Olalla Montes Vázquez

EAZ 2004ko promozioa

Jendeak bikain egiten zaituzten ezaugarriengatik estimatzen zaitu, ez gizona edo emakumea izateagatik, edo ezarritako kanonekin bat egiten duzulako

Lugo, Bilbao, Madril, Lisboa, Fontainebleau, Londres, Johannesburgo… Ia Done Jakue bidea baina alderantziz. Zure prestakuntzak eta lanbideko karrerak ibilbide luze eta bizia dute, ez bakarrik geografia aldetik. Zerk bultzatu du zure urratsetako bakoitza?

Karkarkar… Zoragarria konparazioa, nire herri-herrikoa da. Egia esan, jakin-minak eta abentura gogoak eraginda mugitu naiz. Baita, zergatik ez, egoera eta herrialde oso desberdinetan ondo moldatuko nintzelako usteak eraginda ere. Eta historia ez da oraindik amaitu! Hori espero dut, behintzat.

Emakume izanik, nazioarteko bi aholkularitza enpresa garrantzitsutan ibilbide azkarra izan eta tontorreraino heldu zara, gehienetan gizonezkoen espaziora eta lehia bizia izan ohi denera. Zer gomendatuko zenieke Deustuko Unibertsitateko emakume gazteei?

Ikasi zaren modukoa izaten eta onartu balio handia duela inguruan duzun jendeak ez bezala pentsatzeak edo jarduteak. Egia esan, inoiz ez dut arazorik izan inguru gehien bat maskulinoetan lan egiteagatik. Berez, nire bost bazkideak gizonak dira! Baina karrerako uneren batean konturatu nintzen ez nuela arrakasta handiagorik izango jokabideak imitatzeagatik. Denborak aurrera egin ahala konturatzen zara jendeak bikain egiten zaituzten ezaugarriengatik estimatzen zaituela, ez gizona edo emakumea izateagatik, edo ezarritako kanonekin bat egiteagatik. Hortaz, zenbat eta lehenago hausnartu horretaz, hobe, nire ustez. Niri balio izan dit gizonekin eta emakumeekin arrakasta berdintsuz lan egiteko kultura desberdin askotan.

Tontorrerako igoera, harriz beteko bide malkartsua izan da?

Mila esker konplimenduagatik! Uste dut tontor hitzak esanahi desberdina duela guretariko bakoitzarentzat. Nolanahi ere, ez nuke harriz beteko bide malkartsua dela esango. Erabakiz beteko bidea dela esango nuke, zailena aukera bat hartu beharra izan da eta beste batzuetan egin gabe gauzak uztea. Hori bai, aitonak esaten zuen bezala, “aukerek lanean aurkitu behar zaituzte”.

Nire esperientzia partekatuko dizut. Aurrera egiteko hiru printzipiok balio izan didate gehien: lanean zerk ematen didan poza ulertzeak eta horretan aritzeak jo eta ke, arriskuak arrisku; gauero 7-8 ordu lo egiteak (aspaldiko urteetan betetzen dut zorrotz); eta familiari eta lagunei eskaintzeko nahikoa denbora izateak, batzuetan ganorarik gabe egin arren.

Afrikar kontinentean zehar ibiltzen zale amorratua zara, eta lanbidez bertako eta Latinoamerikako garapen bidean doazen merkatuen aldeko apustua egin dizu. Zelan egin daiteke garapen iraunkorrera eta ekonomia ekologikora bideratutako ekarpena bultzatzen lagundu, gizarte mailako aldeak hain nabarmenak diren herrialdeetan?

Nik uste sendoa dut mundua hobea izango litzateleela guretariko bakoitza saiatuko balitz, behintzat, hurbileko pertsona baten bizitza hobetzen. Garapenerako gure ekarpentxoa (eta honetan nire bikotekide Kike ere sartzen dut, oso harro sentitzen naiz berarekin) beti izan da inguruko jendea egoera egonkorrago eta iraunkorragoan izan dadin laguntzea. Euretariko bat bakarrik aipatuko dut, Sibu, Hego Afrikan txakurrekin laguntzen ziguna. Orain jarraian lan egiten du giza baliabideetako sailean Singular-en eta FourPointZero-n.

Lanbideari dagokionez, urte asko eskaini dizkiot sektore publiko eta pribatuarekin lan egiteari garapen ekonomikoko, osasuneko, hezkuntzako eta ingurumeneko arloetan. Erantzun zintzoa ematea nahi baduzu, uste dot aldea liderrek egiten dutela eta betearazteko duten gaitasunak. Garapeneko “errezeta” pila bat asmatuta daude eta esku-eskura daude. Duela urte batzuk Malaysia bisitatu nuen (azken 10 urteotan lanak ondo egin dituen herrialde baten adibidea dugu), Hego Afrikako gobernuko ordezkariekin. Eta baldintza berdinetan, lezioak ikasteaz arduratu direnak eta etxera bueltatzean kosta ahala kosta ezarri dituztenak, horiexek izan dira arrakasta izan dutenak.

Pirinioetatik harantz salto egin aurretik, zer gogoratzen duzu Deustuko Unibertsitateko urteez?

Eneee… Hainbeste urte pasatu da! Heldu nintzenean, dena zen oso desberdina niretzat: beste hiri bat, bestelako jendea, beste kultura bat. Beraz, lehenengo hilabeteak gogor samarrak izan ziren, ez dizut ukatuko. Baina, oro har, garai bikaina izan zen, behin betiko prestatu ninduena, oso ondo gainera, gero etorri behar zuenerako. Deustun gehien txunditzen nauena hauxe da: irakasleek eta ikasleek “familia” bat osatzen dute nolabait, bereziki hunkitzen zaituena. Oso hurbilak dira. Orain ere jarraitzen dut kafea hartzen nire irakasle izan ziren batzuekin, 15 urteren ondoren! Curriculumari dagokionez, uste dut beti egon dela mundu akademikoaren eta enpresaren artean loturak estutzeko interes berezia eta, horrela, prestakuntzaren balioa hazi egiten da. Deustura etortzea bizitzan hartu dudan erabakirik onenetarikoa izan zen!

Partekatu ezazu