Skip to main content

Mariasun Quiñones Goicoechea

… hezkuntzarekin asmatu egin dut: une eta toki egokian egon naiz, pertsona egokiekin. Eta neure bizitzako beste esparru garrantzitsu batera eraman naute, kirol esparrura, hor ere hazten jarraitzeko. Etengabe bilatzen dut oreka, bi esparru horietatik elikatuz.

Zorionak! Erreginaren Kopa irabazi duzue aurten eta, gainera, finaleko jokalaririk baliotsuena aukeratu zaituzte. Zer sentitu zenuen une haietan? Zer pentsatu zenuen?

Ikaragarrizko poza! Ez da urte beteko lana, ezta jokalari talde honen lana ere. Hori baino askoz ere gehiago da. Urte asko daramatzagu jokatzen eta entrenatzen, bakoitza hasi zenetik. Eta, poliki-poliki, ikusten ari gara eguneroko lan, sakrifizio eta ahalegin itzel horretatik, askotan, ametsak lortzen direla, denboraldi bakoitzean aurreikusitako helburuak lortzen direla. Denbora pixka bat igaro da jada eta orain, askoz ere gehiago gozatzen dugu lortutakoa: intentsitate handiko asteak izan dira eta ia ezustean harrapatu gaitu! Izan ere, a priori aurkari faboritoaren kontra jokatu genuen –aurkari bikaina–, eta beno… Guk gure kartako jokatu behar genituen, gure jokalariek dituzten ezaugarriekin jokatu behar genuen, eta munduko ilusio guztiarekin joan ginen partidara, gainerako partida guztietara bezala… Baina bai, egia da final batean dena biderkatu egiten dela: emozioak, tentsioa, zaleak, familia… Espektatiba handia sortzen da, eta tentsio puntu bat ere badago, ongi egingo dugun ala ez. Ez da soilik irabazi edo galtzea, baizik eta aurpegia ematea. Hantxe egon gara! Oso pozik nago, talde osoaz harro. Espero dut aurten taldeak maila horri eustea eta, orain arte bezala, lan ona egiten jarraitzea.

Lehen Hezkuntzako gradua hasi zenuen, Gorputz Hezkuntzako espezialitatean, Realeko lehen taldera iritsi zinen urte berean. Baina askoz ere lehenago hasi zinen futbolean modu profesionalean. Eta orduz geroztik, ez zara gelditu. Noiz konturatu zinen zure bizitzan kirola eta lehen hezkuntza eskutik helduta joango zirela?

Izugarri gustatzen zait hezkuntza eta uste dut garrantzitsua dela, bizitzako edozein esparrutan, heziketa ona edukitzea. Nahiz eta kalean denbora asko eman, futbolean, saskibaloian, lagunekin jolasten. Geure etxean, ahizpa eta biok asko ibili gara kalean jolasten, lagunekin parkean… eta kaleko heziketa hori oso garrantzitsua da, batez ere kirolaren balioekin batzen denean. Txikitan, jolasa besterik ez da (futbolean edo saskibaloian jolasten hasten zara) eta azkenean kirolari lotzen diozu, baina ez hezkuntza elementu gisa. Eta konturatzen hasten zarenean, handitzen zoazenean eta bizitzako beste hainbat esparrutan eta ingurutan murgiltzen, konturatzen zara guztiak duela lotura balioekin, pertsonaren printzipioekin. Ni futbolaren bidetik iritsi naiz horretara.

Judoan ere aritu izan naiz eta egia da, nire ustez, kirol horretan futbolean baino balio gehiago lantzen direla, pertsona gisa aberasteko. Bi kirolak oso desberdinak dira. Epailearekiko begiruneak GUZTIA baldintzatzen du, funtsezkoa da. Ezin diozu txintik ere esan. Pertsona hori zure ikaskuntza prozesuaren alderdi bat da, zure hazkundearen arduraduna. Zuzena zer den eta zer ez den esango dizu, nola egin dezakezun zerbait eta nola ez duzun egin behar. Azken batean, judoa kontaktuko kirola da eta, horregatik, arriskutsua. Keinu oker batek lesionatzea eragin dezake edo aurkariari min egitea, eta epaileak lagunduko dizu hori ikusten. Baita aurkariak ere. Judoan esaten da aurkariari agur egiten diozula begirunea erakusteko, aurkariak lagunduko baitizu hobea izaten, pertsona hobea izaten, ez bera baino hobea, baizik eta zu zeu zinena baino hobea.

Uste dut beti izan dudala kirolarekin eta hezkuntzarekin lotura. Gradua egiten hasi nintzenean, ezusteko izugarria izan nuen: ez nuen uste hainbeste gustatuko zitzaidanik. Egia esan, hemen, unibertsitatean, egon ondoren, praktikak nire herrian bertan egin ahal izan nituen, Hondarribian, Ama Guadalupekoan eta Talaian. Eta hor ere ezusteko atsegina izan nuen: ziur nengoen gustatuko zitzaidala, baina ez nekien horrenbesterako izango zenik!

Azkenean, neure bizitzan, hezkuntzarekin asmatu egin dut: une eta toki egokian egon naiz, pertsona egokiekin. Eta neure bizitzako beste esparru garrantzitsu batera eraman naute, kirol esparrura, hor ere hazten jarraitzeko. Etengabe bilatzen dut oreka, bi esparru horietatik elikatuz.

Zure burua nekaezin, anbiziodun eta tinkotzat duzu. Ikasketak eta kirol profesionala bateratu ahal izan dituzu. Nolako eragina du hezitzaile prestakuntzak elitezko kirolariaren jardunean? Eta, alderantziz, nolakoa elitezko kirolak hezitzaile prestakuntzan?

Nire ustez, jokalarientzat, eliteko kirolarientzat edo profesionalentzat, garrantzitsua da buruan kirola baino zerbait gehiago edukitzea. Egia da denbora libre asko baldin badugu, kirolari eskaintzen diogula, zehazki, pentsatzeari eta entrenatzeari. Baina buruak atseden bat ere behar du, beste gauza batzuekin funtzionatzen jartzea, eta azkenean, gauza bat bestearekin lotzeak gogoeta askoz ere gehiago egitera garamatza: zer egin dut gaur ongi edo zer egin dut gaur gaizki… Edo alderdiren bat hobetzen ahalegintzera. Hezkuntzak, nire ustez, egoerak aztertzera eramaten zaitu beti. Niretzat, atezain izanik, inoiz ez dira berdinak bi egun, egun bakoitzean ariketa desberdinak egiten dira, keinu tekniko desberdinak, zelaian ere egoera berriak sortzen dira etengabe, eta dena berrasmatu behar da…. Jokalari bakoitzak hori du: guztiak dira desberdinak, bakoitzak modu jakin batera sortzen du arriskua. Orduan, ongi jabetu behar zara bizi duzun testuinguruaz eta aztertzen eta identifikatzen jakin zer den zuretzat onena, zer gustatzen zaizun gehien lantzea. Oso garrantzitsuak dira bai ikasketak eta bai kirol jarduna. Gustuko ez duzun zerbaitetara motibazio gutxiagorekin joango zara, baina buruan helburu bat baldin baduzu (epe luzera, ertainera edo laburrera), eramateko errazagoa izango da. Nire bizitzako bi alderdi horietan, elkar elikatzea bilatzen dut. Futbolarekin oso saturatuta banago, artikulu bat edo liburu bat irakurtzen du. Azken batean, denak laguntzen du gure nortasuna eraikitzen, pertsona ez baita 12 orduz kirolaria eta beste 12 orduz hezitzailea: egun osoan bi ezaugarriak batera daude, ezin dira bereizi. Eta biak hartu behar dira kontuan zure barruan ere.

Realdeko gizonezkoen taldeko jokalari bat eta emakumezkoen taldeko beste jokalari bat zuk ikasitako unibertsitate berean ari dira ikasketak amaitzen. Bizitza paraleloak dituzuela esan daiteke… Egongo balira, zein izango lirateke emakumeen taldearen eta gizonen taldearen funtsezko desberdintasunak, nor bere ligako ohorezko kategorian jokatzen ari dela jakinik?

Taldeko baldintzei dagokienez, antzeko bizitza dugu. Ia ordu berdinak entrenatzen ditugu, instalazio berean, nahiz eta haiek beste aldagela bat eta gimnasioa izan. Baina azkenean, futbolean horrela gertatu dira gauzak eta, zorionez, urtetik urtera hobetzen ari gara. Baldintzak hobetzen ari dira eta guk ere, dagoeneko ez dugu onartzen orain dela bost urte onartzen genuena, ikusten dugulako gizartean ere aldaketa gertatzen ari dela eta jendearen inplikazioa gero eta handiagoa dela. Desberdintasunik handiena soldata izango litzateke eta soldatak, badakigu, lasaitasun ekonomikoa ematen du. Emakume jokalari baten soldatak ez dizu ziurtatzen etxe bat edukiko duzunik Donostian edo Hondarribian, baina bai ikasketak bukatuko dituzula, gradua edo masterra edo dena delakoa eskuratuko duzula eta kirolean jarraitu ahal izango duzula. Horixe da, nire ustez, desberdintasunik handiena. Neskek lasaitasun ekonomiko hori izango bagenu, lasaiago ikasiko genuke eta lasaiago jokatuko genuke.

Gero, egunerokoan, beste edozein langile bezala bizi gara, gure gauza eta arazotxoekin. Baina egia da futbolari batek beste modu batera bizi zuela, intentsitate handiagoz, horixe baita bere errealitatea. Egia da poliki-poliki aurrerapausoak egiten ari garela, baina oraindik bide luzea dugu aurrean. Gure helburua ez da haiek kobratzen dutena kobratzea, ezta gutxiago ere, baina bai baldintzak antzekoagoak izatea, berdintasunaren bidean aurrera egiteko eta aukera berdinak edukitzeko, errealitatera gehiago hurbildu nahian.

Iaz Anoeta ireki zituen. Eta, batez ere, jendearen maitasuna gogoratzen dut; poliki-poliki lehen taldeko mutilek sentitu dezaketenera ari da hurbiltzen. Pozik nago iruditzen zaidalako emakumeen taldea mutilena baino pixka bat hurbilagoa dela. Hori iruditu zitzaidan Anoetara joan ginenean. Mutilek oraindik ezin izan dute ospatu finalerako sailkapena eta gero, final hori irabaztea. Baina egia da jendearekiko harremanak, haurrekiko harremanak ilusio handiagoa sortzen digula. Beharbada, ez gaude hain ohituta eta lehenengo aldia da. Gainera, uste dut horrek laguntzen diela txikiei gurekin eta egiten dugun kirolarekin identifikatzen.

Emakumeek urte asko daramatzazue elitezko kirolean. Baina ikusgaitasuna, laguntza eta aitorpena gizonena baino urriagoak izan dira beti. Hala ere, badirudi berriki joera hori aldatzen hasi dela. Zer gomendatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko Alumniei, emakumeak kirol profesionalean bizi duen diskriminazioaren aurrean sentsibilizatzeko eta egoera aldatzen laguntzeko?

Nire ustez, garrantzitsuena ez da hitz egitea, baizik eta ekitea. Askotan esaten da emakumeen futbola hazten ari direla eta garrantzi handiagoa ematen zaiola. Baina edonori galdetzen badiozu: “Partidaren bat ikustera joan al zara?, Erantzuna da: “Ez, ez naiz joan. Beharbada telebistan ikusi dut, zapping egiten, baina azkenean ez diot kasu handirik egin”. Gustatuko litzaiguke jendea animatzea urtean behin, bederen, Zubietara joatera –edo Anoetara, irekitzen dutenean–. Partidaren bat ikustera joan, edo jokatzen dugula jakinez gero, pentsatu: “Telebistaz ikusiko dut!”, Eta partiden inguruko giro hori sortu: zer egingo dute?, irabazi?, galdu? Edo: “Jokalariak ezagutu nahi ditut, nola izena duten jakin, aurpegia jarri!” Uste dut hori garrantzitsua dela. Ezagunak gara gure herrietan, baina garrantzitsua da keinu txiki horiek zaintzea: “Neure lagunekin hurbilduko naiz partidara!”, Edo: “Ea gurasoek laguntzen didaten!” Gauza horiek emakumeen kirola normalizatzen laguntzen dute, hartaz hitz egitea lortzen da eta, azkenean, ahoz ahoz, eragina zabaltzen joaten da. Horixe da gaur egun izan dezakegun tresnarik onena.

Espero dut gu ikustera eta animatzera etortzea, nahi duten guztietan. Besoak zabalik hartuko ditugu, gu ere Reala baikara! Ez ditzagun bereizi neskak eta mutilak! Mutilek Anoetan jokatzen dute eta guk, Zubietan. Eta berdin zaigu, izugarri gustatzen baitzaigu jokatzea, zelaia zapaltzea, gauden tokian pozik egotea. Eta Zubietan, primeran jokatzen dugu. Anima daitezela! Beharbada zailagoa da Zubietara iristea. Autoz, topoan, autobusez… Animatu eta joan daitezela. Nesken partidatan ere, 90 minutuz, gozatu daiteke, telebistan ikusi zen bezala, Erreginaren Koparen finalean. Mutilek ematen duten emozio eta ikuskizun hori ere eman dezakegu guk…

Amaitzen ari gara. Zorterik onena opa dizugu 2019-2020ko ligarako. Zer partekatuko zenuke gurekin Deustun ikasle izan zinen urte haietatik?

Lau urte izan dira eta hau bosgarrena da, Unibertsitatearekin lotuta jarraitzen baitut. Eta asko ikasi dut karrerako gai eta edukien inguruan ez ezik, baita bizitzaren inguruan ere, oro har. Eta oso filosofikoa badirudi ere, zure antzeko zaletasunak dituzten pertsonekin topo egiten duzu eta, poliki-poliki, ikasgeletatik kanpo egiten duzun horrengatik miresten eta babesten zaituzte. Karreran zehar, gradua gogoz ikasiz, lagun bikainak egin ditut, bizitza osorako diren horietakoak eta beste testuinguru batzuetan ezinezkoak diren une asko eta asko partekatu ditugu.

Deustuko ikasleei esango nieke bideaz gozatzeko. Denon helburua karrera bukatzea baldin bada ere, horixe baita Unibertsitatean zaudenean bilatzen duzuna, gozatu gainditzen duzuen azterketa bakoitzarekin, baita gainditzen ez duzuen azterketa bakoitzarekin ere –ziur aski gainditutakoek baino gogoeta gehiago eragiten dute, buelta gehiago emango dizkiete eta horrela, ikusiko dute zer egiten duten gaizki eta zer falta zaien profesional onak izateko–, gero, etorkizunean, gizartean beren tokia bilatzeko, enpresa batean edo handik kanpo. Ni ez naiz ikastetxe batean lanean ari, baina, modu batera edo bestera, haurrei hitzaldi bat eman behar diedanean edo ikastetxe batera hurbildu behar dudanean, beti ahalegintzen naiz hezkuntzarekin lotzen eta gizartea hobetzeko ekarpen txikiren bat egiten.

Emakumeak gara! Beharbada, borroka gehiago egin behar dugu behar bezala balioetsi ez gaituztelako, baina uste dute bide onetik goazela. Eta kirolari gisa eta pertsona gisa eredu bazara, ongia egiten baduzu, besteek kontuan hartu eta edonon errespetatuko zaituzte. Nik egin dudana egiten ahalegindu daitezela: dena asmorik onenarekin egin eta bidez gozatu, eta ez trabatu azterketa edo garai txar batekin, gauza guztietatik atera baitaiteke irakaspenen bat.