Izaro Andrés

Komunikazioa 2016ko promozioa

Zer ikasi asko badut ere, orain seguruago sentitzen naiz, profesional, eta horrek erantzukizunez, beldurrez eta harrotasunez betetzen nau

Komunikazioko graduduna, konpositorea, kantaria, gaztetasun inbidiagarria egin duzun ibilbiderako. Nor da Izaro Andrés?

Pertsona irribarretsua da, irudimen handikoa, langilea, burugogorra, erromantikoa eta goiz jaikitzea gorroto duena Suposatzen dut inguruan dituen pertsonen eta gauza txikien multzo bat dela. Ez da beste mundukoa. Asko pentsatzen duen pertsona bat da eta, une honetan, bere lanbidea musika munduan duin bihurtzeko borrokan ari dena. Izan ere, balioespen eskaseko eta gizartean errespetu gutxi duen esparrua da, kultura eta arte arloko gainerako jardueretan gertatzen den bezala.

Unibertsitatean ibilbide bikaina izan ondoren, komunikazio mundura bideratutako lanbide batean arituko zarela ematen du. Noiz utzi duzu bide hori eta ekin diozu musikako karrera profesionalari?

Egia esan, ondo pentsatzen baduzu, ez dut alde batera utzi. Uste dut galdetu beharko zenidakeela noiz eman diodan lehentasuna musikako karrera profesionalari. Uste dut 2016. urtearen hasiera aldera izan zela. Kaliforniatik itzuli berria nintzen. Ikasketak amaitzea erabaki nuen baina buruan beste zerbait nerabilen. Zaila izan zen bateratzea, baina Unibertsitate barruko eta kanpoko laguntza handia jaso nuen, adiskideena, senideena, ikaskideena eta irakasleena. Gero, oso arin gertatu zen dena eta, konturatu nahi izan nuenerako, Deustun hainbestetan entzuna nuen ekintzaile gazte horietako bat nintzen. Orain neure community manager propioa naiz, nire enpresa barruko komunikazioko langilea, irudi korporatiboko zuzendaria, nire ikuskizunaren zuzendari eta diseinatzailea eta beste gauza asko, komunikaziotik apur bat urrunagokoak badira ere. Enpleguaniztuna naiz niretzat eta IZAROrentzat, proiektu gisa hartuta. Komunikazioa oso garrantzitsua da musika karreran. Horregatik esaten dut ez dudala alde batera utzi komunikazioa. Gainera, Zuzenbideari eta Administrazioari buruzko gauza asko ikasi ditut. Dena pilatzen da.

Unibertsitateko garaian, zer eragin izan zuen zure musikan Santa Claran, Erasmusean egin zenuen egotaldiak?

Handia. Hemen denok bizi dugun inertzia horretatik irtenarazi ninduen, bizimodu arautu eta egunerokotik, elkar ezagutzeko denbora izateari garrantzirik ematen ez zaionetik. Han, denbora gelditu egin zen. Ez geunden hemen utzi genuen mundu paralelo honekin hain konektatuta, burbuila batean bezala geunden; eta han konturatu nintzen zer izan zen niretzat Paradise argitaratzea, zer zen Honey bideoklipa grabatzea, batean eta bestean jotzea. Banekien, itzultzean, saiatuko nintzela.

You Tube-n izan zenuen lehenengo arrakastatik, Paradise-tik hona, hainbat eta hainbat kontzertu eman dituzu. Zelan eboluzionatu duzu artista gisa harrezkero? Eta pertsona gisa?

Uf, ikaragarri! Artista gisa, agerikoa denez, aldaketa ezagun da, ezerezetik zerbait izatera; eta hori asko da. Une hartan ez nintzen profesionala, ezta antzik ere, oso gutxi nekien; hain zen berria dena, ezinezkoa zer ziurtasunik edo segurtasunik izatea. Zer ikasi asko badut ere, orain seguruago sentitzen naiz, profesional; kantuko eskoletara joaten naiz irakasle zoragarri batekin eta nire musika tresna erabiltzen irakasten ari zait, profesionala naizela sentitzen dut eta horrek erantzukizunez, beldurrez eta harrotasunez betetzen nau.

Oso zaila da pertsona eta profesionala bereiztea, baina uste dut niregan sumatu dudan aldaketarik handiena hauxe izan dela: konturatu naiz zein egoera patetikoan bizi garen artistak hemen, zein lotsagarria eta frustragarria den hori, eta jabetu naiz mundu hau ikusezina dela.

Zein proiektu profesional dituzu etorkizunera begira?

IZARO epe luzeko maratoia dela ikusten dut. Lanean jarraitu nahi dut, sortzen, kantatzen, hobetzen, eta bizimodu duinagoa lortzen niretzat eta nirekin lan egiten dutenentzat.

Zer aholku emango zenieke, unibertsitateko titulazioarekin batera, beste proiektu profesional batzuetan murgilduta dauden Alumniei?

Apustu egin dezatela. Errealistak baina ausartak izan daitezela. Jakin dezatela fidagarria ez den jende asko dagoela, baina asko direla fidagarriak ere. Lagun onez inguratu daitezela, pentsa dezatela benetan zer nahi duten eta, egiten dutela egiten dutena, zoriontsu izatea dela beti garrantzizkoena, eta hala ez bada, geldi daitezela. Batzuetan ez du merezi. Eta porroterako aukera bat baino gehiago dagoela.

Partekatu ezazu