Skip to main content

Inoiz irudikatu ez nituen errealitateak ezagutu genituen egun haietan, bizimodu oso desberdinak partekatu, baina beti kontuan hartuta, halako aldea egonik ere, zerbaitek batzen gaituela: maitasunak.

Lukene Juarezek Indian bizi izandako esperientziaz hitz egin digu. Esperientzia oso garrantzitsua, lanbide eta pertsona ikuspegitik.

Zein zen zure lana Indian, boluntario moduan?

Alboanek Gujeraten duen proiektu bat ezagutzea zen asmoa.

Helburua zen bizitzeko eta amesteko beste modu batean murgiltzea, Jesusen Lagundiari lotuta. Erakutsi nahi ziguten misioa toki askotan gauzatzen dela, gure ikastetxeetako hormetatik kanpo ere, urrutiko lurraldeetan. Bidaiaren asmoa hitz bakarrean laburbildu daiteke: partekatzea. Partekatze hori hegazkinak lur hartu zuen unean bertan hasi zen, hainbat ikastetxe, unibertsitate edo sektoretako pertsonak elkartu ginenean, elkarrekin bide bat egiten hasteko.

Gujeratera iritsita, errealitate berrira egokitzeko lehenengo laguntza izan genuen: bertan bizi diren jesuitek beren misioa nola antolatzen den azaldu ziguten, eta Gujeraten aurrera eramaten dituzten proiektu nagusiak aurkeztu zizkiguten.

Gero, beste taldekide bat eta biok proiektu jakin batean sartu ginen: bi astez aritu ginen eskola batean. Irakasleei beren eguneroko lanean laguntzen genien, eta antolatzen zituzten jardueretako batzuetan parte hartzen genuen. Inoiz irudikatu ez nituen errealitateak ezagutu genituen egun haietan, bizimodu oso desberdinak partekatu, baina beti kontuan hartuta, halako aldea egonik ere, zerbaitek batzen gaituela: maitasunak.

Nolakoa da egunez egun herrialde hartako haurrekin lan egitea?

Eguneroko jardunak osagai asko ditu: ilusio handia batzuetan, etsipena besteetan… Kontuan hartu behar dugu haur horiek oso ingurune konplexuan bizi direla, dakigun bezala: ikasten jarraitzeko motibazio txikia dute, gurasoek ikasketei garrantzirik ematen ez dietelako… eta, are larriagoa, afektu beharra dute, familia desegituratuetatik datoz… nola ikasi ahal izango du haur batek oinarrizko beharrak (elikadura, esate baterako) estalita ez baditu?
Pentsa dezakezue, pazientzia askoz, irudimenaz baliatuz, eta maila afektiboari garrantzia emanez. Ikuspegi horretatik, asko dugu ikasteko bai han eta bai hemen.

Zer ikasi zenuen aste horietan, lanbideari begira? Eta pertsona ikuspegitik?

Lanbideari dagokionez, lehendik buruan nuen ideia bat indartu dut: irakatsi ahal izateko, ez dira mundu osoko baliabiderik onenak behar. Egun hauetan ikusi dut nolako ahalegina egiten duten irakasleek, 35 graduko beroarekin, ia desnutrizio egoeran dauden haurrei zerbait irakasteko edo, gutxienez, beren aurpegietan irribarre bat lortzeko.
Pertsona ikuspegitik, eta aurrekoarekin lotuta, konturatu naiz haurrak munduko toki guztietan “berdinak” direla, testuingurua, garaia… edozein izanik ere.

Haur guztiek gauza berbera behar dute zoriontsu izateko eta pertsona moduan aurrera egiteko: maitatuak sentitzea. Horixe besterik ez. Baina hori lortzea zaila da munduko zati honetan, Indian.

Baldintzarik gabeko maitasun hori sentitzen ez badute, ez dago motibaziorik, ez ilusiorik, ez pertsona hobea izateko gogorik, ez laguntzeko indarrik…

Aspaldiko egia dirudi, baina ezin dugu irudikatu ere egin zenbat haur ari diren sufritzen eta ezin diren osotasunean garatu, afekturik jasotzen ez dutelako.

Zer gustatu zaizu gutxien Indian? Zer bizi izan duzu tristura, etsipen, gogortasun handiagoz? Zerk izan du zugan eragin negatiboa?

Esan beharko nuke India ongi ezagutzeko bizitza oso bat behar dela; gizartearen egitura eta antolaketa oso konplexuak dira, eta gauza asko ez ditut ulertu. Baina tristura handiena zerk eragiten didan galdetuz gero, emakumeen papera aipatuko nuke.

Emakumea, oraindik ere, objektu soiltzat hartzen dute, gizonaren mendeko, erabat.

Uste dut inoiz ez zaidala ahaztuko neska baten irudia (haur bat zen, 13 urte baino gehiago ez zituen izango), urruneko herrixka batean, haurtxo jaioberria besoetan hartuta, inguruan beste 4 haur zituela. Bere begiradak hainbesteko tristura eta sufrimendua islatzen zuen… begi horiek ez ditut sekula ahantziko.

Hala ere, egoera horri kolore eta ilusio pixka bat jartzearren, emakumea ahalduntzeko proiekturen bat ere ikusi dugu. Horrek zapore gazi-gozoa uzten dit, badakit egoera hori salatzeko zerbait egiten ari dela.

Zure ustez, Indian bizi izandako esperientziak aldatu egin al dizu bizitza ikusteko eta bizitzeko modua?

Argi dago horrelako esperientziek bizitzan aldaketa dakartela. Batzuetan, ez zara horretaz konturatzen eta besteetan, askoz ere gehiago konturatzen zara zerk eragin dizun gehien.

Alde batetik, pasadizo, bizipen, esperientzia mordo bat gorde ditut, neure zati dira orain, eta, noizik behin, gogoratu egiten ditut, nostalgia pixka batekin.

Indiarekin sentipen gazi-gozoa dut: alde batetik, oso zorioneko sentitzen naiz hango haur batzuei neure maitasuna eman ahal izan diedalako, irribarre bat atera diedalako. Baliteke neurekoia izatea, baina hori bihotzean gorde nahi dut. Baina, bestalde, min egiten dit egiteko hainbeste dagoela jakiteak, halako bidegabekeria bizi dutela ikusteak eta hemen, bakoitzak gure mundu arrosa honetan jarraitzen dugula jakiteak, soilik oso noizean behin gogoratzen baikara gauza asko daudela oraindik egiteko.

Azkenik, oso bizipen onak ditut bidaia honetako kideekin: izan nitzakeen bidaide onenak izan dira. Ez genuen elkar ezagutzen eta esperientzia honek gure harremanetan aldaketa bat ekarri du. Batzuetan, lanetik ezagutzen genuen elkar, baina, orain, pertsona gisa elkar ezagutzeko aukera izan dugu. Eta uste dut lagun onak direla, luzarorako.

Durangoko Jesuitak ikastetxean egiten duzu lan. Zein ekarpen egin dezakezu ikastetxeko neska-mutilen hezkuntza integralean, Indian bizi izandakoa kontuan hartuta?

Haur Hezkuntzako irakaslea naiz, eta bidaiaren ilusio guztia nire ikasleekin partekatu nahi izan dut. Argazkiak eta bideoak erakutsi dizkiet. Arrotza egiten zitzaien “andereñoa” halako testuinguru ezezagun eta surrealista batean ikustea. Baina horrek aukera eman dit alderdi asko eta asko oso modu esanguratsuan lantzeko: gizartea, hezkuntza, baliabideak…

Hain zuzen ere, ikastetxeko elkartasun astea “aprobetxatu” genuen Indiaren inguruan lan egiteko eta nik ezagutu nuen ikastetxean lurrean lo egiten zuten haur batzuen ametsa betetzeko. Noski, diru asko lortu genuen haur horientzat 30 ohe lortzeko, baina onena izan zen hango errealitatea hurbildu ahal izan niela, hitzaldien, jokoen, dinamiken eta abarren bidez. Eta, itxuraz, ez dute ahantzi.

Indiako bidaiak neure burua gizarte honetan kokatzeko balio izan dit eta konturatzeko hemen ere bidegabekeria handiak daudela (gurasoek denbora gutxi dute, gizarteko presioa…) eta hori gainditzeko irudimena eta maitasuna, maitasun handia, behar direla.