sektorean lan egingo duenak bezeroarekiko gustua izan behar du, munduko ordu guztiak sartu behar ditu, “bulegokoak” zertan izan behar ez duten orduetan. Serioa, formala, atsegina, enpatikoa izan behar du, eta ez beti aitorpen ekonomikoa izatea. Sektore honetan ez da soldata handirik, baina bai bezeroen esker ona
Hotelen zuzendaritzan esperientzia zabala izanik eta Espainian irakaskuntzan ere aritu izanik, Morey Pérez Yntriagok itsasoz beste aldera joan eta Antilla Handietako Karibeko merkatua aztertzen du Grand Memories Cayo Santa María hoteleko zuzendaritzatik.
Bi titulazio erabat desberdin dituzu: irakasle ikasketak eta Turismokoak. Zelan hautatu zenuen lanbidean Turismoan aritzea?
Egia esan, nire lehenengo aukera izan zen beti turismoan lan egitea. Horixe lehenetsi nuen, UBI ikasten ari nintzela, apirileko egun hartan paperak bete nituenean. Irakasle ikasketak geroago etorri ziren, Turismoa amaituta, bestelako aukera moduan.
Zer ezaugarri izan behar ditu, zure ustez, Turismo sektorean lan egin nahi duenak, zehazki, hotelen esparruan?
Topiko usaina izan dezakeen arren, sektorean lan egingo duenak bezeroarekiko gustua izan behar du, munduko ordu guztiak sartu behar ditu, “bulegokoak” zertan izan behar ez duten orduetan. Serioa, formala, atsegina, enpatikoa izan behar du, eta ez beti aitorpen ekonomikoa izatea. Sektore honetan ez da soldata handirik, baina bai bezeroen esker ona.
Gipuzkoan, Errioxan, Nafarroan, Bizkaian eta Kuban ere zuzendu dituzu hotelak. Zeintzuk dira kudeaketa arloko desberdintasunak hain inguru desberdinetan?
Buff… Ez dute inolako zerikusirik. Izugarri polibalentea izan behar duzu, ikuspegi zabalekoa eta ulertu egin behar duzu helmuga bakoitzak eta zure ostatura doan bezeroak zer eskatzen dizun. Ezagutu egin behar dituzu inguruabarrak, zer prezio ari den ordaintzen, zer itxaropen duen. Hori baldin badakizu, baliteke arrakasta izatea zuzentzen duzun hotel bakoitzean.
Nafarroak seriotasuna eta neurritasuna bilatzen du. Bidezkoa dena.
Kubak, alaitasuna, eguzkia eta hondartza eta giza kalitatean nabarmentzea, hotelaren kalitatearen gainetik.
Bizkaia helmuga heldua da, kosmopolita, ekonomia eta enpresa ardatz hartzen dituena. Arintasuna eta fidagarritasuna bilatzen da.
Errioxak jatorria, historia, esperientzia bizitzea, tratu pertsonala, adiskidetasuna bilatzen ditu.
Gipuzkoa luxuzko helmuga da, klasikoa, gastronomikoa. Irudiak garrantzi handia du.
Bakoitzak eskatzen dizu egoten jakitea eta hoberen doitzen dena eskaintzea. Ezin dut imajinatu Kubako ezaugarriak Nafarroa serioari eta formalari eskaintzea.
Hoteletako zuzendarien espainiar elkarteko presidenteordea zara. Zer arazo antzeman dituzue sektorean?
Gauzak ikaragarri aldatu dira lan merkatura atera nintzenetik hona.
Aldaketa ugari antzeman ditugu eta, gehienak, okerrerako.
a) Dagoeneko ez da hoteleko zuzendaria pertsona berezi gisa balioesten.
b) Intrusismo profesionala agertu da. Sektorearekin inolako zerikusirik ez duen jendea ari da hotelak zuzentzen.
c) Zuzendari karguan batez besteko soldatan jaitsiera nabarmena izan da.
d) Helburu ekonomikoak lehenesten ari dira beti, kalitatearen eta zerbitzuaren gainetik. Orain merkea izan behar du produzitzea. Lehen ona izan behar zenuen produzitzeko.
e) Hotelen kopurua, edukiera igo egin da. Merkatu-zokoak hartu dituzte ardatz.
f) Ostatu eredu berriak agertu dira, lehen pentsaezinak zirenak (Airbnb, etab.).
g) Bidaiatzeko ohiturak errotik aldatu dira, teknologia berriei eta garraiobideei esker. Orain nahiago dugu egonaldi laburra izan eta esperientziak bizi, egonaldi pausatu eta zerbitzu estandarizatuduna baino.
Hainbat eta hainbat hotel ari dira Euskal Herrian zabaltzen, bereziki hiriburuetan. Zer dela eta gertatzen da hori?
Ez bedi kritikatzat hartu, baina urteetan sektore hau ez zen Euskal Herriko ekonomiaren eragiletzat hartu eta, orain, ikusten da ekarpena egin diezaiokeela ehun ekonomikoari.
Egon daitezke koiuntura arrazoiak (baikortasun ekonomikoa, adreiluan inbertitu nahia baina ez bizitokietan), bisitaldien kopuru positiboak ikusirik.
Azkenik, zer aholku emango zenieke Turismoko ikasketak amaitzen ari direnei?
Ordu luzez hitz egingo nieke sektorearen alderdi onez; eta zein alde txar gutxi duen azalduko nieke. Baina ez da inozoa izan behar: honek sakrifizioa eskatzen du. Ez da lan egiten 9:00etatik 17:00etara astelehenetik ostiralera. 7etatik 7etara egiten da…
Gomendio hauek emango nizkieke:
- Pazientzia
- Dedikazioa
- Egiten dena gustura egitea
- Seriotasuna, formaltasuna, egoten jakitea
- Ikuspegi zabala izatea
- Sakrifizio espiritua
Gainerakoa jakintzat ematen da, soldaduari ausardia suposatzen zaion bezala.