Skip to main content

Jon Abando Zurimendi

Profesionalok denetarik apur bat jakin behar dugu eta jarrera irekia eduki behar dugu askotariko lan aukeren aurrean


Hasi aurretik, konta iezaguzu nor zaren, zein diren zure kezkak. Nola definituko zenuke zeure burua?

Jon naiz, 25 urte ditut eta bilbotarra naiz. Psikologia ikasi nuen Deustuko Unibertsitatean eta, ondoren, Osasun Psikologia Orokorreko masterra egin nuen. Hasiera-hasieratik, asko interesatu izan zait psikologia klinikoko eta gizartean esku hartzeko arloa. Horregatik, masterra amaitu ondoren, bi urtez aritu nintzen BAPE (Barneko Psikologo Egoiliar) azterketa egiteko prestatzen, horrela psikologia klinikoko egonaldia egin ahal izateko. Oso esperientzia gogorra izan zen, batez beste egunean zortzi-bederatzi ordu ikasten bainituen. Igandetan soilik hartzen nuen atseden. Hasieran, motibazio oso handia nuen, baina azkenean, esperientzia oso nekagarria izan zen, alderdi fisikoari zein buruari begiratuta. Ez nuen tokirik eskuratu eta oso momentu zaila bizi izan nuen, frustrazio handikoa. Curriculuma toki askotara bidali nuen, baina inork ez zidan erantzuten. Gainera, psikologiaren arloan lan egitea besterik ez nuen buruan, eta ez zitzaidan ezer ateratzen. Erabat blokeatuta nengoen, ez nekien norantz jo. Hala ere, Global Training beka eskatu nuen eta hautatua izan nintzen. Orduz geroztik, dena aldatu zen, eta nire lan aukerak asko zabaldu ziren.

Pertsona oso mugitua naiz, arlo asko ditut gustuko, bai maila pertsonalean eta bai lanbideari lotuta. Denetarik egitea gustatzen zait eta beti ikasteko prest nago. Lanbideari begiratuta, arlo jakin batzuk interesatzen zaizkit bereziki: psikologia klinikoa, bitartekotzan eta gatazken konponbidean esku hartzea, giza baliabideak eta hezkuntza. Hala ere, nigatik izango balitz, beti ikasten jarraituko nuke, gauza berriak ikasten, elkarrengandik oso desberdinak. Uste dut gaur egun profesionalok denetarik apur bat jakin behar dugula eta jarrera irekia eduki behar dugula askotariko lan aukeren aurrean. Horregatik, esparru bateko baino gehiagotako prestakuntza jasotzen ahalegintzen naiz.

Pertsona konformaezina naiz, irekia, aktiboa, tolerantea, borrokalaria, pertsonekin ongi sentitzen naiz, eta frustrazioa ongi eramaten dut. Nire akats nagusia da batzuetan pazientzia gutxikoa izan naitekeela eta inpultsiboa.

Europan ikasi zenuen, Latino Amerikan hasi zen zure lan ibilbidea eta, orain, abentura gehiagoren bila zoaz, Afrikara. Nola ikusten duzu Etiopiako erronka hori?

Karrera Bilbon ikasi nuen eta urte bat egin nuen Londresen, Erasmus bekarekin. Gero, Global Training bekaz baliatuz, sei hilabetez aritu nintzen lanean Kolonbian eta beste hiru hilabetez, Perun.

Orain, Etiopiako UNICEFen egingo dut lan, Tigrayko bulegoan, Eritrearekiko mugan. Proiektu teknikari izateko hartu naute, urte beterako. Baina bigarren urtea luzatzeko aukera ere badut. Egia esan, gogoz ekingo diot etapa berri honi. Urduri nago, dena berria baita, orain arte egin dudanaz oso bestelakoa.

UNICEF Nazio Batuen organismo bat da eta errespetu handia sortzen dit. Badakit asko eskatuko didatela, baina uste dut gai izango naizela lana ongi egiteko. Erronka handi bat dut aurrean, pertsona eta lanbide ikuspegitik. Hautatu nindutela jakinarazi zidatenean, Perun nintzen oraindik. Bi egunen buruan nintzen Bilbora itzultzekoa, eta Etiopiako bulegotik eskatzen zidaten hilabeteko epean han egoteko. Emozio handiko unea izan zen, baina bertigo sentsazioa ere sortu zitzaidan, konturatzen bainintzen oso denbora gutxi egongo nintzela Bilbon. Nire asmoa zen Bilbon bizitzen jartzea, lana bilatzea eta nolabaiteko “egonkortasuna” edukitzea. Hala ere, uste dut aukera on bat azaltzen denean, aprobetxatu egin behar dela, arriskuak hartu eta trenari ihes egiten ez utzi.

Mundua ezagutzeko interes hori, zure belaunaldiko gazteen ezaugarri bat da edo Jon Abandoren berezko ezaugarria?

Nire ustez, jendeak beti izan du mundua ezagutzeko interesa, baina gure belaunaldiak aurrekoek baino erraztasun eta aukera askoz ere gehiago ditu batetik bestera joateko. Uste dut nire belaunaldiko jendea asko ari dela mugitzen, hainbat arrazoi dela eta: ikastea, beharra, jakin-mina, lan aukerak, etab.

Niri dagokidanez, arrazoi bat baino gehiago dago. Alde batetik, lan esparruan proiektu oso interesgarriak sortu izan zaizkit eta, bestetik, ezagutzeko eta esploratzeko jakin-mina eta beharra dut. Egia esan, orain dela urte batzuk ez nuen pentsatuko batetik bestera bidaiatzen arituko nintzatekeenik. Nire asmoa zen ikasketak amaitu, lana aurkitu eta Bilbon gelditzea. Baina bizitzak buelta asko ematen ditu eta inoiz ez dakizu nola bukatuko duzun.

Global Training bekei esker eman zenituen zure lan ibilbideko lehenengo urratsak, atzerrian. Hala ere, pertsona batzuek ez dute oso argi ikusten horrelako programetan parte hartzeak izan dezakeen balioa. Zein iritzi duzu zuk?

Zalantzarik gabe, Global Training bekak guztiz aldatu zituen nire lan aukerak eta etorkizuna. Blokeatuta nengoen eta uste nuen oso ongi prestatuta egonik ere, ez nuela lanik aurkituko. Horregatik, Global bekak dinamika hori apurtzen lagundu zidan. Bucaramangan (Kolonbian) aritu nintzen lanean, eskubide urraketa sufritzen zuten haurrentzako Fundazio batean, haurtzaroa babesteko programa baten baitan. Esperientzia ahantzezina izan zen, asko ikasi nuen, eta pertsona eta toki zoragarriak ezagutu nituen. Une zailak ere bizi izan nituen, baina hemendik joan ziren beste neska batzuen laguntzaz, zailtasunak gainditu ahal izan genituen.

Jendea animatu nahi dut programa hauetan parte hartzera: asko ikasten da norberaren buruari buruz eta guretzat guztiz ezezagunak diren beste errealitate batzuetara hurbiltzeko aukera ematen du. Gainera, lan aukera paregabea da. Etxetik, askotan ikuspegi oso itxia dugu eta ez gara konturatzen munduan gertatzen diren gauza guztiez.
Hala ere, badakit jende askok ez duela kanpora joan nahi izaten, hemen oso gustura dagoelako, interesik ez duelako edo, besterik gabe, hainbat arrazoi dela eta, ezin duelako. Zalantzarik gabe, iritzi horiek guztiak ere errespetagarriak dira.

Atzean gelditzen dira sakrifizio asko, familia, lagunak, hiria…, baina bizitzan, dena ez da lana. Nola gozatzen duzu zure denbora libreaz?

Denbora antolatzen trebea naiz eta uste dut denbora ateratzen dudala nahi ditudan gauzak egiteko eta neuretzako. Nire lehentasunetako bat lagunekin egotea da, izugarri gustatzen zait kalean egotea, batera eta bestera. Kirola egitea ere gustuko dut: korri egitea, igeri egitea, mendira joatea edo yoga egitea. Zinemazalea ere banaiz eta izugarri gustatzen zait irakurtzea. Denbora gordetzen dut, halaber, amamaren etxera bazkaltzera joateko.

Zein aholku emango zenieke psikologiako alumniei, espezializazioa amaituta, “eta, orain, zer?” galdera egiten ari diren horiei?

Galdera zaila iruditzen zait, Masterra amaitu ondoren, ez dakizu zer egin. Erraza egiten zait haien tokian jartzea, nik ere hori bizi izan nuen. Global beka amaituta Bilbora itzuli nintzenean, lana aurkituko nuela pentsatzen nuen. Baina itzulera zaila izan zen, errealitatea guztiz bestelakoa zen.Ez zitzaidan lanik ateratzen eta iruditzen zitzaidan nire inguruko guztiek zutela lana. Orduan, berriro ikasten hastea erabaki nuen, lan aukerak zabaltzeko. Ikasturte batez, familia bitartekotza eta gatazken ebazpena eta giza baliabideen kudeaketa ikasi nuen, hainbat gairi lotutako mintegiez eta ikastaroez gainera. Gero, Eusko Jaurlaritzako programa batean hautatu ninduten, eta hiru hilabetez joan nintzen Cuzcora (Peru), haurren etxe batean psikologo lanak egitera.

“Eta, orain zer” galderaren aurrean, gomendatzen dut prestakuntza jasotzen jarraitzea, prestakuntza gakoa baita. Eta asko mugitzea, aukerak ez baitira zure bidera ateratzen, baizik eta haien bila irten behar duzu.

Barne-barnetik

Amets egiteko hiri bat
Lisboa.
Liburu bat
Cometas en el cielo
Abesti bat
Requiem for a Dream filmeko abestia
Film bat
American Beauty
Aktore bat
Daniel Day-Lewis
Neure ezaugarri nagusia
Umore ona
Neure akatsik handiena
Pazientziarik ez edukitzea
Aisialdian gustuko dut
Lagunekin egotea
Urrezko ametsa
Etxean igerilekua edukitzea
Kirol gustukoena
Igeriketa
Janari gustukoena
Pasta