Skip to main content

Ainhoa Gómez Beltrán

Inguru digitalean bilatu edo aurkituko zaituzte seguru, eta, ondorioz, arlo horretan egin behar duzu ahaleginik.

Zer dela eta espezializatu zinen Social Selling metodologian? Zer garrantzia du Marka Pertsonalak gaur egun salmenten munduan? Zein izan da zure ibilbide profesionala zauden tokira iritsi arte?

Egia esan teknologiarako joera umetatik izan dut eta zorionekoa naiz 20 urte daramatzadalako horretan lanean. Ustekabean murgildu nintzen metodologia horretan, konpainia handi bateko IT sailarekin harremanetan nenbilela, taldeak salmenten emaitza optimizatzeko tresna digitalen beharra zuela ikusirik. Linkedin-en espezializatu nintzen eta gauza batek bestea ekarri zuen.

Gaur egun, salmenten mundua asko aldatu da. Interneti esker, informaziora jotzeko dugun aukerak bezeroak oso informatuta egotea ekarri du eta komertzialak aholkulari bihurtu beharrak egiten du produktu eta zerbitzuetan aditu bikain izan beharra. Hor sartzen da jokoan Marka Pertsonala, hau da, hor egongo dira euren aditu izaera transmititzen eta kokatzen dakiten pertsonak. Haiengana joko duzu enpresan zerbait konpondu edo hobetu behar duzunean.

Matematikaria naiz prestakuntzaz, eta ikasketak amaitu nituenetik hasi nintzen teknologian lan egiten, software garatzaile lanetan. Lanean nabilela, unibertsitateko hiru graduondoko egin ditut, euretariko bat Deustuko Unibertsitatean, Software Arkitekturakoa. Garapen taldeetako kudeaketa postuetan izan naiz, aurresalmenta teknologikoetan, Marketin Digitaleko zuzendaritzan, eta orain teknologia ardatz duten negozioak ditut.

‘Marka pertsonala’, ‘Personal Branding’-a… Asko hitz egiten da gaitasun horretaz. Esango nuke, batzuetan, errepikatzearen errepikatzeaz zentzua ere galtzen duela. Zein ikuspegi duzu gai horretaz? Zer da, zure ikuspuntutik, ‘marka pertsonala’?

Funtsezko gaitasuna iruditzen zait, profesional guztiek garatu beharrekoa.

Garrantzi handikoa da gaitasunetan nabarmen izatea lanbide sustapenean, salmentetan; eta, gazteen kasuan, funtsezkoa da lan merkatuan ahalik eta hoberen sartzeko orduan ere.

Marka pertsonalak bizitzako esparru guztiak hartzen ditu, bizitzaren aurreko jarrera bat dela esango nuke. Mundu guztiak du marka pertsonala. Ezaguna dugu harako esaldi famatua: “zer esaten dute zutaz, gelatik irteten zarenean?” Baina mundu guztiak ez du alderdi hori lantzeko jarrera, transmititu nahi duzuna izateko.

Gaur egun, inguru digitalean bilatu edo aurkituko zaituzte seguru, eta, ondorioz, arlo horretan egin behar duzu ahaleginik handiena.

Konturatzen gara edozein profesionalentzat irudi egokia eta propioa emateak duen garrantziaz?

Uste dut ezetz, uste dut gazteek duela 25 urte egiten zen bezala bilatzen dutela lana; berdina gertatzen zaie lanpostu finkoetan dauden profesional askori ere, ez dute horren beharrik ikusten edo beldur dira presentzia hori izateko. Baina “aldaketa saihestezina da, haztea aukerakoa da”, ezta?

Marka pertsonalak lagun diezaguke benetan saltzen?

Datuak dira, gogoko ditut zenbakiak (barka); Social Selling-a egunerokoan erabiltzen duten profesionalek % 20-25 inguru gehitzen dituzte salmentak. Kontuan izan behar da, gaur egun, enpresa egiturak gero eta likidoagoak direla eta pertsona gehiagok hartzen duela parte erosteko erabakia hartzeko orduan. Profesional horienganako jotzeko aukera izatea eta geure burua ezagutaraztea funtsezko bihurtzen da haien hornitzaile bihurtzeko.

Gaur egun, Linkedin dugu, historiako profesionalen Datu Base autogestionaturik handiena. Egia esan, jakin egin behar dugu ustiatzen, emaitzak izateko; baina, behin hori jakinda, salmentak ikaragarri emendatzen dira.

Zure ikuspuntua jakin nahi nuke kontu honetan: marka pertsonalak eta Linkedin bezalako gizarte sare profesionalek zelan lagun dezaketen negozioa erakartzen. Zer egin behar du Linkedin negozioa erakartzeko tresna gisa erabili nahi duenak?

Salmenten eraldaketa digitala konpainietara heltzea lortu behar du, estrategia hori bultzatzeko zuzendaritzako postuetatik. Horixe da oinarrizko palanka. Hortik abiatuta, aholkularitza, prestakuntza eta zerbitzuak kanpora ateratzea bera ere balioetsi beharreko aukerak dira. Hobe lehenago egin gero baino!

Profesional eta zerbitzuen bilaketen igoera bizia baino biziagoa da Linkedin-en; beraz, Linkedin-ek hori zelan egiten duen jakin behar dugu, lehenengo postuetan agertzeko. Gako hitzak, sareko jokabidea eta bestelako parametroak oinarri harturik, prestakuntza egokia jasotzen badugu, irabazle podiumera iritsiko gara. Gainera, argitalpeneko algoritmo propioa du jende gehiagorengana heltzeko. Hainbat funtzionalitate ditu gure jarduna eta profil profesionalak eta enpresakoak hobetzeko. Hortaz, Linkedin-en aditu direnek emandako prestakuntza jasotzea eta marketin eta salmenta sailen aholkularitza izatea lirateke hurrengo urratsak, zalantzarik gabe.

Guk merkataritza taldeak mentorizatzen ditugu, haiekin egoten gara Social Selling metodologia fase guztietan ezartzen. Linkedin, CRM (bezeroekiko harremanen kudeaketa) eta bi horiek optimizatzen dituzten tresnak aliatu bihurtzen dira salmenten profesionalentzat.

Zelan eragingo dio Linkedin-i Datuak Babesteko Europako Araudi berriak?

Une honetan, mezu elektroniko komertzial bat bidaltzea kontu handiz tratatu eta balioetsi behar da. Onarpen esplizituak daude, azoka bateko networking-ean emanak, edo telefono bidezkoak. Baina kontuan izan behar dugu erregistratuta eduki behar dugula onarpena.

Linkedin ahaldundu egiten da egoera berri horietan. Bezero idealekin zuzenean hitz egin ahal izateak eta Branding-aren bidez Linkedin-en ni ezagutzeak hobeto hurbil nazake lehenengo bisitaldira edo merkataritzako mezura, eta dei edo mezu hotz hutsa baino hobeto hauteman daiteke.

Zer ekarpen egin dizu Deustuko Unibertsitateak lanbidean garatzen?

Deustuko Unibertsitatean egin nuen Software Arkitekturako graduondokoa. Soluzio teknologikoen ikuspegi hobea eman dit edozein IT ingurutan aritzeko. Orain IT eta merkataritza sailak bere osoan ulertzen ditut eta soluzioak egokiago bideratu ditzaket. Gainera, harremanen sareak ere profesionalak ezagutzeko aukera eman zidan eta haiekin harreman profesionalak izaten jarraitzen dut.