta zabaltzen joan behar dugula uste dut, baina jende mota guztiari eskaintza zuzenduta. 5 eta 4 izarreko hoteletan ez ezik, ahalegin handiagoa egin beharko litzateke kanpinen sarea zabaltzen, bereziki autokarabanena; eta bestelako ostatu motak ere jaso beharko lirateke, beharrizan eta bezero guztiak asebetetzeko.

Turista eta merkatuen nitxo berriak bilatzea beharrezkoa da ekonomia global eta distantziarik gabeko honetan; baina euskal turismoari ez zaio inoiz eutsiko errusiar edo txinatar turistekin.

Basquetour, Turismo Bulego, Convention Bureau eta Eusko Jaurlaritza eta Aldundiko sail publikoetatik, hau da, erakunde publikoetatik, oso ondo lan egin da urtarokotasuna gero eta txikiagoa izan dadin. Biltzar, kirol ekitaldi eta abarren aldeko turismoaren aldeko apustua egin da. Orain dela gutxira arte, turismo denboraldia urtean 3 hilabetetara mugatuta zegoen; eta orain ia urte osoan dugu turista eta bidaiarien etorria. Ildo horretatik jarraitu behar dugu lanean.

Zer esan nahi izan zuen zure karreran Deustutik pasatzeak?

Ikaragarri gustuko dudan bide bat aukeratzea. Turismoaren sektorean lan egiteak esan nahi du etengabe berritzen ari den sektore batean jardutea, monotoniatik aldentzea. Karrerari esker, era askotako lanetan aritu naiz: Estatu Espainiarreko eta Europako hainbat txokotan gidari turistiko; irakasle; eta, une honetan, jatetxeen, hotelen eta ekitaldien sektorean, marketineko eta komunikazioko arduradun. Karrerak aukera zabalak eskaintzen ditu.

Deustun Turismoa ikasteak konnotazio oso positiboak ditu Euskaditik kanpo, nire ustez. Esate baterako, Madril edo Bartzelona bezalako hiriburuetan, ate asko eta lanpostu asko zabaldu dizkit.

Zer aholku emango zenieke sektore horretan karrera profesionala egin nahi duten alumniei?

Bizitzan zorion itzela izan dut, lana, errespetua eta entzuten jakitea balioesten duten gurasoak izan baititut. Lehenengo eta behin, esango nieke gogor lan egiteko, gehienetan “zerbitzatzea” tokatzen zaigun sektore horretan; eta zerbitzatuz zoriontsu egin ditzakegu pertsonak eta geu ere bezeroaren irribarreak poztu gaitzake. Eta gogoratu borondatea duenak indarra ere baduela.

Lanean hasten direnean, denetarikoa egitea tokatuko zaie, baina ondo egindako edozein lan errespetagarria dela izan behar dute kontuan.

Cola Caoak zerbitzatu behar badituzte, ahalik eta hoberen zerbitza ditzatela; eta, etorkizunean, haien negozio propioa badute edo zuzendariak badira, gogora dezatela pertsonak garela eta pertsonekin eta pertsonentzat lan egiten dugula. Ez izan oker egiteko beldurrik: sarritan 10 gauza egin eta 2 baino ez dira ondo ateratzen.

Eta amaitzeko, lanbidean profesional handiak izateko zoria izan dezatela, nik izan dudan bezala, Vicente Zaragüeta Aquariumeko presidente hilberriarekin gertatu zaidan bezala. Ez dut sekula ahaztuko laneko orduan esaten zuen esaldi bikainetariko bat: Irribarreak bihotzak zabaltzen ditu.